Seaskak salatu du ikasle gehiago izan arren ez diotela handitu irakasle kopurua

Irailetik aurrera 230 ikasle gehiago izango dituzte ikastolek, eta. 25 irakasle berri behar dituzte igoerari erantzuteko. Harremanak hautsi dituzte Hezkuntza Ministerioarekin, eta mobilizazioetara deitu dute

Gurasoak eta ikasleak, Seaskako ordezkariek atzo Sarako frontoian egindako agerraldian. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

Datorren ikasturtean oraingoan baino 230 ikasle gehiago izango dira Seaskaren ikastoletan. Baina egungo irakasle kopuru bera eduki beharko duela adierazi dio Frantziako Hezkuntza Ministerioak. «Egoera jasanezin horren aurrean, ikastolak alerta gorrian ipini dira», ohartarazi du Paxkal Indo Seaskako presidenteak. Agerraldia egin zuen atzo, Saran (Lapurdi). Kasu! Ikastola kexu! lelopean, dozenaka guraso eta ikasle bildu ziren frontoian, hiru helbururekin: egoera salatzea, Hezkuntza Ministerioarekin harremanak hautsi dituztela azaltzea eta mobilizazioetara deitzea. Maiatzaren 4an egingo dute handiena, ostiralarekin.

Abenduan hasi zituzten datorren ikasturtera begirako negoziazioak. Seaskarekin eta Hezkuntza Ministerioaren ordezkariekin batera, EEP Euskararen Erakunde Publikoko kideak ere eseri dira mahaian. Akitania Handiko Errektoretzak —Hezkuntza Ministerioak eskualdean duen egitura da— bigarren mailako postu berriak bere gain hartuko zituela adierazi zien Seaskako ordezkariei. Lehen mailetarako, berriz, 4,5 postu gehiago hitzeman zizkien Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako Akademia ikuskariak 2018ko irailerako. «Baina martxoko bilkuran, Akademia ikuskariak eta Errektoretzak adierazi digute heldu den sartzerako guretako zero postu dituztela, eta bilkurak eta negoziazioak bertan behera gelditu dira». Seaskaren kalkuluen arabera, 25 postu berri beharko lituzkete euren ikastola, lizeo eta kolegioen beharrizanei egoki erantzuteko.

Indok ohartarazi du egoera horrek Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hiru ikastolatik biri kalte egingo liekeela. Datuak eman ditu. Lehen mailetan 29 ikasleko taldeak izango lirateke, eta, lekuka, 50 ikasle ere bai. Lizeoan, 39 ikasleko taldeak edukiko lituzkete; kolegioetan, 36koak, 38koak, eta 47 ikaslekoak ere bai. «Ikastolak Laborantza Ministerioaren menpeko ezarri nahi ote dituzte, hezkuntza ordez hazkuntza intentsiboa egin dezagun?».

Hezkuntza egitura propioa

Ipar Euskal Herriko egoera Frantziakoarekin alderatu du Indok. «Ez dugu konprenitzen nolaz estatu osoan 32.000 ikasle gutxiago izan diren heldu den sartzean lehen mailan, eta memento berean 3.800 postu gehiago izanen diren. Eta memento berean guk 230 ikasle gehiago izanen ditugu, eta postu emendatzerik ez? Gure haurrak bigarren zonako herritarrak ote dira?». EEPren datuak dira: azken hamahiru urteetan ikastolen hazkundea %80koa izan da lehen mailetan, %80koa kolegioan eta %46koa lizeoan. Eskola pribatu eta publikoen hazkundea, berriz, %1ekoa eta %2koa izan da, hurrenez hurren. «Nola erantzun ikastolek bizi duten hazkunde horri zero postu gehiagorekin?», egin du gogoeta.

Hiru erakundeek hiru urterako hitzarmena dute, ikastolen garapena segurtatzeko. Baina Indok ohartarazi du azken hitzarmenetik ez dela betetzen. «Alta, joan den martxoaren 2an, Olivier Dugrip errektoreak prentsaren aitzinean argiki esan zuen Seaskarekin 2018-2020 eperako hitzarmena berritzeko asmorik ez zela».

Indok argi dauka: Ipar Euskal Herriak hezkuntza arloan ere egitura propioa behar du. «Hitzarmen bat baino gehiago, Akademia ikuskari propioa behar dugu, euskal hezkuntzaren beharrei erantzuteko». EEP, Euskal Elkargoa eta EPFL aipatu ditu, beste arlo batzuetako adibide modura. Hezkuntzaren alorrean ere beste horrenbeste egin behar dela azpimarratu du. Horregatik, hautetsiei dei egin die ardurak har ditzaten. Herri Urrats arte mobilizazio aro bat irekiko du Seaskak, tokian tokiko ekintzekin, eta horietan parte hartzera deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.