Iparragirreren egoera salatuko du IGBk, 48 orduko baraualdi bat eginez

Gaixorik dauden gainerako euskal presoen egoera ere salatuko du ekinaldian Iparra Galdu Baik taldeak. Donostiako Egia auzoko frantziskotarren elizan bilduko dira, eta parte hartzeko eskatu dute
Iparra Galdu Baik plataformako, Etxerat elkarteko eta LAB sindikatuko kideak, atzo Donostian egindako agerraldian.
Iparra Galdu Baik plataformako, Etxerat elkarteko eta LAB sindikatuko kideak, atzo Donostian egindako agerraldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Ander Perez Zala -

2016ko irailak 16
48 orduko baraualdia hasiko du gaur IGB Iparra Galdu Baik herri plataformak, Ibon Iparragirre larri gaixo dagoen euskal presoaren egoera salatzeko. Donostiako Egia auzoko frantziskotarren parrokian bilduko dira; parte hartzeko deia egin diete bai herritarrei eta bai eragileei. Ekinaldi horren bidez salatu egingo dute haren eta larri gaixo dauden beste euskal presoen egoera. Baraualdian, irteerak eta mobilizazio informatiboak egingo dituzte Donostian. Bukaera emateko, ekitaldi bat antolatuko dute datorren igandeko arratsaldeko bostetan, frantziskotarren parrokiaren aurrean. Han izango dira, haiez gain, presoen plataformetako ordezkariak: «Ekitaldi hau irekia da, eta interpelazioa jaso dutenei eta ez dutenei deitzen diegu parte hartzera».

Izan ere, IGBk «interpelazio eta atxikimendu» kanpaina berri bat jarri du martxan. Azken hamar egunotan dosier informatibo bat banatu die giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeei; baita sindikatuei eta alderdi politikoei ere. Kanpainak hilaren 30era arte jarraituko du. «Ekinaldian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, harremanak estutzeko aukera aproposa egongo baita», adierazi zuen atzo IGBko kide eta presoaren anaia Gotzon Iparragirre Burgoak, Donostian egindako agerraldian. Plataformak Etxerat elkartearen eta LAB sindikatuaren sostengua jaso du jada.

Herenegun jakin zen NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Goi Komisionatuaren torturaren aurkako batzordeak tramiterako onartu duela Iparragirreren aldeko kautelazko neurria.

«Gaixotasun sendaezina»

Atzoko agerraldian izan zen Joxe Mari Basterretxea neurologoa, euskal presoaren gaixotasunari buruzko informazioa emateko: «Ibonek hiesa dauka, C-3 fasean; hau da, gaixotasun sendaezina da, kronikoa. Gaixotasuna eta kartzela bateraezinak dira». Zehazki, Iparragirrek hauek pairatzen ditu: leukoentzefalopatia multifokal progresiboa, arazo kognitboak, hiesari lotutako dementzia probablea eta gertakari epileptikoak. Horrez gain, garuneko narriadura espezifikoak arreta falta eragiten dio: «Erantzun prozesuak bideratzeko zailtasunak ditu. Burmuina ukitua duenez, ikusmena oso erasanda dauka, eta ezin du irakurri».

Kritiko azaldu da presoaren anaia: «Argentinarrak izan dira Ibonen egoera salatu dutenak. Non daude hemengo erakunde eta alderdiak? Non dago ETB?». Harekin batera izan da presoaren ama Angelita Burgoa: «Sakabanaketak edozein presorentzat eta haren familia eta lagunentzat ohiko kalteak dakartza, baina Ibonen kasuan kaltea areagotu da».

«Urtarrileko gau batean, 00:40 aldera, bi funtzionario Ibonen ziegara joan ziren, analisiak egitera joan behar zuela esatera. Neguko hotzean, ilunpetan, ospitalera? Ibonek ez zuen onartu. Eta, uko egiteagatik, ez diote beste ordurik eman. Gogorrena da ospitalera joateari uko egiten ziola adierazten duen paper bat sinarazi ziotela», azaldu du Burgoak. Osakidetzaren «kontrolpetik at» geratu zen presoa.

Alcala-Mecoko (Alcala de Henares, Espainia) kartzelan dago Iparragirre: «30 hilabete hauetan, Ibon bost aldiz jipoitu dute; bi aldiz preso batzuek, eta hirutan funtzionarioek».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna