Poloniako Gorenaren erreforma gelditzea lortu dute protestek

Parlamentuak eta senatuak onartutako hiru erreformetatik bi bota ditu atzera Andrzej Duda presidenteak. Oposizioak begi onez hartu du erabakia, baina ez dela «nahikoa» adierazi du

Bi polizia eta hainbat manifestari erreformen aurkako protesta batean, Varsovian. TOMASZ GZELL / EFE.
2017ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Poloniako presidente Andrzej Dudak atzo jakinarazi zuenez, betoa jarriko die Auzitegi Gorenarenerreformei. Telebistan egindako agerraldian, erreforma baten beharra dagoela adierazi zuen, baina ez «honen moduko bat». «Lege honek ez du justizia ulertzeko modua indartzen Poloniako gizartearen artean. Justiziaren erreforma beharrezkoa da, baina ezin ditu zatitu gizartea eta herrialdea; gehiengoak onartu behar du».

Legea eta Justizia gobernuko alderdiak sustatutako lege proposamena, berriz, onartu egin zuen Poloniako Parlamentuak joan den ostegunean, eta senatuak, larunbatean. Hortaz, presidentearen baiezkoa soilik behar zuen lege bihurtzeko, baina parlamentura itzuliko da. Hiru dira onartutako lege proposamenak, baina biri baino ez die jarri betoa presidenteak: lehenengoak Auzitegi Goreneko epaile guztiak kargua uztera behartzen ditu, eta Justizia ministroari epaileak aukeratzeko boterea eman; bigarrenak politikoei ematen die Gorenaren gaineko kontrola. Dudak parlamentariei eskatu die erreforma aldatzeko, gizartearen gehiengoak onar dezan.

Oposizioko Herritarren Plataforma alderdiak begi onez hartu du albistea, baina ez dela «nahikoa» esan dio presidenteari. Katarzyna Lubnauer Nowoczesna (Modernoa) alderdi liberaleko bozeramailea ere iritzi berekoa da. «Presidentearen erabakiak Polonia amildegitik urruntzen du, eta oraingoz, demokraziarik, botere banaketarik eta auzitegien independentziarik gabeko estatu bat izatea galarazten du». Lubnauerrek manifestariei «zorionak» eman dizkie egindako ahaleginarengatik. «Jendeak, eta batez ere gazteek, erakutsi dute posibledela gobernuak auzitegiak bereganatzeko zuen asmoa galaraztea, eta estatua hondatu nahi dutenen erabakiak geldiaraztea», esan die bozeramaileak. Erreformak oposizioaren zati handi bat elkartu du, eta hainbat egunetako protestak egin dira Poloniako hiri nagusietan: Poznanen, Lublinen, Krakovian, Gdansken eta Varsovian.

Lehenengo aldia da Dudak Gobernutik datorren erabaki bat publikoki atzera botatzen duena. Askoren iritziz, Duda Jaroslaw Kaczynski Legea eta Justizia alderdiaren buruzagi eta Poloniako lehen ministro ohiaren agindupean dago, herrialdean benetan agintzen duena. Lech Walesa Poloniako presidente ohiak, berriz, babesa eman dio Dudari: «Erabaki zaila eta adoretsua da. Badirudi benetako presidentearen itxura hartzen ari dela Duda». Hala ere, betoa eszeptizismoz hartu dute zenbait kazetarik, eta adierazi dute ez dakitela bere agintea aldarrikatzeko saio bat izan den, edo protestak baretzeko ahalegina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.