EAEko udal eta foru instituzioetako 30.000 langile, lanuzteetara deituta

ELA eta LAB sindikatuek lau orduko lanuzteak antolatu dituzte otsailaren 28rako 251 udaletan eta hiru foru aldundietan. Behin-behinekotasun tasa %36tik %6ra jaisteko eskatu dute, besteak beste

ELAko eta LABeko ordezkariak otsailaren 28ko lanuztearen xehetasunak azaltzen, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
Donostia
2018ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 251 udaletako eta hiru foru administrazioetako 30.000 inguru langile deitu dituzte lanuzte partzialak egitera otsailaren 28an. ELA eta LAB dira antolatzaileak, eta lau orduko lanuzteak egingo dituzte: goizeko txandan, 11:00etatik 15:00etara; arratsaldekoan, berriz, 15:00etatik 19:00etara. Egun berean, mobilizazioak egingo dituzte hiru hiriburuetan eta zenbait eskualdetako buruetan. Lanuzterako arrazoiak bi sindikatuek joan den abenduan iragarritako berberak dira: «Azken urteotan lanpostu asko galdu dira; egin diren kontratuak behin-behinekoak dira; zerbitzu asko pribatizatu dira, horien kalitatea eta langileen lan baldintzak nabarmen okertuz; eta erosteko ahalmen handia galdu dute langileek».

Joan den abenduan egin zituzten mobilizazioak hiru foru aldundietan, eta orain pauso bat gehiago ematea erabaki dute. «Tamalez, gauzak ez dira aldatu», azaldu du Ekaitz Oianguren ELAko tokiko eta foru administrazioko arduradunak. «Alderdiek ez diete erantzunik eman gure aldarrikapenei, ez dute esan Eudelen jarrerarekin bat datozen edo kudeatzen dituzten erakundeetan Udalhitz hitzarmena betetzeko asmorik daukaten».

Udalhitz 2008an Eudelek hiru sindikaturekin —ELA, CCOO eta UGT— sinatutako protokoloa da, EAEko tokiko instituzioetako lan harremanei buruzkoa. Protokoloaren arabera, erakundeotan behin-behinekotasunak ezingo du %6ko kopurua gainditu.

Adostutakoa ez dela betetzen ari salatu dute. «Eudelek berak onartzen duenez, behin-behinekotasuna %36tik gorakoa da, eta langileok ikusi dugu nola gure erosteko ahalmena %10 baino gehiago murriztu den», esplikatu du Jokin Zubiate LABeko tokiko eta foru administrazioko arduradunak.

Aurrerago grebaren bat egiteko aukerari dagokionez, azaldu dute lanuzteok «lehen pausoa» direla euren aldarrikapenak gauzatu ahal izateko. Bi sindikatuek gehiengoa daukate EAEko udal eta foru administrazioetan: %55 inguruko ordezkaritza dauka ELAk eta %25 ingurukoa LABek. Zehaztu dutenez, negoziazio mahaietan dauden edukiek «ez dituzte batere asetzen aldarrikapenak».

Zerbitzu publikoetan «pribatizazioak gelditu» nahi dituzte. «Pribatizaturiko zerbitzuetan langileen lan baldintzak duindu eta klausula sozialak landu nahi ditugu». Halaber, galdutako enplegua berreskuratzeko eskatu dute. Lanpostuak egonkortzea eta sortzea ere proposatu dute, eta langile batzordeen gehiengoarekin adostutako lan eskaintza publikoak deituta. Bestetik, negoziazio kolektiboaren eskubidea berreskuratzea dute helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.