Al-Malikik amore eman du

Irakeko jarduneko lehen ministroak telebistan emandako hitzaldi batean adierazi du herrialdea gidatzeko hautagaitza bertan behera utziko duela, «herrialdearen batasuna» bermatze aldera
Bagdaden Al-Malikiren alde eginiko manifestazioa, herenegun.
Bagdaden Al-Malikiren alde eginiko manifestazioa, herenegun. MICHEL REIMON / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 15
Nuri al-Maliki Irakeko jarduneko lehen ministroak amore eman du, eta herrialdea gidatzeko hautagaitza bertan behera utzi du. Presioei men egin die, eta ez dio hirugarren legealdi bati helduko. Telebistan emandako hitzaldian esan du Haider al-Abadiren hautagaitza babestuko duela. «Nire hautagaitza bertan behera utzi dut Iraken batasuna eta egonkortasuna bermatze aldera». Gero eta bakartuagoa zegoen 2006. urtetik Irakeko lehen ministroa izandakoa. Azken asteetan botereari eusten saiatu da, baina hark gidatzen duen xiiten koalizioak bizkarra ematean jasangaitza bihurtu da haren egoera: Haider al-Abadi alderdikidea proposatu dute lehen ministro izateko. Al-Malikiren politika baztertzaileak jo dituzte askok herrialdeak bizi duen gatazkaren erantzule.

Herrialdea krisi bete-betean dagoela eman du amore Al-Malikik. Alarma gorria piztu du NBE Nazio Batuen Erakundeak: larrialdi maila gorena ezarri du Iraken. Estatu Islamikoa muturreko talde islamistaren hedapenak krisi humanitario batean hondoratu du herrialdea. Soilik Siriak, Hego Sudanek eta Afrika Erdiko Errepublikak dute larrialdi maila hori. «Larrialdiko 3. maila ezartzeak baliabideak, elikagaiak, ura eta funtsak mobilizatzen erraztuko digu, iheslarien beharrei hobeto erantzuteko», azaldu du Nikolai Mladenov NBEren mandatariak. Erakundeak dio bi milioi iheslari daudela herrialdean. Kurdistango Eskualde Autonomoko Duhok probintziara 400.000 iheslari iritsi dira.

«Sinjar mendiko islamisten setioa hautsi dugu», jakinarazi du Barack Obama AEBetako presidenteak. Halere, jihadisten aurkako aire erasoekin jarraituko du armadak. Halaber, presidenteak esan du ez dituztela erreskatatuko Sinjar mendiko iheslariak, ez delako beharrezkoa. «Litekeena da hegazkinen bidezko giza laguntzaren banaketa ere etetea».

AEBetako armadako misio bat Sinjar mendian izan ondotik egin ditu adierazpenok Obamak. John Kirby Pentagonoko bozeramailearen arabera, haien egoera «aurreikusitakoa baino hobea» da. Harrapatutako jezidien eta kristauen egonezina arindu dute AEBetako eta Erresuma Batuko hegazkinek jaurtitako giza laguntzak, matxino suniten aurkako aire erasoek eta iheslariak menditik ateratzeko peshmerga kurduen ahaleginek. Washingtonek dio 4.000 pertsona inguru daudela oraindik mendian.

Joan den astean hasi zen Irak iparraldeko gutxiengoen sufrikarioa, jihadistek kurduen esku zegoen Sinjar hiria hartu zutenean. Sinjar mendira ihes egin zuten aterpe bila milaka eta milaka jezidik eta kristauk.

Frontea zabaltzeko asmoak

Estatu Islamikoak Qara Tappa herrian bildu ditu borrokalariak, Bagdadetik 122 kilometro iparraldera, Irakeko segurtasun iturrien arabera. Peshmergen aurkako borroka frontea zabaldu nahi dutela iradoki dute iturri horiek. Bestalde, salatu dute jihadistek Saddam Husseinek 1990eko hamarkadan eraikitako tunelak erabiltzen dituztela tropak eta armak Bagdad hegoaldera mugitzeko. Matxinoen eta armadaren borroketan, Bagdad mendebaldean, lau haur hil dituzte.

Falluja hiriko borroketan, berriz, beste lau haur eta hamar jihadista hil dituzte, hiriko ospitaleko zuzendariaren arabera. Falluja iragan urtarriletik dago islamisten menpe. Islamistek Al-Anbar probintziaren zati handi bat hartu zuten orduan.

Al-Anbar probintziako gobernadore Khalaf al-Dulaimik AEBei laguntza eskatu die Estatu Islamikoaren eta beste muturreko milizien aurka egiteko. «Egunik ez dugu zehaztu, baina laster AEBen presentzia izango dugu Irak mendebaldean». Al-Anbar probintzian esku hartzea Irak iparraldean baino nabarmen konplexuagoa izan daiteke. Irakeko suniten gotorlekua da Al-Anbar. Okupazioaren bitartean, AEBen aurkako sentimendu indartsua zabaldu zen inguruan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna