Motor elektrikoa gurpiletan jartzeko euskal teknologiak abiadura hartu du

Tecnaliak eta AICk auto elektrikoetan espazio handia libre uzten duen metodoa garatu dute Europako Eunice proiektuaren barruan.Fabrikatzaile handienetako batek interesa azaldu du jadanik

Mikel Lorente AICko zuzendari teknikoa eta Alberto Peña Tecnalia autogintza arloko zuzendaria atzo, Zornotzako erakustaldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Zornotza
2015eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Autoa martxan jarri arte, bazen halako urduritasun giroa, baina, azkenean, motor elektrikoak aurreko gurpiletan zeramatzan autoak hainbat joan-etorri egin zituen atzo Zornotzako AIC zentroan. 2012an Jose Manuel Durao Barroso EBko presidentearen aurrean martxan jarri ezin izan zuen beste euskal auto elektriko baten (Hiriko) oroitzapenak uxatu ziren, beraz. Teknologia berriak ongi funtzionatzen du, eta Europako Eunice proiektuan parte hartu duten partner-ak gustura daude lorpenarekin, tartean Tecnalia eta AIC bera. Ibilgailu elektrikoaren industrian «aurrerapauso nabarmena» izan daitekeena aurkeztu zuten atzo: motorra gurpiletan daraman teknologia.

Non dago euskal teknologia honen abantaila? Oinarrian, ibilgailuan libre uzten duen espazioan. Gaur egun, auto elektrikoak ohiko motorrek erabiltzen duten espazioa bera baliatzen dute motor elektrikoa jartzeko, eta, horrekin batera, motor elektrikoaren abantailarik handienetakoa galtzen da: potentzia dentsitate handia. Hau da, motor elektrikoak potentzia handia eskaintzen du oso espazio txikian. Halako ezaugarria euren alde jarri dute Eunice proiektuan parte hartu duten hamahiru bazkideek, motorra autoaren gurpiletara eramateko. Horrek ahalbidetzen du espazio handia libre uztea beste edozein beharretarako.

Alegia, bat-batean pentsa daiteke maletategi handiagoa izateko balio duela teknologia berriak, baina, hortik harago, aukera handiak zabaltzen ditu bigarren belaunaldiko auto elektriko berriak diseinatzean. Aurrealdean edo atzealdean bateriak jar daitezke, haiek ere beren espazioa behar dutelako, eta, hala ere, espazioa geratzen da sektoreko fabrikatzaileek euren diseinuak hobetzeko, eraginkorrago egiteko.

Batetik, motorra-gurpilean sistema egungo diseinuetara egokitu daiteke (erregai motorreko modelo askoren egokitzapen elektrikoetara), eta, bestetik, tresna baliagarria eskaintzen du modelo ausartagoak asmatzeko. Hala azaldu zuen atzo Alberto Peñak, Tecnaliako atal teknologikoaren arduradun eta proiektuko koordinatzaileak.

Merkatuan sartu nahi

AIC eta Tecnaliak euren bazkideekin batera patentatutako sistema ezagutarazten hasiak dira sektorean. «Autogintzaren fabrikatzaile handienetako batek ezagutu berri du, eta feed-back oso ona egon da». Peñaren esanen arabera, motorra-gurpilean sistema hiru-lau urte barru egon daiteke merkatuan. 2020rako bigarren belaunaldiko auto elektrikoak espero dira, eta orain arteko diseinua apurtuko duten modelo horietan «tresna garrantzitsua» izan daiteke Zornotzan aurkeztutako metodoa.

Espazioan eta, ondorioz, diseinuan eragiten duen teknologiak abantaila tekniko gehiago ditu, gainera. Gurpil bakoitzean eragiteko aukera zabaltzen du, eta autoaren martxa eraginkorrago eta seguruago bihurtzen. Eta aurretik esanda doa: motor horrek ez du sortzen gas kutsagarrien isuririk; zero isurikoa da.

AICk eta Tecnaliak bultzatu duten teknologiak tokia bilatu beharko du urrezko garaia oraindik oso urrun duen merkatuan. Auto elektrikoa badabil, baina oso poliki, oztopo gehiegirekin, gasolina eta gasolio motorrekin alderatuta. 2013an, Eusko Jaurlaritzak asmo handiko helburu bat jarri zuen: 2020. urterako euskal errepideetan 40.000 ibilgailu elektrikotik gora izatea espero zuen, eta 7.000-13.000 kargalekuko sarea izatea. Orain arteko joerak eta azken datuek ezinezko bihurtzen dute asmo hori. EEE Energiaren Euskal Erakundearen kalkuluen arabera, gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 450 eta 500 ibilgailu elektriko artean dabiltza errepideetan. Gutxiegi, espero zen salto erraldoia egiteko.

665.000 mundu osoan

Bestela, herrialdeen artean aldeak badaude, baina oraindik inon ez du arrakasta handirik izan bateria elektrikodun autoak. Planetako ibilgailuen %0,08 baino ez dira: 665.000 auto elektriko daude mundu osoan. Europan, iaz 75.331 auto elektriko saldu ziren —2013an baino 20.200 gehiago—, merkatu osoaren %0,60. Norvegia da, alde handiarekin, auto elektriko gehien erabiltzen duen herrialdea: iaz saldutako autoen %13,7 izan ziren elektrikoak. Bigarren postuan Herbehereak daude, baina urrunago, auto salmenten %3,3rekin. Frantzian (%0,70) eta Espainian (%0,16), berriz, askoz apalagoak dira salmentak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.