Arabako Errioxan ardo sor-marka berri bati bidea ireki diote upategiek

Babestutako produkzio eremua martxan jartzeko dokumentazioa aurkeztu diote dagoeneko Eusko Jaurlaritzari. 'Arabako mahastiak' izena hartu nahi du markak, Errioxari aipamenik egin gabe

Ivan Santamaria -

2016ko uztailak 22
Aro berri bati ekin, eta Arabako Errioxako ardoarentzat babestutako sor-marka berri bat martxan jartzea erabaki dute eskualdeko 40 upategik baino gehiagok. Errioxako ardoa kontrolatzen duen kontseiluaren zurruntasunarekin aspaldi zegoen gogaituta sektoreko parte bat, eta, azkenean, sor-marka utzi nahi dutenentzako beste bide bat eskaintzeko urratsa egin dute, Arabako mahastiak izenarekin. Bi sor-markatan aritzea ezinezkoa denez, ardoa non ekoiztuko duten erabaki beharko dute ardogileek.

Krisi ekonomikoak eta ardogintzaren aldaketek kolokan jarri dute Araba hegoaldeko eredua. Erronka berriei erantzuteko beharrak ireki zuen berriro sektorean eztabaida, orain dela urtebete baino gehiago. Artadi upategiko buruak, Juan Carlos Lopez de Lacallek, txinparta piztu zuen, Errioxako sor-markatik alde egin eta ardoa bere kabuz merkaturatzea deliberatu baitzuen.

«Gehiago ezin egin zitekeen puntu batera iritsi dira batzuk», azaldu du Ines Baigorri ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko zuzendariak. Errioxako sor-markaren barruan, Araban egindako ardoa indartzeko saiakera batzuk egin izan dituzte, baina kontseiluaren ezezko borobila jaso dute. Arabakoa azpimarka bat dela onartua du kontseiluak, baina aukera urriak eskaintzen ditu bide propio bat garatzeko.

Bi eredu daude aurrez aurre Errioxan. Batetik, upategi handiak daude —horietako batzuk, Arabakoak—, mahasti propioak dituztenak eta inguruko nekazariei mahatsa erosten dietenak. Bestetik, ekoizle txikiak daude, inguru hurbilari oso lotuta daudenak. Horietatik askok segitzen dute Araban. Sor-marka geroz eta handiago batean, ekoizle txiki horiek deseroso dabiltza, euren produktua bereizteko aukerarik gabe. Mahastiak landatzeko eskubideak liberalizatzeko Europak duen asmoa azken kolpea izan liteke eredu tradizionalarentzat.

Kezkak ikusita, erabakia elkartearen barruan bideratzea erabaki zuen ABRAk. Bitartekari lana egin dutela zehaztu du Baigorrik. Hots, berdin jarraituko dutela lanean sor-marka berria aukeratzen dutenekin nahiz Errioxan jarraitu nahi dutenekin. ABRAn 120 upategi daude, eta horietatik heren bat inguruk babestu dute sor-marka berria eskatzea.

Aukera guztiak «zilegi» direla azpimarratu du Baigorrik, kontuan hartuta borondatezkoa dela sor-marka batean egotea eta kontseilu arau-jartzaile baten arauak betetzea. «Sor-marka berria ez doa inoren aurka. Errespetua diogu Errioxari, eta gustatuko litzaiguke gauzak elkarrekin egin ahal izatea», azaldu du.

Babestutako esparru berrian parte hartzeko aukera sektore guztiari irekiko zaio. Produktua bereizi nahi duten ekoizleentzat da. Sor-marka berriaren helburua «ustiapenen etorkizuna bermatzeko alternatiba» izatea da, «historia errespetatuz eta mahastiari dagokion balioa emanez», azaldu du ABRAk.

Prozesua martxan da

Prozesu burokratikoa hasi da dagoeneko. Eskaera tramitatzeko dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzaren eskuetan utzi dute uztailean. Trabarik ez badago, eta Arabako Foru Aldundiaren iritzia jaso ondoren, datozen egunotan Nekazaritza Sailak aldizkari ofizialean argitaratuko du sor-marka berria. Erkidego bakar batean ariko denez, Jaurlaritzak du eskumen osoa. Bi hilabeteko epea legoke ondoren alegazioak aurkezteko. Egon daitezkeen kexak aztertu beharko ditu departamentuak, eta erantzun bat eman.

Tramite horiek gaindituta, sor-marka berriaren onarpena Espainiako Nekazaritza Ministerioari bidali behar zaio. Kasu horretan, mezulari lana baino ez dagokio ministerioari, haren egitekoa baita eskaera Europako Batzordeari igortzea. Araban ekoiztutako ardoa babesteko proposamena justifikatuta dagoen edo ez epaitu beharko du Bruselak. «Zergatik merezi duen marka hori bereiztea argitu behar zaio Europari. Hemen dauden ezaugarriekin, paisaian edo ekoizpen ereduan, ez dut uste traba handirik egongo denik justifikazioaren inguruan», argudiatu du Baigorrik.

Bruselaren bedeinkapena jasota, sor-marka lanean hasteko bidea irekiko litzateke. Zenbat iraun dezake prozesuak? «Ondo bidean, sei hilabete izan litezke», dio Baigorrik. Beste iturri batzuek prozesu luze eta korapilatsu bat aurreikusi dute, urtebetetik gora iraun dezakeena.

Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiak, EAJk, EH Bilduk eta, neurri bateraino, PSE-EEk babes politikoa eman izan diote Arabako Errioxan egindako ardoa bereizteko ahaleginari, baina orain arte Errioxa markaren barruan irudikatu da etorkizuna. Arabako mahastiak sor-markaren bidez bestelako antolakuntza baterako lehen pausoa eman da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna