Mossoek hil egin dute Bartzelonako atentatuaren egiletzat jo duten gizona

Younes Abouyaaqoub tiroz hil dute Kataluniako hiriburutik 50 kilometrora; lehergailu faltsuz egindako gerrikoa zeraman. Pau Perezen hiltzailetzat ere jo dute, iheserako lapurtu zuen autoaren jabearena

Kataluniako musulmanen elkarteek deitutako elkarretaratzea, Bartzelonako Katalunia plazan, atzo. ANDREU DALMAU / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Denbora beharko dute polizien ikertzaileek froga guztiekin puzzlea osatzeko, eta horregatik ez dute itxitzat jo operazioa, baina joan den asteazkenean Tarragonako Alcanar herrian hasitako gertaera sortari amaiera eman zioten atzo mossoek, Younes Abouyaaqoub harrapatu eta hil ostean, ustez hamabi kidek osatzen zuten taldean ihesean zebilen azkena. Ordu batzuk lehenago baieztatu zuten poliziek ostegunean Rambletan hamahiru pertsona hil eta ehundik gora zauritu zituen furgoneta gidaria zela. Atentatuaren egiletzat jo, haren irudia zabaldu, eta herritarrei kolaboratzeko eskatu zieten.

Hain zuzen, Sant Sadurni d'Anoiako bizilagun batek ikusi zuen Abouyaaqouben argazkiaren traza hartzen zion gazte bat. Josep Lluis Trapero mossoen buruak eman zituen xehetasunak: etxe batzuetara gerturatzen ikusi zuen bizilagunak, eta nora zihoan galdetu zion. Mahasti batzuetara alde egin zuela-eta erabaki zuen badaezpada mossoei deitzea, ikusitakoaren berri emateko. Mossoek deia jaso aurretik ikusi zuten mahastietan ezkutatzen saiatzen ari zela. Patruila bat gerturatu zen hara, eta gerrikoa erakutsi zien Abouyaaqoubek, ustez lehergailuz beteta. Une horretan hil zuten, Subiratsen. Tedax lehergailuak indargabetzeko teknikari espezialistek kendu zioten gerrikoa, hildakoa identifikatu aurretik, lehertzeko arriskurik ez zutela baieztatzeko. Faltsuak ziren.

Lau egun desagerturik

Abouyaaqoubek lau egun egin ditu ihesean, ostegunean 18:30ean pista galdu ziotenetik.Poliziek atzo eman zuten atentatua egin zuenetik desagertu zen arte egindako ibilbidearen berri:Pelai kaletik sartu eta abiadura bizian 600 metro sigi-saga egin ondoren, Liceuren ondoan furgoneta geratu eta ihesean atera zen. Zer gertatu zen jakin gabe izututa korrika zihoan jendearen artera sartu zen, eta Boqueria merkatua zeharkatu zuen, atzealdetik ateraz. Handik Ravaleko kaleetara abiatu zen, arin, baina arreta piztu gabe. Bartzelona osoa zeharkatu zuen, Unibertsitateko eremuraino.

Ordu eta erdi igaro zuen gutxi gorabehera bide hori egiten, eta hantxe lapurtu zion autoa Pau Perezi, autoa aparkatu ohi zuen parkinean. Perez labankada baten ondorioz odolustu eta hil zela esan dute mossoek, baina ikertzeko dagoela Abouyaaqoubek hiltzeko unean zeramatzan arma zurietako bat zen.

Abouyaaqoubek autoa hartu,eta Perezen gorpua barruan zeramala abiatu zen, baina ordurako Jaula operazioa martxan zuten poliziek, Bartzelona inguratuta zeuzkaten 800 bat kontrolen operazioa, eta kontrol batekin egin zuen topo. Han geratu ez, eta polizia bat harrapatu zuen; beste polizia batek hainbat tiro egin zizkion, eta erasotzailea Sant Just Desverneraino heldu zen. Autoa abandonatu, eta han galdu zuten haren arrastoa, atzo arte.

Pau Perez erasotzaileek hil duten hamabosgarrena da. Beste pertsona bat hil zuten Cambrilsen, ostiral goizaldean ustez Abouyaaqouben taldekoa zen beste kide batek, Audian zihoazen bost gaztek kontrol bat saltatu eta mosso bat zauritu zutenean. Zaurituarekin zegoen beste mosso batek lau ekintzaile hil zituen autoak kontrola galdu eta irauli zenean, eta tiroketa hartatik atera zen bosgarrenak emakume bat hil zuen ihesaldian, bidera atera zitzaionean. Hura ere hil zuten kaleko jantzitako poliziek.

Imamaren arrastoa

Younes Abouyaaquoub Ripollen bizi zen, Abdelaki es Satty imamak gidatzen zuen meskitaren herrian. Hain zuzen, Alcanarren aurkitutako gorpuzki batzuk imamarenak direla baieztatu du Traperok; etxe horretan aurkitutako beste gorpuzkiak norenak diren ez dute argitu oraindik; ikerketa amaitu gabe dute. Es Satty jotzen dute ustez hamabi kidek osatutako taldearen buru. Imama Alcanarko etxean kokatu dute leherketa gertatu zen gauean, eta gertatutakoa baino askoz larriagoa izan zitekeen erasoa prestatzen ari zirela haren aginduetara; Alcanarren aurkitutako gas bonbonekin atentatua pretatzen «hilabeteak» zeramatzaten, mossoen ustez, baina manipulazio lanetan zirela lehertu zitzaizkiela, eta ondorioz, Bartzelonakoa eta Cambrilsekoa inprobisatu zituztela.

Cambrilsen mossoek hildako bost erasotzailez gain, gutxienez beste bi kide daude Alcanarko gorpuzkien artean, eta Younes Abouyaaquoubekin zortzi dira hildakoak. Beste lau pertsona daude atxilotuak, horietako bat Moussa Oukabirren anaia Driss. Hura jo zuten hasieran, atentatuaren egunean, Bartzelonako furgonetaren gidaritzat, haren dokumentuak han agertu zirelako, baina gerora esan zuten anaia Moussak bere dokumentuak erabiliz alokatu zuela furgoneta, adingabea zenez, eta hura izan zitekeela erasotzailea. Ordea, ordu batzuk barru, Cambrilsen mossoek hildakoetako bat izan zela argitu zutenean jarri zituzten begiak Younes Abouyaaqoubengan.

Driss Oukabirrek bere burua aurkeztu zuen komisarian, esanez bere dokumentuak lapurtu zizkiotela eta ez zuela zerikusirik gertatutakoarekin. Bere argazkia komunikabideetan ikusi zuenean erabaki zuen komisariara joatea. Han atxilotu egin zuten, eta atzora arte Ripollen izan zuten atxilo. Atzo, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman zuten deklaratzera, eta gaur goizean deklaratuko du 09:00etatik aurrera, beste hiru atxilotuekin batera.

Bien bitartean, hildakoak agurtzen jarraitzeko eguna izan zen atzokoa, eta Kataluniako musulmanen elkarteek ere elkarretaratzea egin zuten gertatutakoa gaitzesteko. Zaurituetatik 48 pertsonak oraindik ospitalean jarraitzen dute, eta haietako zortzi egoera kritikoan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.