Hitzemandakoaren aurka, soldaduak bidaliko ditu Afganistanera Trumpek

AEBetako presidenteak esan du baldintza egokiak izango balira talibanekin akordio politiko bat lor litekeela. Talibanek erantzun diote, ordea, Afganistan «kanposantu amerikarra» izango dela

AEBetako hainbat soldadu, Trumpek soldaduak Afganistanera bidaliko dituela jakinarazi zuen hitzaldian, astelehenean, Fort Myerren (Virginia). MARK WILSON / EFE.
2017ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
«Nire hasierako senak esaten zidan Afganistandik ateratzeko, eta nik, historikoki, nire senak esaten zidana egin izan dut, baina beti entzun dut behin Etxe Zurian zaudenean hartzen diren erabakiak oso bestelakoak direla». Horrela hasi zuen Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Afganistanera soldadu gehiago bidaliko dituela azaltzeko hitzaldia, herenegun gauean; hau da, bere burua zurituz. Izan ere, 2001ean Afganistanen gerra hasi zenetik, AEBentzako «diru galtze izugarria» izan dela adierazi zuen, eta gogor kritikatu zituen George W. Bush eta Barack Obama presidente ohiak afera horregatik. Presidenteak azaldu zuen Pentagonoko hainbat adituk jakinarazi ziotela azkeneko urteetan talibanak gero eta lurralde gehiago bereganatzen ari zirela Afganistanen, eta «beharrezkoa» zela esku hartze militarrari berriro ekitea. Hitzaldian adierazi zuen «erretreta azkar batek» hutsune bat utziko lukeela herrialdean, eta hutsune hori EI Estatu Islamikoak edota Al-Qaedak hartuko luketela.

Trumpek, ordea, ez zuen zehaztu nahi izan zenbat izango diren bidaliko dituen soldaduak, ezta zenbat denbora egongo diren bertan ere: «Ez dugu hitz egingo soldadu kopuruez edota ekintza militarrez, etsaia horretaz jabetzen bada guretzat kaltegarria litzateke eta». Hala ere, AEBetako hainbat hedabidek jakinarazi dute 4.000 soldadu inguru izango direla. Gaur egun, 8.400 soldadu daude Afganistanen. Helburuen nondik norakoaz hitz egitean, presidenteak adierazi zuen ez doazela nazioak «amerikar edo antzeko herrialdeen erara eraikitzera», baizik eta «terroristak» hiltzera: «Garai horiek iragan ziren. Ulertzen dut gure herritarren frustrazioa, hainbat urtez diru eta energia mordoa xahutu dugulako, eta garrantzitsuagoa dena: soldadu amerikar asko hil direla urruti dauden herrialdeak eraikitzeko saiakeretan». Trumpek nabarmendu zuen soldaduen erretreta ez duela «data jakin batek» baldintzatuko, «baldintza egokiek baizik».

Bestalde, James Mattis AEBetako Defentsa idazkaria NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko hainbat aliaturekin harremanetan jarri da, erakundearen presentzia militarra areagotzeko.

Ashraf Ghani Afganistango presidenteak eskertu egin dio Trumpi «terrorismoaren» aurkako borrokara batzea. Hala ere, Afganistango Gobernuari eta armadari talibanen aurkako borrokan lagunduko diela baieztatu arren, AEBetako presidenteakadierazi du laguntza hori ez dela «txeke zuri» bat: «Afganistango Gobernuak dagozkion zama militarrak, politikoak eta ekonomikoak bere gain hartu behar ditu. Estatu Batuetako herritarrek benetako erreformak, aurrerapenak eta emaitzak ikusi nahi dituzte. Gure pazientziak muga bat du». Aldi berean, ez du baztertu talibanekin akordio politiko bat lortzea, baldintza «egokiak» baleude. Rex Tillerson Estatu idazkariak presidentearen esanak berretsi zituen: «AEBak prest daude Afganistango Gobernuaren eta talibanen arteko bakerako elkarrizketak babesteko». Ez dirudi, ordea, talibanek akordiorik nahi dutenik: «Soldaduek alde egin ezean, Afganistan kanposantu amerikar bat bilakatuko da».

Horrez gain, Trump Pakistani eta Indiari ere mintzatu zaie. Pakistani «terroristei» babesa ematea leporatu die, eta bide horretatik jarraitzen badu «galtzeko asko» duela. Indiari, berriz, beste «paper» bat jokatzeko eskatu dio, eta AEBei Afganistanen ekonomikoki laguntzeko. Hainbat analistek, ordea, azpimarratu dute Indiak presentzia handiagoa izateak Pakistanek jarrera ez aldatzea ekar dezakeela, bi herrialdeen arteko liskarrak direla eta.

Hamasei urteko gerra

Afganistango gerra 2001eko urriaren 7an hasi zen, Askatasun Iraunkorra operazioan, AEBetako eta Erresuma Batuko armadak herrialdean sartzean, hura inbaditu eta okupatzeko. Inbasioaren arrazoia 2001eko irailaren 11ko atentatua izan zen —bi hegazkinek New Yorkeko Dorre Bikiak jo zituzten—. Atentatu hori Al-Qaeda taldeak hartu zuen bere gain, eta garai hartan Osama Bin Laden zen taldeko buru. Orduko Afganistango Emirerri Islamikoak babespean zuen Bin Laden. Okupazioaren helburuak argiak ziren: Bin Laden aurkitu eta epaitu, eta gobernu talibana boteretik kendu. AEBen gidaritzapeko koalizioak 2001eko azaroaren 12an kendu zituen boteretik talibanak, baina horrek talibanen matxinada ekarri zuen. Azaroaren 13an talibanak eta Al-Qaeda batu ziren koalizioari aurre egiteko. 2011. urtean hil zuten Bin Laden AEBetako soldaduek, Pakistanen. 2014ko abenduan eman zuen bukatutzat NATOren egitekoa Obamak, baina talibanek lur asko bereganatu dituzte ordutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.