Errefuxiatuak

Europak bere mugetatik urrundu nahi du errefuxiatuen uholdea

Iheslarien asilo eskaerak Nigerren eta Txaden egitea eskatu du Emmanuel Macronek. UNCHRek gainbegiratuko du identifikazio prozesua. Migratzaileek «alferrikako arriskuak» ez hartzea du asmo

Zenbait polizia, iheslari batzuen bueltan, 2015eko urrian, Tripolin (Libia). EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Bere modura, bai, baina Emmanuel Macron errefuxiatuen krisiarentzako irtenbide bat bilatu nahian dabil. Frantziako presidenteak, finean, Europako mugetatik ahalik eta gehien urrundu nahi ditu, batez ere Saharaz hegoaldeko Afrikatik datozen iheslariak. Uztaila bukaeran proposatu zuen horien asilo eskariak Libian bideratzea, eta atzo, berriz, hori bera Nigerren eta Txaden «ahalik eta azkarren» ezartzea.

Europaren izenean mintzatu zen Macron. Izan ere, Angel Merkel Alemaniako kantzilerrarekin,Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin eta Paolo Gentiloni Italiako lehen ministroarekin Parisen bildu eta gero eman zuen bere intentzioen berri. Jakinarazi zuen UNCHR Iheslarientzako NBEren agentziak bideratuko lukeela iheslarien identifikazio prozesua, eta asmo bat duela planak: Europarako bidean errefuxiatuek«alferrikako arriskurik» ez hartzea.

Macronen esanetan, ekimenarekin indartu nahi dute migratzaileen jatorrizko zein ibilbidean zapaltzen dituzten herrialdeekiko lankidetza, hiru helbururekin: pertsonen trafikatzaile sareak desegitea, toki horietan garapena sustatzea, eta Libiako egoera egonkortzea. Gainera, komunitateen garapen ekonomikoa hauspotu nahi dute planarekin, balizko migratzaileek etorkizunerako «beste perspektiba batzuk» eduki ditzaten. «Nahi dena da eredu irregular eta ilegal bat legal eta erregular batengatik ordezkatu», bota zuen Gentilonik, lau agintariek bileraren ondoren elkarrekin egin zuten agerraldian. Haiekin zeuden, gainera, Mahamadou Issoufou eta Idriss Deby Niger eta Txadeko presidenteak —trafikatzaileei bizimodua aurrera ateratzeko «beste alternatiba batzuk» eskaini behar zaizkiela nabarmendu zuen aurrenekoak—, Fayez al-Sarraj Libian NBE Nazio Batuen Erakundeak babesten duen gobernuko presidentea, eta Federica Mogherini EB Europako Batasunaren Atzerri Politikarako mandataria.

Afrikako herrialdeei «laguntzeko» eta iheslarien uholdea eteteko, EBk 1.800.000 milioi euro inbertitzea agindu zuen duela bi urte, eta, dagoeneko, Nigerrek eta Malik jaso dute diru kopuru bat, mugak kontrolatzeko.

EBk errefuxiatuekiko neurriak gogortu ditu azken bi urteetan. Bai, duela bi urteko irailean Alemaniak eta Austriak mugak ireki zituzten iheslariak hartzeko, baina zabaldu bezala itxi zituzten atzera. Gainera, migratzaileen bideetako bat ixteko intentzioarekin, Alemania bera izan zen iazko martxoan EBk eta Turkiak egindako akordioaren hauspotzaile nagusia. Horregatik, ez da harritzekoa Merkelek lehengo asteburuan Alemaniako hedabide batzuei halakoak adieraztea: «Inork ez du nahi duela bi urteko egoera errepikatzea; nik ere ez».

Horretarako, Greziako mugaldea hermetikoki itxi zuten, eta, hortaz, IOM Migrazioen Mundu Erakundearen arabera, hara itsasoz heldutako errefuxiatu kopurua nabarmen jaitsi da urtearen lehen zortzi hilabeteetan: 161.232 iaz epe horretan, eta 13.320 aurten. Bide hori blokeatuta dagoenez, erdiko eta mendebaldeko Mediterraneoko zeharkaldiak erabiltzen dituzte iheslariek Europara heltzeko. Baina erdikoa ere blindatzen ari da EB, Libiaren laguntzarekin. Batetik, eremu horretan 130 milioi euro inbertitzea erabaki zuen Bruselak joan den martxoan; bestetik, Libiako armadak jakinarazi zuen duela aste batzuk, haren uretan sartzea debekatuko diela baimenik gabe atzerriko ontziei, erreskate lanetan dabiltzan GKEen Gobernuz Kanpoko Erakundeen lana zailduz; eta, azkenik Libia eta Italia arteko uretan migratzaileak erreskatatzen dabiltzan GKE horiei protokolo bat ezarri die Erromak.

Horren guztiaren ondorioz, beraz, berriki behera egin du bide horretatik Italiara iristen den iheslari uholdeak. Italiako Gobernuak eman zuen datua duela hiru aste: 23.524 ekainean, eta 11.459 uztailean. IOMek dio iazko lehen zortzi hilabeteetan 103.691 iritsi zirela Italiara, eta aurten, tarte horretan, 97.931 direla.

Beraz, geroz eta gehiago dira Mediterraneo mendebaldeko zeharbidearen aldeko hautua egiten duten migratzaileak. Datuak argiak dira: iaz 3.805 heldu ziren Espainiara urtarrila eta abuztua bitartean, eta aurten 8 .385.

EB etxeko lanak egin gabe

EBko kideek 2015eko irailean onartu zuten bi urteren buruan 160.000 errefuxiatu hartu eta horiek birkokatzea, estatu bakoitzarentzako kuota batzuk zehaztuz —kuota horiek kalkulatzeko, kontuan hartu zituzten herrialde bakoitzaren BPG barne produktu gordina, biztanleria, langabezia tasa eta gaiari dagokionean aurrez egindako ahaleginak—. Baina EBk ez ditu konpromisoak bete, igaro direlako bi urte eta 21.000 bat baino ez dituelako berkokatu. Errefuxiatuak ez hartzeagatik Txekia, Polonia eta Hungaria jomugan dauzka Bruselak, eta zigor prozedura bat ireki die. Halere, EB bera da, bere osotasunean, etxeko lanak egin ez dituena.

Baina jarraitzen dute iheslariek Europara iristen, kopurua, EBk hartutako neurriak medio, asko murrizten den arren: 269.8656 iazko lehen zortzi hilabeteetan, eta 120.137 aurten. Eta horren guztiaren ondorioz, itsasoan itotzen eta hiltzen segitzen dute: 2.410 urte hasieratik abuztuaren 20ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.