Inpugnazioari uko egin dio Feadrsek, eta epaiketa bertan behera geratu da

ELA eta Eurest enpresaren arteko ituna bete da, eta lanbide arteko esparru itunaren legezkotasuna ez da epaituko bihar. Ondorioz, ELAk bertan behera utzi du gaurko Euresten deitua zuen greba

Serunion enpresako beharginak lanean. BERRIA.
xabier martin
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak eta Eurest enpresak aurreko astean egindako akordioak fruituak eman ditu. Espainiako Feadrs patronalak lanbide arteko esparru akordioari jarritako inpugnazioari uko egiten diola jakinarazi zion EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, atzo. Bertan behera utzi du horrek gaur epaitzekoa zen euskal akordio horren legezkotasuna, eta kolektibitateen sektorean jarduten duten hainbat enpresatan negoziaziorako ateak ireki ditu. ELAk, berriz, Euresten gaurko deitua zuen greba baztertu du.

Enpresa horrek (sektoreko handiena, alde handiarekin) Bizkaiko ostalaritzaren ituna aplikatzen hastea proposatu diezaioke langile batzordeari, ELAko iturriek egunkari honi esan diotenaren arabera; ikusteko dago, ordea, Sodexok eta Serunionek Espainiako kolektibitateen ituna baliatzeari uko egiteko asmoa ote duten. Haiek ere bat egin zuten aurreko astean Eurestek eta ELAk erdietsitako akordioarekin. Hiru enpresok dira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan baldintzen estatalizazioa gauzatzen ari direnak sektore jakin horretan, langile berriei urtero 11.000 euro ordainduta 1.800 lan orduren truke.

Sektore arteko euskal esparru akordioa 2017ko urtarrilean sinatu zuten Confebask patronalak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen lan baldintzen estatalizazioaren aurkako babesa zekarren akordioak: EAEko sektoreetan indarrean dauden edo egon litezkeen euskal hitzarmenak aplikatzeko tresna gisa sortu zuten. Horregatik, epaitegiek itun hori kolokan jartzea euskal lan harremanen eragileen gaitasuna ukatzea izango zen, euskal esparrua bera ukatzea.

Horregatik, ELAk eta LABek inpugnazioaren larritasuna azpimarratu dute azken asteetan. Hordagoa zen Feadrsen inpugnazioa, baina, oraingoz, kartak ez dira mahai gainera aterako gora begira. Euskal eragileek negoziatzeko eta adosteko gaitasuna badutela ontzat jotzen jarraituko da, EAEko Auzitegi Nagusia partidatik kanpo utzi duelako ELAren eta Euresten azken orduko itunak.

LAB: «Sasiakordioa da»

Kalapita handia sortu da ELAren eta LABen artean inpugnazioaren auziaren harira. LABek uste du ELAri ez dagokiola «konpontzailearen rola» auzi honetan, besteak beste Euresten hark bezainbesteko ordezkaritza duelako LABek (zortzina ordezkari dituzte biek), eta gehiago Sodexon eta Serunionen. Horrela esan zion BERRIAri Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, igandean kaleratutako elkarrizketan. Inpugnazioa bertan behera geratu dela jakin ondoren, ELArena «sasiakordio bat» izan dela esan zuen LABek atzo. «Berri ona izan beharko litzatekeena ez da hain ona, patronalak inpugnazioa bertan behera utzi arren ez dielako etorkizuneko erreklamazioei uko egin»; sindikatu abertzaleak esplikatu zuen patronalak gorde egin duela inpugnazioa berriro jartzeko aukera. Auzitegiari helarazitako igorpenak lanbide arteko esparru akordioa berriro inpugnatzeko mehatxua egiten duela uste du, «hurrengo pausoak patronal horri interesatzen zaion moduan ez badoaz». Eta galdera bat egin zuen: «Hau izango ote da ELAk aurreratu zigun akordioa? Argi eta garbi esan behar dugu hau, ezer izatekotan, sasiakordio bat dela».

Horiek horrela, ostalaritzaren esparruko lan gatazkaren harira iritsitako inpugnazioari izkin egin diete lanbide arteko esparru itunaren sinatzaileek, baina ez dago bermerik etorkizunean berriro hel ez dadin. Euskal langileen baldintzen estatalizazioak aurrera jarraitzen baitu, eta euskal negoziazio kolektiboaren blokeoa bere horretan dagoen bitartean, ez da joera aldatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.