Gerra komertziala eten da, Trumpek EBri «azken» luzapena eskainita

Beste hilabete batez hitz egiten jarraituko du Europarekin, Mexikorekin eta Kanadarekin. «Ez dugu mehatxupean negoziatuko», ohartarazi dio Bruselak. Muga zergarik ez Argentina eta Brasilentzat

Donald Trump AEBetako presidentea, herenegun, Etxe Zurian egindako agerraldi batean. SHAWN THEW / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren eta AEBen arteko gerra komertziala geratu egin da. Oraingoz, Europako altzairuari eta aluminioari ez zaio ezarriko muga zerga berririk. Donald Trumpek jarritako epemuga atzo gauerdian bukatzen zen, eta presidenteak azkenera arte itxaron zuen erabakia jakinarazteko. Beste hilabete batez negoziatzen jarraitzea onartu du. «Azken» luzapena dela ere ziurtatu du. Hots, epemuga bat beste batekin ordezkatu du: bi aldeek ekainaren 1era arte dute ados jartzeko.

EBk iragarpenari nola erantzun dion ikusita, ez da erraz gertatuko. «Ez dugu mehatxupean negoziatuko», adierazi du Europako Batzordeak, ohar baten bidez. Kargu hartu dio Trumpen administrazioari, gainera, merkatuen «ziurgabetasuna» hauspotzen ari dela iritzita. «Jadanik, eragina du enpresa erabakietan», ohartarazi du.

Bruselak argudiatu du prest dagoela merkataritza sarbideari buruz eztabaidatzeko, baina, lehenik eta behin, muga zergak igotzeko mehatxuak mahai gainetik desagertu behar du, behin betiko. Kontrakoa «pistola bat buruan» jarrita negoziatzea litzateke, Cecilia Malmstrom Merkataritza komisarioak azken asteotan errepikatu duen metafora baliatuta.

AEBetako Gobernuak atzerriko altzairu eta aluminio esportazioei %25eko eta %10eko muga zergak jarriko zizkiola iragarri zuen joan den martxoaren 27an. Arrazoi modura, «segurtasun nazionala» argudiatu zuten, baina erabakiak hainbat herrialdetan —gehienak, AEBen aspaldiko aliatuak— piztu duen ezinegon hori, praktikan, zenbait herrialderekin askotariko tratuak lortzeko baliatzen ari da.

Orain arte, Txinari, Errusiari eta Japoniari indarrean jarri dizkie muga zerga berriak. Txinak MME Munduko Merkataritza Erakundera eraman du auzia, eta AEBetako produktuei bestelako muga zergak onartuta erantzun du. Ez dirudi munduko bi ekonomia nagusien arteko borroka horretan geratuko denik. Jabetza intelektualari egiten dion kaltea salatuta, Trumpek neste 150.000 miloi dolarren muga zergekin ohartarazi du Pekin. Oharrak ohar, bi administrazioen arteko hartu-emanek aurrera segitzen dute, eta Washingtongo merkataritza ordezkariek Txinara bidaiatuko dute datozen egunotan.

Mexiko eta Kanada

EBri bezala, ekainaren 1era arte onartu zaie salbuespena Mexikori eta Kanadari. Bi herrialde horiekin NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Akordioa eguneratzeko elkarrizketak oso aurreratuta daude, eta Etxe Zuriak nahi du altzairuari eta aluminioari buruzko erabakia akordio horren erredakzio berrian islatzea. Kanada da, gaur egun, AEBetara aluminio eta altzairu gehien esportatzen duen herrialdea.

Luzapena emateaz gain, beste hiru herrialde behin betiko salbuetsiko dituela iragarri zuen Trumpek: Argentina, Brasil eta Australia dira. Horiekin akordioa egiteko oinarriak lortu dituzte, eta datozen 30 egunetan finkatuko dituzte xehetasunak. Hego Korea izan zen muga zergetatik libratu zen lehenbiziko herrialdea, martxoaren bukaeran. Horren truke, altzairu esportazioen bolumena %30 jaistea onartu du Hego Koreak.

Hainbat iturriren arabera, Wilbur Ross Merkataritza idazkaria antzeko tratua lortzen saiatu da EBrekin. Joan den bi urteotan egindako esportazioak %90era murrizteko eskatu du. Bruselak ezetz erantzun dio, bi arrazoi argudiatuta. Batetik, MMEren araudiak propio debekatzen ditu borondatezko murrizketak. Bestetik, azpimarratu du batasuna ez dela AEBetako merkatua altzairu merkearekin gainezka jarri duen ekonomia.

Trumpek auzitan jarri izan ditu truke komertzialen beste alor batzuk. Bereziki, autoen salerosketarekin tematuta dago. Europako autoei %2,5eko muga zerga jartzen zaie, baina AEBetakoek %10eko tasa ordaintzen dute kontinente zaharrean. Guztia, gainera, AEBek EBrekin duten defizit komertzial handiaren barruan (125.000 milioi euro).

Bruselak berretsi du ez dagoela arazorik merkataritza harreman transatlantikoak aztertzeko, baina argi utzi du «alde bientzako mesedegarria» izan behar lukeela prozesu horren emaitzak. Obamaren administrazioarekin TTIP merkataritza libreko ituna negoziatzen aritu zen EB, baina Trumpek agintea hartu bezain pronto eten ziren elkarrizketak. TTIPen moduko akordio handi bat zokoratuta, industria produktuen sarbidea arintzeko beste itun txikiago bat egiten saiatzea aipatu da gerra komertzial baten arriskua urruntzeko alternatiba modura.

Hilabete barru EBri muga zergak jartzen badizkiote, Bruselak gertu du jopuntuan jarriko dituen AEBetako produktuen zerrenda. 2.800 milioi euro arteko zigorrak ditu aurreikusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.