Zabalduz doan pitzadura

Bahiketen auziak indarkeria hedatu du Zisjordanian, eta krisian jarri ditu Palestinako eta Israelgo erakunde eta alderdi politiko nagusiak.

Israelgo armadak bederatzi lagun hil ditu Gazako erasoetan
Haur palestinarrak Rafah inguruan (Gaza), Israelgo hegazkin militarrek suntsitutako etxe baten ondoan.
Haur palestinarrak Rafah inguruan (Gaza), Israelgo hegazkin militarrek suntsitutako etxe baten ondoan. MOHAMMAD SABER / EFE

Samara Velte -

2014ko uztailak 8
Egunetik egunera, osagai gehiago ditu Ekialde Hurbileko presio eltzeak. Israelgo Poliziak sei gazte atxilotu ditu asteburuan, Mohammed Abu Khdeir gazte palestinarraren hilketagatik susmagarri jota. Eskuin muturreko israeldarrak direla argitaratu dute hedabideek: duela astebete hilda agertutako hiru kolonoengatik mendekua hartu nahirik hil zuten Abu Khdeir. Atxilotuetako hiruk aitortu dute bahiketan parte hartu izana.

Kolonoen auziak pitzatu zuen Israelgo eta Palestinako suak nolabait bare mantentzen zituen izotzezko geruza, lehendik ere aski hauskorra; dardara hark, ordea, esfera gehiagotan eragin du arrakala, eta giroa alde guztietan gaiztotu da. Gizartean indarkeria orokortu da: armadak abiatutako sarekadak eta Abu Khdeirren hilketak palestinarren haserrea leherrarazi dute, eta protesta jendetsuak egin dituzte Zisjordania osoan. Israelen menpeko herri arabiarretan ere Bigarren Intifadaz geroztiko manifestazio handienak egin dituzte asteburuan, Haaretz egunkariaren arabera; Poliziak 50 lagun baino gehiago atxilotu ditu. Lurralde okupatuetan kolonoen erasoak ugaritu dira, eta Hebron, Nablus eta Ramallah inguruan istilu larriak izan dira israeldar eta arabiarren artean; gehienetan, inguruko indar armatuak ere sartu dira tartean, kolonoen mesedetan.

Dibortzioa Tel Aviven

Gizartean ez ezik, gertakariok erakunde eta alderdi politiko nagusietan ere eragin dute gatazka. Israelgo Gobernuan desadostasun handiak sortu dira bahiketari nola erantzun eztabaidatzen hasi direnean: alderdi ultraeskuindarrek eraso militar handiagoa eskatu diote Benjamin Netanyahu lehen ministroari, baina hark «burua hotz» mantendu eta «arduraz» jokatzeko agindu du. Asteburuko eztabaida zakar baten ondotik, Avigdor Lieberman Atzerri ministroaren Yisrael Beiteinu alderdiak iragarri du gobernuko koalizioa utziko duela.

Tzipi Livni Justizia ministroak ere tentuz jokatzeko eskatu du: «Hobe da gauza hauek hasieratik moztea, garrak indar handiagoa hartu baino lehen. Orain, guztion betebeharra da giroa baretzen laguntzea».

Abu Khdeir hiltzeagatik susmagarri jo dituzten sei gazteak —adingabeak ere badira tartean— «epaitu eta legearen azken muturreraino» eramango dituela agindu du Netanyahuk: «Hiltzaile horiek ez dute gizarte judua ordezkatzen». Haaretz-en arabera, Israelgo eskuin muturra bi sektore nagusitan banatuta dago: kolonoena eta ultraortodoxoen inguruan mugitzen dena. Atxilotutakoak azken horietakoak direla argitaratu du kazeta israeldarrak. «Guk ez dugu terrorismo arabiarraren eta terrorismo juduaren artean bereizten», esan du Netanyahuk: «Horretan, desberdinak gara gure bizilagunetatik [palestinarretatik]. Han, hiltzaileak heroien gisan hartzen dituzte, eta euren izena ipintzen diete plazei». Hiru kolonoen auzia argitzeko, laguntza eskatu dio PAN Palestinako Aginte Nazionalari: «Badakigu nortzuk dauden Gilad, Naftali eta Eyalen bahiketaren atzean, eta harrapatuko ditugu. PANen menpeko lurraldean hil zituzten, eta haren ardura da haiek aurkitzea».

Oraingoz, Hamas zigortzeko neurriak hartu ditu Tel Avivek, hura jotzen baitu bahiketaren erantzule. Asteburuan, Israelgo hegazkin militarrek gutxienez hogei aldiz bonbardatu dute Gaza; gutxienez bederatzi palestinar hil dituzte eraso horietan, tartean Hamaseko sei militante. Gazako talde armatu nagusiek erresistentzia deklaratu diote Israeli, eta hainbat misil jaurti dituzte mugaz bestaldera. Egoera gehiago larritu daitekeelakoan, Tel Avivek 1.500 erreserbista deitu ditu lehen lerrora.

Hamasek orain arteko adierazpen ofizial guztietan ukatu du hiru kolonoen bahiketarekin zerikusirik izatea. Hala ere, hedabide batek baino gehiagok iradoki du alderdiaren barruko adar independente bat egon litekeela haien atzean. «Soilik akusatuek erantzun diezaiokete galdera horri», azaldu dio Hamaseko iturri anonimo batek Al-Monitor atariari: «Baina ez da pentsatzekoa alderdiko zelula deskontrolatuek halako ondorioak ekar ditzaketen operazioak egiten dituztenik. Oraingoz, esku artean dugun bertsio bakarra Israelena da».

Batasuneko gobernua

Beste arrakala bat: Palestinako bi alderdi nagusien artekoa. Hiru nerabe israeldarrak desagertu zirenetik, Hamasek kargu hartu dio Al-Fatahi Israelgo indar armatuei bilaketa lanetan laguntzeagatik, aspaldiko susmo eta errezeloak berpiztuta. Ekainean aurkeztu zuten bi alderdiek batasun nazionaleko gobernua, zazpi urte banatuta igaro ostean. AEBen eta Europako Batasunaren babesa jaso arren, praktikan ezer gutxi aldatu da gobernu berriarekin. Gaza «linboan» dagoela salatu du Musa Abu Marzuk Hamaseko kideak: «Aurreko gobernua jada ez dago, baina berriak ere ez du aginterik».

Israelen presioari men egitea egozten dio Hamasek Al-Fatahi. Alderdia bera ere egoera zailean dago: bahiketen auziak nabarmen kalte egin dio haren irudiari, eta bereziki Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruari. Hark Abu Khdeirren hilketa argitzeko nazioarteko ikerketa batzorde bat sortzeko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari, baina palestinarrentzat hori ez da aski. Israelen zigor politika kolektiboarekin sumindutako gizartearen sektore handi batek urrun sumatzen ditu PANeko buruaren adierazpen moderatuak: gobernukide berria aski ez babestea leporatzen diote.

SHFA berri agentziaren arabera, Al-Fataheko hainbat arduradunek Abbasi egozten diote alderdiaren ospe txarraren errua. Ekialde Hurbileko hainbat hedabide eta analista politikok ere iradoki dute alderdiaren sektore bat jada ari dela Abbas agintetik kentzeko giroa prestatzen, Hamasekin harreman hobea duen hautagai baten mesedetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna