Al-Maliki baztertu dute Iraken, «gobernu zabalago bat» osatzeko

Al-Malikiren alderdikide Haider al-Abadi politikari xiitari eskatu dio Irakeko presidenteak gobernua eratzeko.

Al-Malikiren gertukoek legez kanpokotzat jo dute izendapena, eta auzitara joko dute
Al-Malikiren jarraitzaileak kalera atera ziren atzo, Bagdaden jarduneko lehen ministroa sostengatzera.
Al-Malikiren jarraitzaileak kalera atera ziren atzo, Bagdaden jarduneko lehen ministroa sostengatzera. ALI ABBAS / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 12
Nuri al-Maliki ez den beste politikari xiita bati eskatu zion atzo gobernua eratzeko Irakeko presidente Fuad Masumek: Haider al-Abadiri. Aliantza Nazionala xiiten koalizioak proposatu zuen Al-Abadiren hautagaitza. Jarduneko lehen ministro Al-Malikiren Zuzenbide Estatua beste koalizio horren barruan dago, baina agintariaren inguruan kontsentsua biltzeko ezintasunak bultzatu zuen beste hautagai bat aukeratzera. Ikusteko dago Al-Malikik berak hartuko duen jarrera, ordu batzuk lehenago beste legealdi bati ekiteko asmoa berretsi baitzuen telebistan. «Ez gara isilik geratuko. Izendapena legez kanpokoa da. Konstituzioa urratu dute, eta auzitara joko dugu», azaldu zuen Hussein al-Maliki haren suhiak. Jarduneko lehen ministroaren gertukoek ez zioten zilegitasunik aitortu izendapenari: «Al-Abadik soilik bere burua ordezkatzen du», esan zuen Dawa alderdiko bozeramaileak. Nazioarteak, berriz, txalotu egin zuen izendapena.

Krisi politikoan are gehiago hondoratu zuten Irak al-Malikiren igande gaueko adierazpenek. Masum Irakeko presidentearen aurka salaketa jarriko zuela esan zuen, gobernua eratzeko epeak «nahita» amaitzeagatik. Armadaren elite komandoak eta Al-Malikiren aldeko milizia xiitak gobernuko eraikinetan hedatu ziren, eta estatu kolpe baten beldurra zabaldu zen hiriburuan.

Al-Malikiren indar erakusketa horri Irakeko Auzitegi Federalaren epaiak lagundu zion atzo. Atzo ebatzi zuen jarduneko lehen ministroaren Estatu Zuzenbidea koalizioak eratu behar zuela gobernua, boto gehien jaso zuelako hauteskundeetan. Malikik, bozak irabazi arren, ez zuen lortu gehiengo osoa. Igandean aukeratu behar zuten lehen ministroa, legebiltzarrean, baina bertan behera utzi zuten saioa, taldeen arteko desadostasun handiengatik.

Horregatik eskatu zion Masum presidenteak Al-Abadiri parlamentuaren babesa eskura zezakeen gobernua eratzeko, telebista bidez emaniko parlamentuko saio batean. Ildo horretatik egin zituen lehen adierazpenak lehen ministrogaiak: «Elkarlanean aritu behar dugu terrorismo basati honen aurka». Elektrizitate ingeniaria da Al-Abadi. Erresuma Batuan erbesteratu zen Sadam Husseinen agintaldiak iraun bitartean. Mendebaldearekin harreman estua du; 2003ko AEBen inbasioaren ostean, egiteko nabarmena izan zuen herrialdea berreraikitzen. Dawa alderdi politikoko kide da; 2005ean aukeratu zuten parlamentari, eta aholkulari gisa jardun du hainbat gobernutan.

Al-Maliki, babesik gabe

Al-Maliki 2006tik da lehen ministro. 2011n AFP albiste agentziak eginiko elkarrizketan esan zuen ez zela aurkeztuko beste legealdi batera, baina iritzia aldatu eta apirilean eginiko legebiltzarreko bozetan parte hartu zuen.

Agintari xiita jo dute askok krisiaren erantzuletzat, haren politika «baztertzaileek» suniten eta kurduen artean estatuarekiko ezinikusia sortu dutelakoan. Izan ere, Estatu Islamikoa nekez ahal izango zen hedatu Irak iparraldean barrena, buruzagi suniten sostengurik gabe. Horregatik, herrialdeko zein atzerriko eragileek ezinbestekotzat dute Al-Maliki baztertzea krisia bideratze aldera. Sunitek eta kurduek ez ezik, xiitek ere horren alde egin dute: Muqtada al-Sadr eta Ali al-Sistani buruzagi erlijiosoak haren aurka agertu dira.

Mendebaldearen zein Iranen babesa galdu du, gainera, Al-Malikik. Orain zortzi urte AEBek boterera hauspotu zuten, baina orain bizkarra eman diote. Al-Maliki eta Masumen arteko tirabiran, Washington azkar lerratu zen Irakeko presidentearen alde. John Kerry Estatu idazkariak Al-Maliki ohartarazi zuen: «Espero dugu bazterrak ez nahastea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna