Hogeigarrenik ez luzaroan

Lituania euroguneko hemeretzigarren kidea da atzoz geroztik.

Mario Draghi EBZko presidenteak herrialdea txalotu du «garai zailetan ohiz kanpoko neurriak» hartu dituelako diru batasunean sartzeko
Ezkerretik eskuinera, Vasiliauskas Lituaniako Banku Zentraleko burua, Sadzius Finantza ministroa eta Butkevicius lehen ministroa, atzo, Vilniusen.
Ezkerretik eskuinera, Vasiliauskas Lituaniako Banku Zentraleko burua, Sadzius Finantza ministroa eta Butkevicius lehen ministroa, atzo, Vilniusen. VALDA KALNINA / EFE

Jon Fernandez -

2015eko urtarrilak 2
Urtezahar gaueko hamabi kanpai hotsak entzun eta berehala, Vilniusko kutxa automatiko batera joan zen Algirdas Butkevicius Lituaniako lehen ministroa, eta hamar euro atera zituen. Keinu horrekin ospatu zuen Lituania, atzodanik, euroguneko hemeretzigarren estatu kidea dela. Butkevicius ez zen bakarrik joan kutxa automatikora; Taavi Roivas Estoniako lehen ministroa —2011n sartu zen eurogunean— eta Edgars Rinkevics Letoniako Atzerri ministroa —iaz sartu zen diru batasunean, eta EBko txandakako presidentetza du atzodanik— izan zituen lagun. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko kide izandako Baltikoko hiru herrialdeek Europari eta Mendebaldeari lotuta daudela eta Errusiari bizkarra emanda daudela irudikatu zuten atzo, mugimendu ekonomikoa bezain geopolitikoan.

«Euroak gure segurtasun politikoa eta ekonomikoa bermatzeko balioko du», Butkeviciusen esanetan. Herrialdearen bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, enplegua sortzeko eta ongizate maila handitzeko ere balioko duela uste du lehen ministroak. Lituaniako presidente Dalia Grybauskaiteren esanetan, berriz, hiru milioi herritarreko errepublika Europan ainguratzeko azken pausoa izan da euroa bereganatzea. Duela hamar urte NATOn sartuta hasitako bidea biribildu du Lituaniak euroarekin. Hemeretzigarren kidearekin, 337 milioi europarren dibisa da euroa. Eurogunera sartzeko estatuen zerrenda luzea da oraindik —Suedia, Polonia, Bulgaria, Kroazia, Hungaria, Txekiar Errepublika eta Errumania—, baina gutxienez 2018ra arte ez da kide berririk sartuko.

Orain arte litasa izan da Lituaniako dibisa. 1922an jarri zen indarrean herrialdeak Errusiar inperiotik independentzia lortu zuenean, eta 1940. urtera arte iraun zuen, SESBen menpe geratu zen arte. Sobietar Batasuna desegin eta independentzia berreskuratu ostean, litasa indarrean sartu zen berriz, 1992an. Herenegun arte. Datozen bi asteetan oraindik erabili ahal izango dute diru zaharra, baina atzerakoak eurotan jasoko dituzte.

Iaz Letoniarena baino gozoagoa izan da Lituaniaren eurogunerako sarrera. Letoniako herritarren gehienek begi txarrez ikusten zuten euroan sartzea azken unera arte: 2013 hasieran, adibidez, letoniarren %13k baizik ez zuten euroa onartu nahi. Lituanian ez da horrenbestekoa izan mesfidantza. Eurobarometroak abenduan egindako inkestaren arabera, lituaniarren %63k babestu dute eurogunean sartzea. Duela urtebete herritarren %41ek baino ez zuen babesten litasa desagertzearen aukera.

Draghiren ongietorria

Nolanahi ere, lituaniar asko beldur dira euroarekin bizitza garestituko ote den. Enpresariak baikorragoak dira, esportazio gehienak eurogunera egiten dituztelako eta diru bera erabiltzea onuragarria izango zaielakoan. Lituaniako Banku Zentralaren kalkuluen arabera, datozen zortzi urteetan herrialdearen atzerriko merkataritzaren bolumena %5 eta %10 artean handituko da, eta horrek Lituaniako barne produktu gordina %2 haztea eragin dezake.

Baina gastuak ere ekarriko dizkio herrialdeari. Vilniusek 600 milioi euro inguru gastatu beharko ditu, besteak beste, ESM Europako Egonkortasun Mekanismoan —erreskate funtsean— dagokion zatia jartzeko. Atzoz geroztik, Euroguneko banku ikuskatzaile bakarraren menpe ere badago herrialdea. Atzo bertan eman zion ongietorria Mario Draghi EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteak. Draghik nabarmendu zuen Lituaniak «ohiz kanpoko neurriak» hartu dituela «garai zailetan» diru batasunean sartu ahal izateko.

Lituania, hain zuzen ere, euroguneak sarrera ukatu dion herrialde bakarra da. 2006an gertatu zen hori. 2004an sartu zen EBn, eta 2006an eurogunera sartzeko aukera ukatu zion Bruselak, inflazio handiegia zuelako. Rimantas Sadzius Lituaniako Finantza ministroaren ustez, euroan lehenago sartu balitz krisiaren 2009 eta 2010eko kolpea txikiagoa izango zen. Lituaniaren BPGa %14,8 hondoratu zen, 2009an, baina neurri gogorrak hartu ostean herrialdeko ekonomia onbideratuta dago: 2013an, %3,3 hazi zen ekonomia, langabezia tasa %9,9 zen, zor publikoa BPGarekiko %39 eta defizita %2,2. Euroguneko batez besteko datuen gainetik dago lau arloetan.

Baina eurogunean sartzeko pausoa ekonomikoa bezain geopolitikoa da. Petras Austrevicius eurodiputatu liberal-demokrata lituaniarrak atzo azpimarratu zuenez, eurogunean sartuta «mezu argia bidali diogu Errusiari, Europa beste aukerarik ez dagoela». Moskurekiko mesfidantza handia dute Lituaniako agintariek —lituaniarren %5,8 errusiar hiztunak dira—, bereziki Ukrainako krisia piztu eta Krimea anexionatu zenetik. Eurogunea EBren bihotza dela nabarmendu zuen Austreviciusek, eta haren barruan egoteak «beste maila bateko elkartasun politikoa eta ekonomikoa» eskaintzen duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna