Jaurlaritzak bulego bat irekiko du Milanen, kanpo sarea indartzeko

Enpresen nazioartekotzea sustatzeko 2017tik 2020rako planak 94 milioi euroko aurrekontua du. Munichen eta Londresen egoitza ireki ostean, Tapiak uste du Italiak «negozio aukerak» dituela
Ricardo Garcia, Ainhoa Ondarzabal, Javier Zarraonandia, Arantxa Tapia eta Alexander Arriola, atzoko aurkezpenean.
Ricardo Garcia, Ainhoa Ondarzabal, Javier Zarraonandia, Arantxa Tapia eta Alexander Arriola, atzoko aurkezpenean. EUSKO JAURLARITZA

Joxerra Senar -

2018ko otsailak 9
Italia merkatu interesgarria da euskal enpresentzat. Kanpo merkataritzari dagokionez. Europako merkatu nagusietan bosgarrena da. Gainera, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako nazioarteko sailak iazko otsailean egindako txosten batean ondorioztatu zuen bai esportazioetarako bai enpresak bertan ezartzeko interes handiko tokia dela —bederatzigarren postua izan zuen azterlanean—. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiarentzat estrategikoak diren sektoreetan «sinergiarako aukera» dagoela ondorioztatu du, eta, horregatik, Milanen bulego bat irekiko du Jaurlaritzak ekainean. Enpresen nazioartekotzea laguntzeko hamazazpigarren bulegoa izango da.

Atzo, Zamudion (Bizkaia) 2017-2020 Nazioartekotzeko Plana aurkeztu zuen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak. «Nazioarteratzea ezinbestekoa da. Gero eta globalagoak gara, gure presentzia gero eta leku gehiagotan dago, baina horretarako prest eta prestatuta egon behar dugu», aipatu zuen Tapiak. Lau urterako planak 94,1 milioi euroko aurrekontua izango du: 40,1 milioi euro, atzerrian eta hemen enpresei nazioartean ezartzen laguntzeko; 32,6 milioi euro, gazteen formakuntzarako beken bidez; eta 21,4 milioi, enpresen jarduerari laguntzeko.

Aurreko plana 2014tik 2016rako eperako izan zen, eta hark bere fruituak eman zituen, Tapiaren ustez. Kanpo merkataritza handitzeko eta krisi ekonomikoaren zailtasunei irtenbideak emateko helburua zuen, eta, hiru urteren ondoren, adierazleek hobera egin dute. Gaur egun, barne produktu gordinaren %30 esportazioei dagokie, eta atzerrian saldutako bolumena %16 handitu zen epe horretan. Gainera, iaz esportazioen erritmoa beste %10,8 handitu zen. Era berean, urtean 50 milioi eurotik gora esportatzen duten enpresa handien jarduera %18 hazi da. «Azken urteetako ibilbidea adierazten dute datuok», aipatu zuen Tapiak.

Europako Batasuneko herrialdeen artean, Erresuma Batua, Alemania eta Italia lehentasun handiko merkatutzat jo ditu Eusko Jaurlaritzak, eta azken urratsak zentzu berean joan dira. «2015ean, Munichen bulego bat ireki genuen, eta handik bi urtera handitu egin behar izan genuen. Ikusten da zerbitzua ematen ari garela eta merkatu garrantzitsua dela». Iaz, berriz, Londresen zabaldu zuen SPRIk egoitza, eta, orain, Milanen egingo du.

Gaur egun, Italian 37 enpresa daude ezarrita. Jaurlaritzaren arabera, Italiako industriak eremu askotan antzekotasun handiak ditu euskal industriarekin. Sektore estrategikoetan —aeronautikan, bioteknologia aurreratuan, robotikan eta energian— Italiako enpresekin lankidetza sustatzeko aukerak daudela deritzo. Horrez gain, elikagai industriari begira, Italia lehengaien inportatzaile handia da, eta Tapiak aurreratu zuen proiektu interesgarri bat dutela esku artean: «Lombardia aliatu funtsezkoa da bertan». Horregatik, etorkizunera begira Italiak «negozio aukerak» eskaintzen dituela deritzo Tapiak. Ekainean inauguratuko dute bulegoa, eta bertako zuzendaria kontratatzeko deialdia kaleratu berri dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna