Soldata arrakalarekin «propaganda» egitea leporatu dio ELAk Jaurlaritzari

ELAk uko egin dio Jaurlaritzak bihar sindikatuekin eta patronalarekin egingo duen bileran parte hartzeari. Etxeko eta zaintza lanen banaketa parekidea sustatu beharra azpimarratu du sindikatuak

ELAren prentsaurrekoa, soldata arrakalaren bilerara ez joateko dituen arrazoien inguruan, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Iosu Alberdi.
2018ko otsailaren 20a
00:00
Entzun

ELA sindikatuak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzak biharko deitu duen bilera, soldata berdintasunaren aldeko nazioarteko egunaren bezperan. Lan eta Justizia Sailak ELA, LAB, CCOO, UGT eta Confebask gonbidatu ditu. ELAk, ordea, uko egin dio joateari, eta salatu du Jaurlaritzak «propaganda» egin nahi duela andreen soldata arrakalaren kontura.

Otsailaren 1ean Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak aho batez onartutako legez besteko proposamena dago bileraren atzean. Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen proposamena, baina hura «hutsala» da ELAren ustez, eta ez die inola ere heltzen soldata arrakalaren oinarrian dauden egiturazko arrazoiei. Gainera, salatu du patronalak «beto eskubidea» izango duela hartutako erabakien gain.

INE Espainiako Estatistika Institutuko datuez baliatuz, ELAk gogora ekarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan emakumeek urtean 7.552 euro gutxiago irabazten dituztela gizonezkoek baino, eta Nafarroan, 8.164 euro gutxiago. Sindikatuak adierazi du legebiltzarrak eginiko proposamenak ez diola Jaurlaritzari kalitatezko enpleguaren aldeko inolako konpromisorik eskatzen, eta «benetako edukia» emateko «neurri zehatzak» proposatu ditu.

Elkarrekin Podemosek hainbat eskakizun egin dizkio Eusko Jaurlaritzari. Horien artean, 2018-2020 epean garatzeko ekintza plan bat egitea. Gaia gizarte eragileekin eztabaidatzeko beharra ere azpimarratu du, eta sentsibilizazio eta prebentzio kanpainak abiatzea. Espainian ere eragiteko eskatu dio, Diputatuen Kongresuan presio eginez, «soldata parekotasunaren aldeko lege bat onesteko eztabaida bizkortzeko».

Soldata arrailaren aurka egiteko, lan iruzurren aurkako buzoia salaketa tresna gisa jartzeko eskatu du, eta azpimarratu du premiazkoak direla gaiaren inguruko aldizkako txostenak, Emakundek koordinatuak.

Arrakalaren atzean

Sindikatuaren ustez, «sexuen araberako lanen banaketa eta bereizketa bertikala» daude arrakalaren atzean. Zaintza lanak, «ezinbesteko direnak», batez ere, emakumeek egiten dituztela adierazi du: «Lan horiei ez zaie inolako balio sozial eta ekonomikorik aitortzen». Horregatik, etxeko eta zaintza lanen banaketa parekidearen alde egin beharra azpimarratu du, eta horiei «dagokien balioa» ematea.

Zaintza lana eta enplegua uztartzea emakumeen gain erori ohi da, eta horrek «zigortu egiten ditu», ELAren esanetan: «Amatasun baimenak, eszedentziak eta lanaldi murrizketak haiek hartzen dituzte gehienetan». Horri buelta emateko, aitatasun eta amatasun baimenak berdindu beharra azpimarratu du, eta «zaintzarako zerbitzu publiko doako eta unibertsal baten» beharra adierazi.

Lan partzialetan emakumeak dira gehiengoa, eta horrek eragin zuzena du soldata apalagoa izatearekin. Sindikatuak azaldu du zigortu egiten dela aldi batzuetan lan formaletik kanpo egotea edo lanaldi osoan ez egotea. Beraz, kontziliazio neurriak «soldataren kontura» izatea baztertu behar da, sindikatuaren esanetan.

Horregatik guztiagatik, ELAk salatu du batik bat emakumeak direla «prekaritatea jasaten dutenak». Soldata arrakala areagotu duen prekaritate horren atzean zerbitzuen pribatizazioa eta azpikontratazioa, eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa daude, sindikatuaren ustez. Horiek, neurri handi batean, sektore feminizatuetan daudela argudiatu dute, eta, hain zuzen, horietan soldata igoera handiagoak behar direla azaldu dute.

Proposamen horien guztien inguruan Jaurlaritzarekin hitz egiteko prest dagoela azaldu du sindikatuak, «arazoaren dimentsioa behar bezala finkatzen bada», baita negoziazio kolektiboko mahaietara eramateko, neurriak negoziatu eta zehazteko asmoz.

Jaurlaritzak, berriz, ez du ELAren jarrera ulertu, eta Lan sailburuorde Jon Azkuek «zentzugabetzat» jo du legebiltzarraren eskariari ezetza ematea. CCOOk berdin egin du, eta Espainiako presidente Mariano Rajoyrekin alderatu du ELA: «Rajoyren posizio bera hartu du: hark esan zuen ez zela gaiaz hitz egin behar».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.