Uribismoa garaile Kolonbian

Zentro Demokratikoak lortu du ordezkari gehien bozetan. FARCek botoen %0,34 baino ez du eskuratu. Duque eta Petro izango dira bi koalizio nagusien presidentetzarako hautagaiak

Eskuineko koalizioaren presidentetzarako hautagai Ivan Duque, garaipena ospatzen, igandean, Bogotan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Kolonbiako Ordezkarien Ganberarako eta Senaturako hauteskundeetan Alvaro Uribe presidente ohiaren Zentro Demokratikoa alderdia nagusitu da. Igandeko bozekin, uribismoa senatuko indar nagusi bilakatuko da, eta ordezkarien ganberako bigarren alderdia. Alderdiaren emaitzak, ordea, inkestek aurreikusitakoaren azpitik geratu dira. FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzaileak, berriz, porrot egin du bere lehen bozetan. Bestalde, eskuineko eta ezkerreko koalizioek barne kontsultak egin dituzte, maiatzeko presidentetzarako hautagaiak aukeratzeko. Ivan Duque eskuindarrak, Uribek babestua, pauso garrantzitsu bat eman du presidente bilakatzeko, koaliziokideei nagusitasunez gailenduz. Hori guztia %50etik gorako abstentzioarekin, eta hauteskunde sistemaren aurkako kexa artean.

Uribismoak senatuko 102 eserlekuetatik hemeretzi izango ditu. Atzetik geratu dira Aldaketa Erradikala eskuindarra, hamasei senatarirekin; Alderdi Kontserbadorea, hamabostekin; Alderdi Liberala eta Batasunaren alderdia —Juan Manuel Santos presidentearena—, biak hamalaurekin; eta Aliantza Berdea, hamarrekin. Ordezkaritza txikiagoak lortu dituzten beste bost alderdi ere egongo dira senatuan.

Zentro Demokratikoaren nagusitasunak Uribe Kolonbiaren historian boz gehien bilduriko senatari bilakatu du, 860.000 boto baino gehiago jasota. Igandera arteko marka 223.330 bozetan zegoen, 2006an German Vargas Lleras presidenteorde ohiak lortutakoak.

Ordezkarien ganberan emaitzak antzekoak dira, baina kasu horretan Alderdi Liberala izan da boto gehien bildu duen alderdia, eta 166 ordezkaritik 35 izango ditu. Bigarren izan da Zentro Demokratikoa, 32 eserleku eskuratuta. Atzetik dira: Aldaketa Erradikala, 30 eserlekurekin; Batasunaren alderdia, 25ekin; Alderdi Kontserbadorea, 21ekin; eta Aliantza Berdea, bederatzirekin. Bat edo bi eserleku lortu dituzten zazpi alderdi txiki ere izango dira ordezkarien ganberan.

FARC ere senatuan eta ordezkarien ganberan egongo da, bosna ordezkarirekin. Halere, ez da izango igandean lortutako emaitzei esker. Hauteskundeek porrota ekarri dute gerrillari ohientzat. Senatuko hauteskundeetan 51.000 boto inguru eskuratu dituzte —%0,34—, inkestek ematen ziotenaren erdia baino gutxiago. Emaitza are kaskarragoa izan da ordezkarien ganberan. Hemeretzi alderdi izan ditu aurretik, eta bozen %0,22 lortu ditu.

Bake akordioak, ordea, ordezkaritza bermatzen dio FARCi, datorren bi legealdietarako. Ondorioz, aurrez aurre eseriko dira Uribe eta Ivan Marquez. Bake akordioaren aurkari nagusia Uribe, eta gerrillako buru ohi eta bake negoziazioen bultzatzailea Marquez. FARCeko kideen artean egongo da Sandra Ramirez ere, Manuel Marulandaren, gerrillaren sortzailearen, alarguna.

Maiatzera begira

Igandekoak, ordea, ez dira izan parlamenturako hauteskunde soilak. Aurten egingo diren presidentetzarako hauteskundeetarako frogatzat hartu dira. Aurten inoiz baino arrazoi gehiagorekin, Kolonbiako bi koalizio nagusiek, Kolonbiarako Galdeketa Handia eskuindarrak eta Bakearen Aldeko Inklusio Soziala ezkertiarrak, euren hautagaia izendatzeko galdeketak egin baitituzte. Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia maiatzaren 27an egingo dute, eta eskuinak aurrea hartu lezake, igandeko emaitzei esker.

Uribismoaren apustua, Ivan Duque, erraz gailendu da eskuinaren barne kontsultan. Duquek lau milioi boto baino gehiago jaso ditu —%67,72—, eta galdeketan aurkari izan dituen Maria Lucia Ramirez ministro ohiarekin—%25,81— eta Alejandro Ordoñez prokuradore ohiarekin —%6,45— batera agertu zen garaipena ospatzera, baita Andres Pastrana presidente ohiarekin ere. Duquek Ramirez izendatu du presidenteordetzarako hautagai, eta Ordoñezen babes osoa du.

Hiru hautagaien batura eginez, ia sei milioi boto izango lituzke eskuinak. 6,3 milioi lagun izan ziren 2016ko erreferendumean bake akordioaren alde egin zutenak.

Ezkerreko koalizioaren hautagaia, berriz, Gustavo Petro izango da, Bogotako alkate ohia eta Apirilaren 19ko Mugimenduko gerrillari izanikoa. Petrok ia hiru milioi boto jaso zituen —%84,67—, eta nagusitasunez gailendu zitzaion Carlos Caicedo Santa Martako alkate ohiari —%15,32—.

Petro eta Duque jada maiatzerako baieztatuta dauden hautagaien zerrendara batu dira. Horien artean daude German Vargas Lleras eta Humberto de la Calle presidenteorde ohiak, Sergio Fajardo Medellingo alkate izanikoa eta Juan Carlos Pinzon ministro ohia. Asteburuko hauteskundeen aurretik eginiko inkesten arabera, Petro da presidentetzarako hauteskundeetarako faboritoa, Duqueren aurretik. Lehenak bozen %21 eskuratuko lituzke, eta bigarrenak %18, Kolonbiako Aholkularitza Zentro Nazionalaren arabera. Halere, igandean uribismoak eta Duquek jasotako babesak balantza eskuinerantz mugi dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.