LABek grebara deitzea jarri du mahai gainean, euskal esparrua babesteko

Lanbide arteko esparru akordioaren inpugnazioari «erantzun sendoa» ematea proposatuko die beste eragileei. ELAk esan du enpresa jakinetan eta epaiketaren aurretik nahi duela lanuztea

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, atzo, Donostiako egoitzan. GORKA RUBIO/ FOKU.
xabier martin
Donostia
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak greba orokorraren tabua gainditzeko proposamena jarri du mahai gainean. Espainiako patronal batek lanbide arteko euskal esparru akordioa epaitegietan salatu izanak neurri horretako erantzuna merezi duela uste du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, lan harremanen euskal esparruari «155. artikulua aplikatzeko beste modu bat delako». Hori dela eta, inpugnazio horri mobilizazio handi batekin erantzutea proposatu zuen LABek, atzo, «sektore arteko greba batekin» alegia, estatalizazioa nozitzen ari diren enpresetara eta sektoretara mugatu gabe. «Tonu bat igo behar da erantzunean», esan zuen Aranburuk.

Datorren astean, alderdi politikoekin eta sindikatuekin elkartuko da LAB, PP salbuetsita, eta bilera erronda horrek ematen duenaren arabera, lanuzte handiaren aukera berretsiko du sindikatu abertzaleak, edo «modulatu» egingo du. Begien bistakoa da ELA alboan nahiko lukeela LABek, greba orokor baten tankera lukeen mobilizazioa aurrera eramateko, baina Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuak maiatzaren 24a baino lehen egin nahi du edozein mobilizazio, inpugnazioaren «epaiketa ekiditeko», eta orain bi aste LABi jakinarazi ziola esan zuen, atzo, ohar baten bidez. Ez du ematen sindikatu abertzaleak ados jartzeko aukera asko daudenik.

2017ko urtarrilean sinatu zuten euskal sindikatu nagusi guztiek eta Confebaskek sektore arteko ituna. Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, egin daitezkeen sektoreko euskal itunak lehenestea adostu zuten, estatu itunen aurretik. Apenas egin diren sektoreko itunak ordutik, negoziazio kolektiboaren blokeoak bere horretan jarraitzen duelako. Salbuespenetako bat da ostalaritza, eta, hain zuzen, sektore horretatik iritsi zen aurreko hilean esparru akordioaren inpugnazio eskaera.

FEADRS patronalak jarri du salaketa, ostalaritzako esparru akordioa bera ere epaitegietara eraman ondoren. Sodexok, Eurestek eta Serunionek, beste hainbat enpresaren artean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileei Espainiako ituna aplikatzeko oztopoak kendu nahi dituzte paretik, soldatak txikitzeko eta lanaldiak luzatzeko. Alegia, euskal langileek (sindikatuek) negoziatzeko eta adosteko duten gaitasuna dago jokoan, euskal esparrua bera, baina, horrekin batera, prekarizazioari bidea libre uztea ere azaltzen da auziaren hauspo gisa; kasu honetan, jangela handietan (eskola, ospitale eta enpresetan) diharduten beharginen bizkarretik handitu nahi dituzte irabaziak enpresa horiek; emakumezko langileak gehiengo dira sektore horretan.

Defentsa bateratua?

Lanbide arteko esparru akordioaren sinatzaileek datorren astean egingo dute bilera, eta epaitegietan itunaren defentsa bateratua egingo ote duten jakingo da. Baina epaitegiei itxaron gabe —apirilaren 24an da epaiketa—, LABek «erantzun zabala eta sendoa» eman nahi dio «euskal langileei negoziatzea eta adostea ukatzen dien estatalizazioaren erasoari». «Egoeraren larritasuna» ikusarazi nahi die beste eragileei. ELArekin batera iazko irailean plazaratutako manifestuari erreparatu zion Garbiñe Aranburuk. Idatzi horretan euskal esparruaren defentsarekiko konpromiso argia dagoela esplikatu zuen, eta inoiz baino argiagoa dela defentsa hori egiteko beharra.

ELAk, ordea, dio LABek muzin egin diola FEADRS patronaleko enpresetan greba egiteari, maiatzaren 24aren aurretik. Beraz, ematen du bien arteko desadostasuna grebaren esparruan eta tempoan dagoela. LABek orokortu egin nahiko luke, eta hura ongi prestatzeko beta ere bai; ELAk enpresa jakinetan proposatuko luke, eta epaiketaren egunaren aurretik.

Edonola ere, Confebask «negoziazio kolektiboa blokeatzen» ikusten du LABek, eta ezin da ahaztu euskal lan harremanetan azken 20 urteotan egindako akordio garrantzitsuena salatu duen patronala bezala, CEOEko kide dela berau ere. CCOO eta UGT, berriz, «oso deseroso» ikusten ditu, Madrilen estatalizazioa bultzatzen ari direlako, «nahiz eta hemen sektore artekoa sinatu». Horregatik, batik bat ELAri erreparatu zion Aranburuk, sindikatu abertzale biek euskal esparruaren defentsa egin dezaten. ELAren erantzuna ikusita, ordea, benetan zaila ematen du.

Baina Eusko Jaurlaritzarekin ere gogoratu zen LABeko burua. «Negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe, ezin da autogobernuaz hitz egin, ezta erabakitzeko eskubideaz ere», esan zion Lakuari eta autogobernuaren batzordeko alderdi politikoei. «Oraingo edo geroko kanpoko esku hartzeen aurkako hesi bat eraiki behar da grebaren ataleko erantzun irmo batekin».

LAB ez da alderdiekin elkartuko den sindikatu bakarra. ELAk jakinarazi du datorren astelehenean EH Bildurekin batzartuko dela sektore arteko esparru itunari egindako erasoaz hitz egiteko. Bilera sail baten estreinako bilera izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.