Eskulangintzak sostengatu du

Urte arteko tasan %3,9 handitu da industriari lotutako BPGa, beste sektore edo azpisektore guztiak baino gehiago. Ekipamendu ondasunetan egindako inbertsioak ere datu onak ekarri ditu urte hasieran

Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Jakina zena berretsi du Eustatek: urtarriletik martxora ekonomia %3,1 handitu zen urte arteko tasan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %0,8 hiruhileko batetik bestera. Orain, datu horien azpian dauden xehetasunak argitu ditu. Industriari lotutako eskulangintzaren ekarpena beste sektore eta azpisektore guztietakoa baino hobea izan da: %3,9 handitu da urte batetik bestera, azken bi urteotako erritmo bizkorrena.

Etzi hasiko da Biemh makina-erremintaren biurtekoa. Azken hamarkadako «onena» izango dela uste dute antolatzaileek. Bigarren sektoreari lotutako albiste itxaropentsuak ekarri ditu lehen hiruhilekoak. Ekipamendu ondasunetan egindako inbertsioa %4,8 handitu da urte arteko tasan, eta %2 hiruhileko artean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen salmentak atzerrian ia %11 handitu dira. Inoizko hiruhilekorik onena izan da esportazioentzat, eta 6.400 milioitik gorako salmentak erroldatu dituzte.

Europako ekonomiaren osasunari buruz piztu diren zalantzen arrastorik ez dago Eustatek argitaratutako emaitzetan. Urtarriletik martxora %0,4 handitu zen euroguneko barne produktu gordina, aurrekoan baino hiru hamarren gutxiago. Azken urte eta erdiko tasarik txikiena izan da. Alemanian eta Frantzian batez bestekoa baino hamarren bat gutxiago izan da. Erresuma Batuaren BPGa soilik %0,1 handitu da.

Ohi baino negu gordinagoa, lanuzte aipagarrien eragina, edota gripea bera aipatu dira Europako makalaldia azaltzeko. Alemaniako esportazioen beherakada merkataritza gerra baten arriskuari egotzi izan zaio. Ez dago hain garbi jaitsieraren arrazoiak soilik iragankorrak diren ala azpian arazo gehiago dauden.

Arazo horien eraginari ihes eginda, industriaren bultzadari zerbitzuena gehitu zaio EAEn. Urte arteko tasan %3,1 handitu da hirugarren sektoreak aberastasunari egiten dion ekarpena. Zerbitzu publikoen bultzada bi hamarren txikiagoa izan da, %2,9. Zerbitzuak %1,8 igo dira hiruhileko batetik bestera, eta administrazio publikoen bultzada izan da adierazgarriena. Eraikuntzak hazkunde positiboarekin jarraitu du urte arteko tasan, baina beherakada izan du hiruhileko batetik bestera. Iaz ere gertatu zen, eta neguarekin izan dezake zerikusia.

Herrialdez herrialdeko bilakaerari dagokionez, Gipuzkoak du urte arteko hazkunderik handiena (%3,4), Arabaren (%3,3), eta Bizkaiaren aurretik (%2,9). Azken herrialde horrek emaitza hobeagoa izan du hiruhileko arteko tasan, ordea: %0,8, beste biak baino hamarren bat gehiago. Nafarroan urte arteko hazkundea %3,3 izan da, eta %1 hiruhileko batetik besterakoa.

20.000 lanpostu berri

Eskaerari dagokionez, barne eskaeran oinarrituta dago hazkundea. Urte batetik bestera kontsumoa %2,8 igo da, eta inbertsioari lotutako kapital eraketa gordina, berriz, %3,7. Adierazgarria da ekipamendu ondasunetan izandako hazkundea azken urte eta erdiko indartsuena izan dela. Esportazioek martxa onak hamarren bat gehitu dio BPGari, halaber.

Ekonomiaren hazkundea enpleguan islatu da. Lau urte kateatu ditu jarraian lanpostu berrien sorrerak, hala hiruhileko batetik bestera, nola urteko tasan. Eustatek egindako neurketaren arabera, urtarriletik martxora 4.500 lanpostu garbi sortu dira, enplegua lanaldi osoko lanpostuetan neurtuta. Urte batetik bestera 20.300 gehiago izan dira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak 947.600 lanpostu ditu orain, krisia hasi ere baino lehenago baino 57.000 gutxiago.

Eustatek emandako informazioaren zain zegoen Eusko Jaurlaritza aurtengo hazkunde aurreikuspena hobetuko duen edo ez erabakitzeko. Europatik datozen datuekin batera aztertu, eta koska bat edo bi igotzeko erabakia laster hartuko du. Oraingoz, 2018an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %2,6 handitzea espero du Urkulluren gobernuak. Nafarroako Gobernuari dagokionez. Urte osoan ekonomia %2,7 haziko dela kalkulatu du. Uztailaren 27an argitaratuko ditu bigarren hiruhilekoari buruzko lehen aurrerapenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.