Gazako alderdiek hamar urterako menia bat nahi dute Israelekin

Hamasek eta Jihad Islamikoak eskatu dute Tel Avivek blokeoa buka dezala eta ekainetik atxilotutako palestinarrak aska ditzala.

Israelgo armadak 4 eta 11 urte arteko sei haur hil ditu bi erasotan
Israelgo armadak Gaza hiriko hondartzan hildako bi haurren aita eta anaia, atzo, senideen aldeko hiletan. Lau haur hil zituzten eraso horretan.
Israelgo armadak Gaza hiriko hondartzan hildako bi haurren aita eta anaia, atzo, senideen aldeko hiletan. Lau haur hil zituzten eraso horretan. OLIVER WEIKEN / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko uztailak 17
Su-etenerako aukerak porrot eginda, Israelek indartu egin du Gazaren aurkako mehatxua. Blokeatutako lurraldearen iparraldeko herritarrei etxetik alde egiteko ohartarazi zien atzo Tel Avivek —100.000 lagun ingururi—, eta hildako palestinarrak 210 baino gehiago dira, Gazako mediku iturrien arabera —bederatzi eguneko erasoaldian, israeldar bakarra hil dute palestinarren miliziek—. Egiptok proposatutako su-eten hitzarmenari uko egin ondoren —Israelek onartu zuen—, Hamasek eta Jihad Islamikoak bertze proposamen bat egin dute: hamar urterako menia bat ezartzea, baldintzen artean sartuta Gazaren aurkako blokeoa bukatzea.

Israelgo Maariv egunkariak argitaratu du berria, palestinarren «goi mailako» iturri bat aipatuta. Horren arabera, bi alderdi islamistek hamar puntuko plan bat aurkeztu diote Egiptoko bitartekaritzari. Aurrebaldintza bat da Israelek askatzea hiru kolono adingabeen bahiketez geroztik (ekainaren 12tik) Zisjordanian atxilotu dituen palestinar guztiak. Ondorengo puntuetan dago Hamasen eta Jihad Islamikoaren proposamenaren mami nagusia, Israeli exijitu baitiote blokeoa kentzeko eta Gazan eguneroko bizitza normaltzeko neurriak hartzeko —mugak irekitzea, nazioarteko portu bat eta aireportu bat baimentzea, Jerusalem bisitatzeko baimenak ematea, arrantzarako eskubidea onartzea...—.

Mussa Abu Marzuk Hamaseko ordezkariak eskakizun nagusi horiek azaldu zizkion atzo Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruari, Kairon egin zuten bileran, Jamal al-Xubaki enbaxadore palestinarrak azaldu duenez. Al-Xubakik azaldutakoaren arabera, Abbasek gaur azalduko dizkio Hamasen eskakizunak Abdel Fattah al-Sisi Egiptoko presidenteari.

Hamasen eta Jihad Islamikoaren neurriak ezartzeak Gazaren egoera egonkortzea ekarriko luke, baina ez dirudi Israel prest dagoenik. Eta indartsu mantendutako Hegi babesgarria operazioa nahikoa froga ez bada, Israelgo Haaretz egunkariak argitaratutakoa horren adierazgarri.

Su-etena, Israelen neurrira

Egunkari horrek Israelgo iturri diplomatikoak aipatuz dioenez, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Al-Sisi larunbatean mintzatu ziren telefonoz erasoa hasi zenetik lehenbizikoz. Laukotearen Ekialde Hurbilerako mandatari berezi Tony Blair izan zuten bitartekari —AEBek, Errusiak, Europako Batasunak eta Nazio Batuen Erakundeak osatzen dute Laukotea—.

Handik hiru egunera aurkeztu zuen Egiptok su-etenerako plana, eta biharamunean onartu zuen Israelek. Haaretz-en informazioaren arabera, ondoriozta liteke Egiptok Israelen neurrira prestatutako proposamen bat egin zuela. «Israelgo goi ofizialek eta Mendebaldeko diplomazialariek erran dute Egiptoren su-etenerako ekinbidea hain laburra izan dela presaka prestatu delako eta ez dutelako koordinatu alde garrantzitsu guztiekin, bereziki Hamasekin», idatzi du Haaretz-ek.

Israelek herenegun ordu batzuetan gelditu zituen erasoak, baina ordutik bortizki berrekin die, nahiz eta atzo iluntzean NBEk jakinarazi zuen Israel prest zegoela ordu batzuetan sua gelditzeko, giza laguntzaren sarrera errazteko. Avigdor Lieberman Atzerri ministroak adierazi du «eskura» dauzkaten «baliabide guztiekin» joko dutela Gazaren aurka, eta lurreko inbasio bat babestu du.

Atzoko irudi krudelenak Gaza hiritik eta hegoaldeko Khan Yunisetik iritsi ziren. Gaza hirian, Israelgo ontzi batek hondartzara tiro egin eta jolasean zebiltzan lau haur hil zituen, laurak familia berekoak: Mohammad Ramiz Bakr 11 urtekoa, Ahed Atef Bakr eta Zakariya Ahed Bakr 10ekoak, eta Ismail Mahmoud Bakr 9koa. Kazetari anitz zegoen hondartzatik hurbil, eta ebakuazioaren irudi gogorrak mundu osora hedatu dira. Sami Abu Zuhri Hamaseko bozeramaileak Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari eskatu dio sarraskia gaitzesteko.

Bi sendi, Khan Yunisen

Khan Yunisen ere, aire eraso batek bi familia izan ditu jomugan. Denera, sei lagun hil ditu Israelgo armadak: Al-Astal sendiko lau kide —4 eta 6 urteko bi haur eta 70 urteko emakume bat barne— eta Abu Amer sendiko bi anaia, Maan agentziaren arabera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna