Israelek ez du onartu AEBen su-etenerako proposamena

John Kerryk adierazi du «terminologiaren inguruan» desadostasunak daudela, baina baikor agertu da.

Zazpi eguneko menia bat proposatu du Etxe Zuriak, eta epe horretan negoziazioak hastea
Gazako herritar bat, Israelek suntsitutako eraikin baten hondakinei begira, Khan Yunis hirian.
Gazako herritar bat, Israelek suntsitutako eraikin baten hondakinei begira, Khan Yunis hirian. MOHAMMED SABER / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko uztailak 26
Bi egun hauetan indartu egin dira Gazan aurki su-eten bat ezar zitekeela zioten zurrumurruak, eta elkarrizketetan aritu diren agintariek mezu baikorrak egin dituzte. Oraingoz, ordea, ez da meniarik ailegatuko Gazara, Israelek baztertu egin baitu AEBek egindako proposamena. Gehienez, hamabi orduz erasoak gelditzea onartu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak jakinarazi duenez. Dena den, menia luzeago bat lortzeko baikor agertu da Kerry, eta erran du desadostasunak proposamenaren «terminologiaren inguruan» daudela nagusiki. Bitartean, bertze egun batez Israelek atsedenik gabe jarraitu du Gaza bonbardatzen, eta hildako palestinarrak 850etik goiti dira jada.

Kerryk Kairon aurkeztu du Israeli eta Hamasi egindako proposamena, Sameh Xukri Egiptoko Atzerri ministroarekin eta Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiarekin batera. Aurkeztutako planaren arabera, igandetik aitzinera zazpi eguneko su-eten bat hasi beharko lukete bi aldeek, ramadanaren bukaera ospatzeko Eid al-Fitr bestarekin batera. Baldintzarik gabeko menia humanitario bat litzateke hori, eta egun horietan hasiko lirateke sakoneko gaiei buruzko negoziazioak: Gazako blokeoa, preso palestinarrak, suzirien jaurtiketak...

Kerryk agerraldia egin aitzinetik jakinarazi zuten Israelgo hedabideek herrialde horretako segurtasun kabineteak proposamenari ezetz erantzun ziola. Filtratutakoaren arabera, Israelek soldaduak Gazan mantendu nahi ditu aldi baterako, eta Mark Regev gobernuko bozeramailea kexatu egin da Khaled Mexal Hamaseko buruzagi historikoak «baldintza gehiegi» paratu dituelakoan. Hamasek behin eta berriz jendaurrean adierazi du Gazaren aurkako blokeoa kentzea eta ekainetik atxilotutako 1.200 palestinar inguruak askatzea direla bere baldintza nagusiak. Alderdi islamistak atzo ez zion erantzun ofizialik eman Kerryren proposamenari. Mexal Qatarreko eta Turkiako ordezkariekin elkartu zen atzo —AEBek «erakunde terrorista» izendatuta daukate Hamas, eta bi herrialde horiek erabili dituzte harremanetan paratzeko—. Israelgo hedabideetara filtratutakoaren arabera, Kerryk hitzeman dio Mexali blokeoa bukatuko dela su-etenerako akordio bat egitean, baina presoen auzia ezin dela baldintzatzat paratu erran dio.

Ospitaleen aurka

Gainerakoan, egunez egun Israelen erasoek Gazan sortutako heriotza katea luzatzen ari da. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 50 herritar hil zituzten atzo, eta bertze behin ospitaleen aurkako erasoak salatu dituzte, Gaza hirian eta Beit Hanunen (iparraldean).

Hain zuzen, hiri horretan egin zuen Israelek UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren eskola baten aurkako erasoa, herenegun —gutxienez hamazazpi lagun hil zituen—. Chris Gunness UNRWAko bozeramaileak salatu du atzo eskola horretara itzultzen saiatu zirela erasoaren ondorioak aztertzeko, baina berriz ere tirokatu zituztelako ezin izan zirela hurbildu.

Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren arabera, gutxienez 192 dira Israelek uztailaren 8tik —Hegi Babesgarria operazioa hasi zuenetik— Gazan hil dituen adingabeak. Palestinako Aginte Nazionalak Israel Nazioarteko Justizia Auzitegian salatuko du «gerra krimenak» egotzita, Gilles Devers Frantziako abokatuak jakinarazi duenez.

Lurreko inbasioa hasi zuenetik —hilaren 17an—, Israelgo armadak egunero galdu ditu soldaduak borroketan. Atzo bertze bi heriotzen berri eman zuen. Al-Qassam brigaden (Hamasen adar armatua) arabera, ordea, hamar soldadu hil zituzten atzo Beit Hanun inguruan. Tel Aviven datuen arabera, 38 dira guztira hildako israeldarrak: 35 militar eta hiru zibil. Hamasek joan den astean ustez bahitutako soldadua hiltzat jo du armadak.

Egun odoltsua Zisjordanian

Zisjordanian, berriz, atzo pairatu zuten Gazako erasoaldiaren eraginik bortitzena. Ramadanaren azken ortzirala zen —ortzirala da asteko egun santua musulmanentzat—, eta horregatik protesta jendetsuak deituta zeuden Gazako erasoaldiaren aurka. Beit Ummar herrian —hegoaldean, Hebrondik 11 kilometrora—, Israelgo armadak 30, 35 eta 47 urteko hiru palestinar hil zituen manifestazio baten aurka suzko armekin tiro egin ondoren. Manifestazioa antolatu zuen Palestina Elkartasuna Mugimenduak eman du erasoaren berri. Huwwara herrian —iparraldean, Nablusdik sei kilometrora—, berriz, bertze hiru manifestari hil zituzten tiroz —bi 18 urtekoak eta bertzea 22koa—, Maan agentziaren arabera. Soldaduez gain, kolonoek ere manifestariei tiro egin zietela bildu du hedabide horrek. Al-Arrubeko errefuxiatu eremuan 32 urteko palestinar bat hil zuen soldadu batek. Atzokoak kontatuta, hiru egun hauetan bederatzi palestinar hil dituzte Zisjordanian. Aspaldiko egunik odoltsuenak izan dira lurralde horretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna