Beste su-eten bat hautsita

Soldadu bat preso hartzea egotzi dio Israelgo armadak Hamasi, eta amaitutzat eman du berez 72 ordu iraun behar zuen su-eten humanitarioa.

Abbasek gaur ordezkaritza bat igorriko du Kairora
Beit Hanungo herritarrak (Gaza), suntsitutako etxeen artean.
Beit Hanungo herritarrak (Gaza), suntsitutako etxeen artean. MOHAMMED SABER / EFE

Samara Velte -

2014ko abuztuak 2
Hegi babesgarria operazioaren 25. eguna. Gazatik etenik gabe heltzen diren irudiak gorabehera, soldadu baten inguruan bildu da nazioarteko arreta politiko eta mediatiko gehiena. Israelgo indar armatuek jakinarazi dute Hadar Goldin 23 urteko militarra desagertu dela Hamasen aurkako operazio batean, eta alderdi palestinarrari egotzi dio hura atxiki eta tuneletatik barrena gatibu eramatea. Benjamin Netanyahuren kabineteak larrialdiko bilerara deitu zuen atzo arratsean: edizio hau ixteko orduan, ministroak bilduta zeuden oraindik.

Goldin ustez preso hartu zuten eraso berean beste bi soldadu israeldar ere hil ziren. Tel Avivek gertakari horri egotzi dio bezperan adostutako su-etena hautsi izanaren errua: Israelgo armadak emandako bertsioaren arabera, ekintzaile palestinar batek bere burua leherrarazi zuen Rafah ekialdeko kontrol postu batetik gertu —Gaza hegoaldean—, eta haren atzetik beste hainbat militante agertu ziren mugako tuneletatik. Israelek artilleriarekin «erantzun» zuela azaldu du armadak; ondorengo orduetan gutxienez 70 lagun hil zituzten tankeek, eta 200 inguru zauritu.

Hamasek «gertakarien kronologia hankaz gora» jartzea leporatu dio Israeli. Osama Hamdan alderdiko kargudunak prentsari azaldu dio armada izan zela eraso egiten lehena, su-etena oraindik indarrean zela: «Azken hogei egunotan ez da soldadurik egon Rafah inguruan, baina su-etenera deitu bezain laster igorri zituen Israelek bere tropak hara. Erresistentziak autodefentsa eskubidea baliatuz erantzun zuen». Soldadu haietako bat preso hartu zutela, ordea, ukatu egin du alderdiak: «Israel ustezko bahiketa erabiltzen ari da Gazaren aurka egiten ari den krimenak zuritzeko».

Hegi babesgarria hasi zenetik, armadak 1.500 palestinar baino gehiago hil ditu, eta 8.000 baino gehiago zauritu. Gehienak zibilak dira, eta giza laguntzarako erakundeek egoeraren larritasunaz ohartarazi dute: ehunka mila lagunek galdu dute etxea, eta errefuxiatuentzako babesleku izan ohi diren azpiegiturak ere —nazioarteko agentzien ikastetxeak edo ospitaleak, adibidez— ez daude bonbardaketetatik salbu. Argindarra eta elikagaiak ez ezik, ura eta sendagaiak falta dira, eta zenbait lekutan izurriteak zabal daitezkeela ohartarazi dute.

Erasoaldiak jada gainditu du, kopurutan eta iraupenean, 2008ko Berun urtua operazioa. PAN Palestinako Aginte Nazionalak ordezkaritza bat igorriko du gaur Kairora, Mahmud Abbas presidenteak aginduta. Maan berri agentziaren arabera, Palestinako hiru alderdi nagusietako —Al-Fatah, Hamas eta Jihad Islamikoko— hamabi kidek osatzen dute taldea. Egiptoko Gobernuak Israeli ere eskaini dio bertan negoziatzeko aukera.

Iraupen txikiko su-etena

Atzo 50 gunetik gora bonbardatu zituen Israelgo armadak Gazan, eta gutxienez 120 lagun hil zituen egun bakarrean. Arrastorik ere ez zen geratzen bezperan adostutako su-eten humanitariotik: goizean sartu zen indarrean —Israelek gauean hamasei palestinar hil ondotik—, eta berez 72 ordu irautekoa zen, baina pare bat ordu igarotzerako hautsita zegoen ostera. Eguerdian, Nazio Batuen mandatari bereziarekin bildu zen Okupatutako Lurralde Palestinarretako Ekintzen Israelgo Koordinakundeko arduraduna, eta armadak erasotzen jarraituko zuela jakinarazi zion: «Hamasek su-eten humanitarioa hautsi du, eta hura baliatzea eragotzi die Gazako herritarrei».

AEBek ere babestu dute Israelen bertsioa. «Hamaseko ekintzaileek su-etenaren aitzakia baliatu dute soldadu israeldarrei eraso egiteko eta haietako bat bahitzeko», adierazi du Josh Earnest-ek, Etxe Zuriko bozeramaileak. AEBetako Senatuak urgentziazko lege proposamen bat bozkatu zuen atzo arratsean, eta aho batez onartu zuen Israeli misilen defentsarako 225 milioi dolarreko laguntza ematea (170 milioi euro inguru). Barack Obama presidenteak, berriz, Goldin «baldintzarik gabe» askatzeko eskatu du: «Ahalegin handia egin dugu bi aldeak elkartzeko, baina ezinezkoa da su-etena adostea Israel ez bada fio Hamasen hitzarekin».

Europako Batasunak bi aldeei eskatu die erasoak gelditzeko, eta Amnesty Internationalek laguntza eskatu die Ekialde Hurbileko zein nazioarteko gobernu eta justizia erakunde nagusiei, Palestinako gatazkako gerra krimenak ikertzeko.

Zisjordanian ere, hildakoak

Gazako herritarrekiko elkartasuna adierazteko, amorruaren eguna egin zuten atzo Zisjordanian. Israelek erasoaldia hasi zuenetik, etengabe egin dituzte protestak hiri nagusietan, eta sarri sortu dira istiluak manifestarien eta indar armatuen artean. Atzo, manifestazio jendetsuak egin zituzten Bethleem, Ramallah eta Nablusen. Armada tiroka oldartu zitzaien, eta gutxienez bi palestinar hil zituen. Bestela ere aski gatazkatsua izan ohi den Hebronen 50.000 lagun inguru elkartu ziren. Soldaduak protesta itotzen ahalegindu ziren, eta, Maan berri agentziaren arabera, 90 pertsona baino gehiago heldu ziren hiriko ospitalera balaz zaurituta, haietako hiru egoera kritikoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna