Hiru egun bakea bideratzeko

Egiptoren bitartekaritzarekin hitzartutako su-etenaren lehenbiziko eguna errespetatu dute Israelek eta Gazako miliziek.

Menia luzatzea eta epe luzerako akordio bat lortzea da orain bi aldeen erronka
Bi palestinar, Gaza hiriko hondartzan, bonbardaketek eragindako txikizioaren artean, atzo.
Bi palestinar, Gaza hiriko hondartzan, bonbardaketek eragindako txikizioaren artean, atzo. MOHAMMED SABER / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abuztuak 6
28 egunotako meniarik egonkorrena eduki zuten atzo Gazan, Israelek eta milizia palestinarrek errespetatu baitzuten Egiptoko bitartekaritzarekin herenegun iluntzean hitzartutakoa. Tel Avivek bonbardaketak eten eta soldadu guztiak erretiratu ditu, eta miliziek utzi diote Israelera suziriak jaurtitzeari. Gauzak ondo bidean, gaur eta bihar ere bere horretan mantendu beharko litzateke egoera. Baina bakea urruti dago oraindik. Hiru eguneko su-etena errespetaraztea eta menia luzeago bat lortzea da orain Egiptoren eta nazioarteko gainerako bitartekarien helburua, ordezkari palestinarrek eta israeldarrek epe luzerako akordio bat negozia dezaten. Espero da bi aldeek mahai gainean paratuko dituztela eskakizun nagusiak: Israelek, Gazako milizien desmilitarizazioa; eta palestinarrek, blokeoaren bukaera.

Nahiz eta hiru eguneko su-etena onartuko zutela jakinarazi, azken unera arte erasoei eutsi zieten bi aldeek. 08:00etan zen indarrean sartzekoa, eta minutu batzuk lehenago milizia palestinarrek hamazazpi suziri jaurti zituzten Israelera, Al-Qassam Brigadek beraiek aitortu zutenez —horietako bat Betleemeraino ailegatu zen, Zisjordanian—. Ez zen inor zauritu, Israelgo armadaren arabera. Erasoaldi osoan bezala, ondorio larriagoak eragin dituzte Israelen azken bonbardaketek ere. Gazako Osasun ministro Axraf al-Qedrak jakinarazi duenez, hiru palestinar gehiago hil ziren atzo, astelehenetik egindako erasoetan eragin zizkieten zaurien ondorioz. Menia indarrean sartu baino minutu batzuk lehenago, gutxienez bortz aire eraso egin zituen Israelgo armadak, inor zauritu gabe, Maan agentziaren arabera.

Ia etenik gabeko 28 eguneko erasoaldian, Israelgo armadak 1.869 herritar hil ditu Gazan, Osasun Ministerioak zenbatu duenez. Kopurua handiagoa izan daiteke, ordea, hondakinen artean gorpu gehiago egon baitaitezke —atzo bertan, zazpi gehiago atera zituzten salbamendu taldeek—.

Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren arabera, Hegi Babesgarria operazioak aitzineko erasoaldien estatistika odoltsu guztiak gainditu ditu. Hildakoen %80 inguru zibilak dira, eta bereziki larria da hildako haurren kopurua: 408. «Gazako demografia AEBetakoarekin alderatuko bagenu, 200.000 haur hiltzea bezala litzateke», azaldu du Pernille Ironside Unicefek Gazan duen bulegoko arduradunak. Bonbardaketak geldituta ere, Ironsidek ohartarazi du larrialdi egoera ez dela bukatu, jende gehiago hil baitaiteke argindarra eta ur edangarria falta direlako, zaurien eta eritasunen ondorioz.

Negoziatzaileak, Kairon

Gazako Lan Publikoen Ministerioak herenegun argitaratutako datuen arabera, Israelek «erabat» suntsitu ditu 10.000 eraikin, eta bertze 30.000, «zati batean». Berreraikuntzarako gutxienez 3.700 milioi euro beharko dituztela kalkulatu du ministerioak.

Berreraikuntza lan horiek ere, ziurrenera, negoziazio mahaiaren menpe geldituko dira, Israelek Gazako desmilitarizazioarekin lotu nahi baititu. Benjamin Netanyahu lehen ministroak joan den larunbatean adierazi zuen hori, eta Israelgo hedabideek ideia bera errepikatu dute egunotan. Palestinako alderdiek Kairora eramanen duten eskakizun nagusia ere aitzinetik jakinarazia dute: duela zazpi urtetik indarrean dagoen Gazaren erabateko blokeoa bukatzea. Israelgo hiru negoziatzaile eta Hamaseko eta Jihad Islamikoko bertze hiru atzo ailegatu ziren Kairora, Israelgo eta Palestinako hedabideek filtrazioak iturritzat aipatuta argitaratu dutenez.

Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak poza agertu zuen atzo menia errespetatu zelako. Tentsioa, hala ere, handia da oraindik. Israelek Gazako mugaren inguruan dauzka indarrak, edozein unetan berriz sartzeko prest, Sami Turgeman jeneralak prentsaurreko batean erran duenez. «Hamasek su-etena hautsiz gero, oker larri bat eginen du». NBEtik, Navi Pillay Giza Eskubideen goi mandatariak Israeli erran dio bere erantzukizunei aurre egiteko, «gero eta ebidentzia gehiago baitaude gerra krimenen inguruan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna