Babesa, baina ez azkenera arte

NATOko kideek aho batez adierazi diote elkartasuna Ukrainari, baina argi utzi dute ez dutela borrokarik egingo herrialdea defendatzeko.

Kideek defentsako gastua handitzea nahi du Aliantzak
Anders Fogh Rasmussen, Petro Poroxenko eta David Cameron, atzo, NATOko gailurrean.
Anders Fogh Rasmussen, Petro Poroxenko eta David Cameron, atzo, NATOko gailurrean. PETER MACDIARMID / EFE

Adrian Garcia -

2014ko irailak 5
NATOko kideen elkartasuna jaso du Newporten Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak. Galesko hirira bildu dira Aliantza Atlantikoa osatzen duten herrialdeen gobernuburuak, eta Ukrainako presidentea gonbidatu dute bilkurara. Mendebaldeak Moskuren esku hartzearekin lotu ditu Ukraina ekialdean matxinoek izandako garaipen militarrak. Errusiari zuzenean leporatu dio ingurua ezegonkortzea, eta presio gehiago egingo dio zigor ekonomikoen bidez. NATOk hainbat erabaki hartuko ditu gailurrean Errusiari begira; horien artean, ekialdean erantzun azkarreko indarra osatzea. Baina Aliantza Atlantikoa ez da joango babes hitzetatik eta neurri ekonomikoetatik harago: argi utzi dute ez dutela borrokarik egingo Ukraina babesteko.

NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussen Aliantza Atlantikoko idazkari nagusiak azaldu du «mehatxu berriei» buru egiteko gailurrean hainbat neurri hartuko dituztela. Horien artean, 4.000 soldadu inguruz —erabakitzeko dute oraindik kopuru zehatza— osatutako indar bat sortuko dute; 48 orduan baino gutxiagoan borrokarako prest egongo da. «Beharrezkoa izanez gero, azkarrago jarduteko gaitasuna emango digu, gure aliatuak defendatzeko». Ekialdean presentzia areagotuko du erakunde militarrak, hango kideek mehatxutzat baitute Errusia. Horretarako, 1997. urtean NATOk eta Errusiak sinatutako akordioari izkin egingo diote: akordio horretan Europa ekialdean base iraunkorrak ez jartzea onartu zuen Aliantzak. Ituna ez haustearren, kontingente erdi iraunkor bat ezarriko dute, eta leku batetik bestera mugituko da.

Defentsako aurrekontuak jaisteko joeraz ohartarazi du Rasmussenek. Haren hitzetan, taldekako defentsak indartzeko ezinbestekoa da «beheranzko joera iraultzea». Aliantzaren helburuetako bat da kideek aurrekontuaren %2 jartzea gastu militarrerako. Egun, AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak bakarrik betetzen dute baldintza hori. Izan ere, krisi ekonomikoak bultzatuta, gainerako kideek defentsa gastua apaldu dute.

NATOko kideek aho batez egin dute Mosku Ukrainako krisiaren erantzule. Errusiari zuzendutako adierazpenak egin ditu Rasmussenek: eskatu dio tropak erretiratzeko Ukrainako mugatik eta matxinoei laguntza emateari uzteko. «Prozesu politiko eraikitzaile batean parte hartu behar du Moskuk. Ukrainako krisiari irtenbide baketsua emate aldera, ahalegin handiagoa egin behar du».

Besteak beste, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin, Barack Obama AEBetako presidentearekin, François Hollande Frantziakoarekin, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroarekin eta Matteo Renzi Italiakoarekin bildu da Poroxenko. «Errusiak arau guztiak hautsi ditu Krimea bere egitean, eta haren tropek Ukrainaren burujabetasuna hondatzen dute», azaldu dute Obamak eta Cameronek The Times aldizkarian idatzitako artikuluan.

Mendebaldeko agintariek Errusiari ohartarazi diote beren ekintzek ondorioak izango dituztela. Zigor ekonomiko gehiago jartzeko atea zabalik utzi dute. Cameronen esanetan, orain arte ezarritakoek eragina izan dute. «Errusiako ekonomia hazten ari zen, eta orain atzera doa. Errusiako banku batzuk diruz larri dabiltza». Gaur eztabaidatuko dute zigor gehiago jarriko ote dizkioten.

Galesen mandatariek herrialdearen egoera aztertu bitartean, Ukrainako armadaren eta matxinoen arteko borrokak ez dira eten. Itar Tass albiste agentziak jakinarazi duenez, Donetsk hiriburua bonbardatu du armadak. Herenegun gauean hasi zuten erasoaldia, baina atzo ere artilleriarekin jo zituzten hiriburua eta inguruak. Matxinoen kontrolpeko aireportuan izan dira borrokarik gogorrenak. Donetskeko errusiazaleek azaldu dutenez, gutxienez 130 lagun hil dira. Bestalde, Mariupol hiritik gertu ere borrokak izan dira, Azov kostaldean. Ukrainako armadak defentsak indartu ditu errusiazaleek hiria hartzeko saialdia zapuzteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna