Hauteskundeek errusiazaleen proiektua egonkortu dute Ukrainan

Zakhartxenkok eta Plotnitskik aise irabazi dituzte Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketako bozak, hurrenez hurren.

Nazioarteak Errusiaren aurka egin du, emaitzak onartu dituelako
Hauteskunde batzordeko bi kide hautestontziak husten, Donetsk hirian.
Hauteskunde batzordeko bi kide hautestontziak husten, Donetsk hirian. ALEXANDER ERMOCHENKO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 4
Ez da ezusterik izan. Hautagai nagusiek aise irabazi dituzte bozak Ukraina ekialdean. Aleksandr Zakhartxenkok Donetskeko Herri Errepublikan, eta Igor Plotnitskik Luhanskekoan. Lehenak, %75eko babesarekin. Bigarrenak, %63koarekin. Ez da, beraz, agintari aldaketarik izango Ukraina ekialdeko matxinoen eremuetan. Sobiet Gorenetarako —legebiltzarrerako— bozetan ere , gobernuburuen alderdiak nagusitu dira. Parte hartze masiboa izan da, bi herri errepubliketako hauteskunde batzordeen arabera: %60tik gora. Ilara luzeak sortu dira hauteslekuetan, eta itxiera ordua atzeratu behar izan dute. Emaitzak esperotakoak dira. Ikusteko dagoena da gatazka konpontzeko prozesuan nola eragingo duten. Parte hartze datuak eta Errusiaren onarpenak matxinoak indartuko dituela ezin uka daiteke. Dagoeneko Kievekin negoziatzeko «beste estatus bat» eskatu dute.

Harrabotsa sortu dute bozek nazioartean. Ukrainak, EB Europako Batasunak eta AEBek legez kanpokotzat jo dituzte. Errusiak, berriz, aurrerapausotzat: «Herritarren ordezkariek eskualdean normalizazioa ezartzeko mandatua jaso dute». Batek zein besteek oinarri berbera darabilte argudiotan: Minsken irailaren 5ean sinatutako protokoloa.

Kievek dioenez, alde biek adostutako idatziak kontuan hartzen du matxinoen eremuetan hauteskundeak antolatzea; baina Ukrainako legearen arabera eta abenduaren 7an egin behar lituzkete. Bestalde, Moskuk eta matxinoek ukatu egin dute Bielorrusiako hiriburuan hitzartutakoa haustea: «Gure lurretan hauteskunde libreak egiteari buruz hitz egin genuen. Ez genuen egunik edo formaturik zehaztu. Akordioak ez du argi esaten bozak Ukrainako legeen barruan egin behar genituenik», adierazi du Zakhartxenkok. Errusiak EBn duen ordezkari Vladimir Txizhovek esan du bakean aurrera egiteko ezinbestekoa dela bi aldeek zilegitasuna izatea. Hori lortzeko baliatu dituzte bozak matxinoek.

Mendebaldeak bozak gaitzetsi ez ezik, irregulartasunak salatu ditu. Gainera, Mosku kritikatu du emaitzak onartzegatik. Alemaniako Gobernuko bozeramaile Steffen Seibertek iradoki du errolda zerrenda ofizialik ez egotean iruzurra egiteko arriskua zegoela. Errusiari zigor gehiago ezarri ahal izatea ere aipatu du. EBrentzat hauteskundeak bakerako bidean oztopo dira, ez dutelako Ukrainako osotasuna errespetatzen. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak egin du gogorren bozen aurka: «Tankeekin bi erakunde terroristek eginiko itxurakeria da».

Xedea, zilegitasuna lortzea

Horrez gain, ez da boz kanpainarik egin, eta ez da hautagaien artean benetako lehiarik egon. Salatu dutenez, matxinoen buruzagitzarekin lotuta ez zeuden hainbat alderdiri ez diete parte hartzen utzi. Donetskeko Herri Errepublikan Zakhartxenkoz gain beste bi hautagai ere aurkeztu dira. Juri Sivokonenko sindikalista da horietako bat: «Ez dut nire aldeko botoa eskatu, Zakhartxenkoren ikuspuntuarekin desberdintasunik ez dudalako». Haren esanetan, bozen xedea errepublikei zilegitasuna ematea da. «Egunaren amaieran, estatu baten estatusa izango dugu», esan zuen igandean argitaratutako elkarrizketa batean.

Baina hauteskunde egunean bertaratutako nazioarteko behatzaileek esan dutenez, «normal eta irizpide demokratikoak» betez igaro zen igandea. «Ez ziren herritarrei presio egiten saiatu», azaldu dio Lucio Malan Italiako parlamentariak Russia Today telebistari. Donetsk hirian izan da behatzailea. «Behin baino gehiago bozkatzea galarazteko sistemak nazioarteko irizpideak betetzen ditu». Manuel Oschsenreiter Alemaniako behatzailearen arabera, Luhansk hirian ikusitakoa boz demokratikoekin «guztiz bat dator».

Hasieratik agintean

Nazioarteak, Errusiak salbu, emaitzak ez onartzea ez du Plotnitski kezkatzen. «Ez dugu inor horretara behartuko. Garrantzitsuena da herritarrek zilegitasuna ematen diotela». Lehen ministroa agintaldiko lehentasunei buruz mintzatu zaio Interfax agentziari. «Azpiegitura berreraiki, lanpostuak sortu eta industria suspertu, eta argindarra, ura eta gasa etxeetara eraman». Luhansk hiria izan da armadaren setio gogorrena jasotako hiria, eta urik eta argindarrik gabe eutsi diote denbora askoan. Errusia giltzarri izango zaio eskualdearen egoera normaltzeko. «Gure ekonomiaren %80 Errusiari lotuta dago».

Hautatu berri dituzten bi buruzagiak hastapenetik daude agintean. Zakhartxenkok Donetsk hiriko defentsa antolatu zuen, eta zauritu egin zuten borroketan. Plotnitski, berriz, Luhanskeko Herri Errepublikaren lehen Defentsa ministroa izan zen.

Plotnitski berak ez du uste gerraren atea guztiz itxi denik. «Aukera asko daude berriz pizteko». Izan ere, hauskorra da oso Minsken sinatutako su-etena. Ukrainako armadak jakinarazi duenez, igandean bonba auto bat zartarazi zuten Mariupolen, Donetsk eskualdean, eta bi soldadu hil zituzten. Eskualdeko hiriburuko aireportuan ere borrokak izan dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna