Etsairik gabe, zer ote litzateke?

Zigorrek Errusiari min egin diotela onartu du Putinek.

Beren buruaren jabe izateko eta egoera zaila «akuilu gisa» baliatzeko eskatu die herritarrei.

Mendebaldearen «zinismoa» gogor salatu du
Vladimir Putin, Kremlineko jauregian, nazioaren egoerari buruzko hitzaldia eman aurretik.
Vladimir Putin, Kremlineko jauregian, nazioaren egoerari buruzko hitzaldia eman aurretik. ALEXEY DRUGINYN / EFE

Xabin Makazaga -

2014ko abenduak 5
Errusia bere buruaren jabe, beste inoren beharrik gabe. Nazioaren egoerari buruzko hitzaldian, «kanpoko etsaiek» inguratuta agerrarazi du Vladimir Putinek Errusia, eta, «Mendebaldeko espekulatzaileak» errubloa hondoratuta Mosku belauniko jartzen saiatu direla argudiatu ondoren, egoera bideratzeko gai izango direla nabarmendu du. «Herri sendo eta batu batek, estatu indartsu eta benetan burujabe batek soilik jasan ditzakeen probak gainditu behar izan ditugu aurten».

Ukrainako gatazkagatik Mendebaldeko gobernuek ezarritako zigorrek Errusiari kalte egin diotela onartzearekin bat, «garai zailei» aurre egiteko modu bakarra herritar bakoitzak bere onena ematea dela esan du Errusiako presidenteak: «Akuilu gisa hartu behar ditugu zailtasunak, aukera berriak sortzeko. Prest gaude edozein desafiori aurre egin eta irabazteko».

Petrolioa eta errubloa

Erruak kanpoan partitu arren, azken urtean Errusiako ekonomiak hartu duen kolpea ezin izan du saihestu Putinek, gobernuko, bi ganberetako eta armadako 1.100 ordezkariren aurrean Kremlineko jauregian egindako hitzaldian. Petrolioaren prezioaren jaitsierak, izan ere, oso gogor erasan dio Errusiako ekonomiari: Brent upela heren bat merkatu da udatik, eta 70 dolarretik behera dago, 2009ko urritik maila apalenean. Munduko petrolio esportatzaile handienen artean bigarrena da Errusia: esportazio guztien %70 eta gobernuaren diru sarreren erdiak energia baliabideetatik jasotzen ditu Moskuk.

Petrolioaren prezioa hondoratzeak eta Mendebaldearen zigorrek Errusiari urtebetean 110.000 milioi eurotik gorako galera eragin diotela onartu berri du Errusiako Finantza ministro Anton Siluanovek berak. Eta datorren urtean Errusiako ekonomia atzeraldian sartuko dela aurreratu du Moskuk. Errubloak, halaber, balioaren %40 galdu du dolarrarekiko urtarriletik. Iragan astelehenean, esaterako, dibisak balioaren %9 galdu zuen: egun bakarrean izaniko galera handiena, 1998tik.

Jaitsiera hori eragin bide duten espekulatzaileak ondo ezagutzen dituztela eta Errusiaren kontrako erasoari aurre egiteko tresnak badituztela nabarmendu du Putinek, nahiz eta Errusiako bertako bankuak izan dibisaren balio galtzean jokalari nagusietakoak.

Kutsu aberkoi nabarmena izan du Putinen hitzaldiak, espero zen gisan. Atzerriko «etsaiei» Errusia desegiteko «Jugoslaviakoaren gisako agertoki bat» prestatzea leporatu die, eta Krimea Errusiara batu izana defenditu du, «kristautasuna zabaltzen hasi zenetik» penintsula horrek Errusiarentzat «zentzu sakratua» izan duelako.

Putinek argudiatu du Krimearen anexioa eta Ukraina ekialdeko gatazka gabe ere Mendebaldeak Errusiari zigor ekonomikoak ezartzeko «beste aitzakia bat» topatuko zukeela: «Gure susperraldia gelditu nahi zuten». Errusia bakartu nahian «altzairuko beste errezel bat» eraikitzen saiatzea eta Ukrainako auzian jarrera «zinikoa» izatea egotzi die Putinek Mendebaldeko gobernuei. «Hitler ere, bere ideia misantropikoekin, saiatu zen Errusia deuseztatu eta gu Uraletatik harago botatzen. Gogoratu besterik ez dago hura nola bukatu zen».

Euste politikak

Armadari gorazarre egiteko aukera ez du pasatzen utzi Putinek. Errusiarekin «indar posizio batetik» hitz egitea alferrikakoa dela nabarmendu du, eta erantsi du militarki gain hartuko dion potentziarik ez dagoela: «Euste politika ez da atzo asmatutakoa; gure herrialdearen kontra aspalditik baliatzen dute. Baina gure armada modernoa da, eta, esan ohi den gisan, edukazio onekoa, baina beldurgarria».

Putinek argi utzi du Errusiak ez daukala armamentu gerra «garesti» batean parte hartzeko asmorik, eta erantsi du «bermatuta» dagoela herrialdearen defentsa gaitasuna. Halaber, esan du Errusiarentzat «mehatxu bat» dela AEBek Europa ekialdean hedatu asmo duten misilen aurkako ezkutua, baita baita misilak hartuko dituzten Europako herrialdeentzat eta AEBentzat beraientzat ere: «Mundu osoarentzat da mehatxu bat. Botereen oreka estrategikoa apurtzeko arriskua dakar, eta zaurtezintasun ilusio bat sor dezake, alde bakarreko erabaki ondo pentsatu gabeak hartzeko joera indartu dezakeena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna