Australiara iritsi dira zipriztinak

Bere burua Estatu Islamikoaren jarraitzailetzat aurkeztu duen gizon batek 16 orduko bahiketa bat egin du Sydneyko kafetegi batean.

Polizia indarrez sartu, eta bahitzailea eta bi gatibu hil dira tiroketan
Gatibuetako bat, polizia batengana lasterka, kafetegia uztea lortu zuenean, atzo, Sydneyko Martin Place finantza gunean.
Gatibuetako bat, polizia batengana lasterka, kafetegia uztea lortu zuenean, atzo, Sydneyko Martin Place finantza gunean. JOEL CARRETT / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abenduak 16
Hamasei ordu iraun du Sydneyko Lindt Chocolate Cafe kafetegiko bahiketak. Atzo goizaldean Poliziak indarrez sartzea erabaki zuen, eta gutxienez hiru lagun hil ziren gertatutako tiroketan —horietako bat, bahitzailea—. Erasotzaileak EI Estatu Islamikoaren jarraitzailetzat aurkeztu zuen bere burua, eta motibazio politiko horrek ezohiko gertakaria bihurtu du Australiaren historian. Poliziaren arabera, Irango errefuxiatu politiko bat zen bahitzailea. Australia EIren aurkako koalizioko kidea da Iraken, eta azken hamar urteetan AEBen alde erabat lerratu da Ekialde Hurbileko esku hartzeetan. Australiako Gobernuak uste du 70en bat australiar daudela Sirian eta Iraken EIren alde borrokan. Horregatik, eta EIk egindako mehatxuengatik, irailaz geroztik «eraso terrorista bat» izateko alerta maila altua ezarrita dauka.

Bahiketa astelehen goizean hasi zen, 09:45 inguruan —igandeko 23:45 Euskal Herrian—. Poliziaren arabera, ustezko bahitzailea, Man Haron Monis, armatuta sartu zen Lindt Chocolate Cafe kafetegian, Martin Placen —Sydneyko finantza barrutian—. Hasiera batean ez zegoen argi zenbat gatibu hartu zituen; bahiketa bukatutakoan, Poliziak jakinarazi zuen hamazazpi zirela. Bahiketak iraun zuen orduetan, haietako bortzek ihes egitea lortu zuten. Hegoaldeko Gales Berriko Poliziako buruak hedabideen aitzinean egindako agerraldian erran du indarrez sartzeko erabakia hartu zutela kafetegi barrenean tiro hotsak aditu zituztenean, ez aitzinetik hala erabakita zeukatelako. Ondoren sortutako tiroketa telebistako irudietan ikusi eta entzun zen; Poliziak zarata sortzeko granadak ere erabili zituen, horiek sortutako argien efektuak erakutsi zuenez. Andrew Scipione poliziaburuak jakinarazitakoaren arabera, bahitzailea (50 urte) eta bi gatibu hil ziren tiroketan: 38 urteko emakume bat eta 34 urteko gizon bat.

Agerraldi horretan, Scipionek ez du azaldu bahitzailea nor den, ezta haren motibazioak ere. Tony Abbott lehen ministroak ere ez du EIrekiko loturarik berretsi, baina artean bahiketa bukatuta ez zegoela, erran zuen bahitzailea motibazio politikoak aldarrikatzen zituen pertsona bat zela. Bahiketaren hasieran hartutako irudiak mundu osoan zabaldu dira; bertan, zenbait gatibu ageri dira eskuak kafetegiko beirategian ezarrita dauzkatela, kolore zuriko hizki arabiarrak dauzkan bandera beltz bati eusten. Antzekotasunengatik, Mendebaldeko hedabide handietan EIren banderatzat jo zuten hasieran, baina ez zen hala; Ez dago Ala ez den bertze jainkorik, eta Mahoma da haren profeta, zeukan idatzita. Xahada da hori, musulmanen fede adierazpena. Bahitzaileak bideo bat grabatu zuen, non haren eskakizunen berri ematen zuten lau gatibuk: eskakizunen artean, EIren bandera bat kafetegira ekartzea eta Abbott lehen ministroarekin hedabideetan zuzenean solas egin ahal izatea zeuden. Bideoa LeakSource webguneak filtratu du.

Scipione poliziaburuak ez du argibiderik eman kontu horien inguruan, baina Australiako hedabideek Polizia iturriak aipatuta argitaratu dute Poliziak ez duela uste bahitzailea EIkoa zenik. Erasotzailea Monis dela argitaratu zenetik, berehalakoan zabaldu zen hari buruzko informazioa. Manteghi Burjerdi zuen jaiotzetiko izena, eta 1996an errefuxiatu zen Australian. Webgune bat zuen, eta hil honetan bertan idatzitako azken mezuan adierazi zuen xiismoa utzi eta islamaren bertze adarrera, sunismora igaro zela; horrekin batera, leialtasuna agertu zion Abu Bakr al-Bagdadi EIko buruzagiari. Monis iraganean hainbat aldiz agertua zen Australiako hedabideetan, bertze auzi batzuengatik. Australiak Afganistango gerran daukan parte hartzearen aurka protestak egin zituen, eta zigortu egin zuten hildako soldaduen familiei eskutitz iraingarriak bidaltzeagatik. Gaur egun, baldintzapean aske zegoen, Noleen Hayson Pal emazte ohiaren hilketan konplize izatea egotzita. Kasu horretan defendatu zuen abokatuak ABCNews kateari adierazi dio Monisek «ideologia indartsua» zuela, baina haren ekintzaren izaeraren tamaina erlatibizatu du. «Ez da terrorismo ekintza antolatu bat. Zerbait izugarria egin duen gizon kaltetu bat da», adierazi du Manny Conditsisek.

Gatazkaren ondorioak

Gertakariak Australian sortu duen zirrara handia izan da, herrialdeak EIren aurkako erasoetan parte hartzearen ondorio bat pairatu ote duten baitute aztergai. Alta, ez da gatazka horrekin zerikusia duen indarkeriazko lehen ekintza izan. Irailean bertan, Poliziak 18 urteko gazte bat hil zuen tiroz Melbourneko polizia etxe bateko kanpoaldean. Bertsio ofizialaren arabera, gaztea polizia etxera deitu zuten, EIko jarraitzaile zelakoan galdeketa bat egiteko, eta poliziei labana batekin eraso zien. Azken hilabeteotan, Poliziak sarekada handiak egin ditu ustez EIrekin lotura duten herritarrak atxilotzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna