Ubidea Leheneratzeko Biltzar Iberikoa

Ibaiari itzuli berea dena

Ubidea Leheneratzeko Biltzar Iberikoa egiten ari dira Iruñean. Parte hartu duten adituen artean da Hans-Jorg Raderbauer, iazko River Prize sariaren irabazlea. Lekua eskatu du ibaientzat.

Hans-Jorg Raderbauer, atzo, Iruñeko Baluarteko hitzaldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Leku gehiago behar dute ibaiek». Horixe nabarmendu du Hans-Jorg Raderbauerrek. Austriako Freiland izeneko ingurumen aholkularitza etxeko zuzendaria da. Iruñean izan zen atzo, Baluarten asteartetik egiten ari diren Ubidea Leheneratzeko Biltzar Iberikoan. Raderbauerrek Europako River Prize saria irabazi zuen iaz, Austriako Mur ibaia leheneratzeko egindako proiektuagatik. Lan horren berri eman zuen biltzarrean, eta mahai gainean jarri zituen gako nagusiak: erabakiak gardentasunez hartzea, elkarlana lantzea tokian tokiko erakundeekin, eta gizakien eta naturaren arteko harremana bultzatzeko neurriak martxan jartzea. «Gizakiek leku bizi gisa ulertu behar dituzte ibaiak».

Euronatur erakundeko zuzendari Gabriel Schwaderer eta Frantziako Ikerketa Zientifikorako Zentroko ikerketa zuzendari Herve Piegay aritu ziren atzo, Iruñean, Raderbauerrekin batera. Harekin bat egin zuten: ibaiek berezkoa duten tokia beharrezko ere badutela nabarmendu zuten, eta neurriak eskatu zituzten, ibaien eta haren inguruan bizi diren gizakien arteko harremanetan oreka bultzatzeko asmoz. Schwadererrek Sava ibaiaren kasua jorratu zuen atzoko hitzaldian. Ia mila kilometro luze da, eta Eslovenia, Kroazia, Bosnia eta Herzegovina, eta Serbia ukitzen ditu. Piegayk, berriz, Frantziako ekialdean ibaiak lehengoratzeko martxan diren hainbat proiektu aztertu zituen.

Gizakien esku hartzearen eragina nabarmena da Europako ibaien bidean. Raderbaurrek Mur ibaiaren egoera jarri zuen eragin horren adibide: «Nekazaritzarako erabili zuten ibaia XIX. mendean, eta ordukoa da inguruko habitataren galera; XX. mendean, berriz, energia lortzeko zentralak egin zituzten lehendabizi, eta kutsadura kimikoaren arazoa agertu zen gero».

Mur ibaian hainbat proiektu jarri dituzte martxan, Freiland etxearen eskutik, hainbat urtez. Ibaiaren ondoko berezko habitata lehengoratzea eta hainbat zatitan ibaiari berea zen lekua itzultzea dira hartutako neurrietako hainbat. Hirietan, berriz, korridore berdeak sortu dituzte. Graz izenekoa da Austriako handienetako bat, 250.000 biztanlerekin. Hiri horretan egin dute halako korridore bat, gizakien beharrak eta ibaiarenak uztartuz. Denera, 28 proiektu jarri dituzte martxan Mur ibaian, 21 kilometro luze den eremu batean, eta 12,5 milioi euroko aurrekontuarekin.

Oreka helburu

Raderbauerrek oreka aipatu zuen helburu gisa: «Oreka ibaiaren balio ekologikoaren eta gizakiak ibaiak erabiltzeko dituen beharren artean». Oreka aipatu zuen Gabriel Scwaderer alemaniarrak ere; ibaiak aztertzerakoan, uraren bidea, inguruko habitata, inguruko fauna eta flora kontuan hartzeko beharra nabarmendu zuen. Sava ibaiaren kasuan —ia mila kilometro luze da—, uholdeen auzia ere jorratu zuen Schwadererrek atzoko hitzaldian. «Garai batean egin zituzten dikeak, baina ibaiak suntsitu egin zituen. Hori ez da konponbidea. Ibaiak leku gehiago behar du». Ildo horretan, azaldu zuen uholde eremuak sortu dituztela, ibaiak gainezka egiten duenean sor daitezkeen kalteen eragina murrizteko. Lortu dutela erantsi zuen.

Herve Piegay frantziarrak argi utzi zuen ibaien alde egiteko ibaiarekin eta gizartearekin lan egin behar dela. Plangintza funtsezkotzat jo zuen. Hiriak bereziki aipatu zituen, halaber, eta ibaien aldeko lana gune horietan hasi behar dela nabarmendu zuen. «Jendea hor dago; hor eragin behar dugu. Ingurumena hobetuz, bizi kalitatea hobetzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.