Tecnaliak 100 milioi bideratuko ditu proiektu berrietara 2020. urtera arte

Euskal enpresekin duen jarduera bikoiztea jasotzen du datozen bost urte arteko plan estrategikoak.130 milioi euroko fakturazioa lortu nahi du 2020rako, 40 milioi inguru euskal enpresen bidez

Tecnaliaren standa iazko makina-erremintako biurteko azokan, Barakaldon. ALFREDO ALDAI / EFE.
xabier martin
2015eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Tecnalia osasuntsu dabil, eta epe ertainerako anbizio handiko helburuak ezarri ditu: 130 milioi euroko fakturazioa, gaur egun baino %30 gehiago. Iñaki San Sebastian zuzendariaren albokoak —presidente kargua hartuko du martxoan — ekonomia «garai interesgarrian» dagoela esan zuen atzo, eta azaldu Tecnaliak «pilak kargatuta» dauzkala orainari eta geroari aurre egiteko. 2020. urtera arte jadanik onartu duten plan estrategikoak aurreikusten duen 100 milioi euroko inbertsioak babesten du luze gabe Tecnaliako presidente izango denaren baieztapena. Euskal zentro teknologikoak urrats berria egin nahi du «euskal enpresa laguntzeko zereginean», betiere berrikuntzaren bidez.

2010ean zortzi zentro teknologikoren bat egitearekin sortutako enpresak «hazi egin nahi du datozen urteetan, ez gizendu». San Sebastianen arabera, «inbertsioan, enpresekiko hurbiltasunean, espezializazioan, bikaintasun teknologikoan, aliantzetan eta ikerketan» hazi nahi du Tecnaliak, eta hori guztia modu jasangarri batean egitea. «Giharrak garatu nahi ditugu, baina ez koipea», adierazi zuen.

Tecnalia abiarazi zutenetik, «inoiz ez bezalako egoera ekonomikoa» dauka aurrez aurre; orain arte «bizirik irautea» izan da enpresen lehentasuna. Testuinguru horretan, «enpresa guztiek ez dute I+G+Baren aldeko apustua egin», eta zaila izan da merkatu geldo baten aurrean baliabide handiak eskatzen zituzten proiektu berriei ekitea.

Haatik, gauzak aldatu egin direla uste dute Tecnaliak, eta salmentak %30 igo nahi dituzte datozen bost urteetan, 130 milioi eurora arte. Proiektu berriei aurre egiteko 100 milioiko inbertsioak aurreikusi dituzte, gainera, eta horrek ekarriko du euskal enpresekin duen jarduera bikoiztea. Egun 27,1 milioi euro fakturatzen du Tecnaliak haien bidez, eta 40 milioira igo nahi du kopurua 2020rako, batez ere energiaren, garraioaren, fabrikazio automatizatuaren eta osasunaren sektoreetan hazita, eta oinarri teknologikoko enpresa berriak ere kontuan hartuta.

Industria eraldatu

«Krisiak zerbait argi utzi badu, hauxe da: berrikuntza da lehiakortasunaren eragile nagusia». Tecnaliako buruak uste du fase berri bat hastear daudela. Ondorioz, lehentasunak aldatu egingo direla dio, eta eskakizun maila handiagoa izango da I+G+B-ko jardueretan, «lehiakortasun handia egongo da merkatuan, eta balio bereizgarria eman beharko da nahitaez». Hala, euskal industria «eraldatzeko» eragile gisa jardungo duela azaldu zuen Iñaki San Sebastianek, «nazioarteko proiekzio selektibo batekin, Euskadira ezagutza eta esperientzia gehiago ekartzeko».

Kontratupeko jarduerari dagokionez, Tecnaliak Euskal Herrian duen portzentajea handituko du, barne merkatuan eta nazioartean egingo diren kontratuekin alderatuta. Hala, jardueraren %65 EAEn egingo litzateke 2020rako, %22 barne merkatuan eta %13 nazioartean, baina diru sarrerak igo egingo lirateke arlo guztietan.

Tecnalia Europako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro pribatu nagusietakoa da. 30 herrialdetako 1.400 aditu aritzen dira zentroarentzat, eta guztiek dihardute ezagutza BPG bihurtzeko ahaleginean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.