Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Ekonomia «Bertutezko zirkulua» Elgoibarren

Publizitatea

Ekonomia

«Bertutezko zirkulua» Elgoibarren

IMH Makina Erremintaren Institutuak 25. urteurrena ospatu du, Asmaola eraikina inauguratuta. Enpresa txiki eta ertainen eta irakasleen arteko jakintza trukean oinarritu dute proiektu berria
IMHko ikasleak, atzo, Elgoibarko Asmaola eraikin berriko makinak erabiltzen.
IMHko ikasleak, atzo, Elgoibarko Asmaola eraikin berriko makinak erabiltzen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2016-04-20 / Jon Fernandez

Iñigo Urkulluri «jasangarritasunaren gakoa» zein den kontatu zion atzo Xabier Ortueta IMH Makina Erremintaren Institutuko presidenteak, erakundearen 25. urteurreneko ekitaldian. «Prestatutako jende talde handi bat izatea. Horrekin edonora joan gaitezke. Denok, eta denok prestakuntza handiarekin, bakoitza bere arloan. Buzo urdindun jende asko, baina ondo prestatutakoak, eta beste batzuk bata zuriarekin, eta beste batzuk gorbatekin». Ortuetak adierazi zuen jakintza eta enpresa uztartzeko eta elkar elikatzeko gunea dela IMH, eta azaldu zuen «bertutezko zirkulua» lortu dutela bertan.

Atzo bertan inauguratutako Asmaola eraikinak hartzen duen Tkgune Fabrikazioa proiektuari esker, enpresa txiki eta ertainei (ETE) berrikuntzarako azpiegitura, makineria eta jakintza eskaintzen diete IMHko lanbide heziketako eta ingeniaritzako irakasleek. Trukean, irakasleek esperientziaren eskarmentuarekin ikasitakoa helarazten diete ikasleei, eta jakintzaren zirkulua itxi. Horrela, ETE-ek prezio eskuragarrian lor dezakete berrikuntzarako bidea egitea, eta ikasleek makina-erremintaren merkatuko erronkari eta errealitateari buruzko jakintza zuzenagoa lortzen dute.

Mende laurdena ospatzeaz gain, jakintza trukaketa horretara erabiliko den Asmaola eraikina inauguratu zuen IMHk atzo. Agintari ugari egon ziren bertan, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zutela: Arantza Tapia, Angel Toña eta Cristina Uriarte sailburuak, Ana Beitia Elgoibarko alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, eta patronaleko eta enpresetako ordezkariak; besteak beste, Iñigo Uzin Danobateko burua, Mondragon Taldeko presidente izango dena.

Elkar elikatzea

«Gutxitan iristen da amesten duzun eguna. Gaur da egun hori», esan zuen Gipuzkoako diputatu nagusiak. Ametsa egia bihurtu dela esplikatu zuen, IMHn Soluzioak mikroenpresentzat dokumentua idatzi zutenetik hamar urtera, hezur-mamizko proiektu bihurtu baita Tkgune Fabrikazioa. Jatorrian, Asmaola izenez jaio zen jakintza eta ETEak lotu nahi zituen proiektua, baina bidean asko hazi da, eta izen berria hartu du azkenean: Tkgunea —IMHko eraikin berriarentzat gorde dute Asmaola izena—. Bidean, erakunde eta enpresa ugarik lagundu dute diruz proiektua: Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Diputazioak, Elgoibarko Udalak, Adegik eta Kutxak, besteak beste. Gaur egun, hamahiru zentrok osatzen dute Tkgunea: IMH, Usurbil, Txorierri, Egibide, Somorrostro, Tolosaldea, La Salle Berrozpe, Goierri, Bergara, Elorrieta Erreka Mari, Bidasoa, Oteiza eta Lea Artibai.

Aurrekontu mugatuko enpresak berrikuntza sistemetan trebatzea da proiektuaren helburua, eta horixe egiten ari dira dagoeneko Asmaola eraikinean. Atzo Elgoibarren izan ziren agintari, enpresari eta kazetariei erakutsi zizkieten instalazioak. Gaur egun makina-erremintaren sektoreko puntako enpresa batek dituen makinak dituzte bertan, hainbat teknologiatakoak; tartean, gehitze bidezko fabrikaziorako bi makina. 3D inprimagailuen antzekoak dira, eta batek plastikozko eta gomazko piezak egiten ditu, eta besteak, metalezkoak, laser bidez.

Tkgune Fabrikazioak operazio eta prozesu alternatiboen simulazioa eskaintzen die ETE-ei, produktuak berritzeko laguntza eskaintzen die horretarako bitartekoak jarriz, eta prototipo eta materialen fabrikazioa eta egiaztatzea ahalbidetzen die. IMHko iturriek azaldu dutenez, onuradunak biak dira: enpresak eta Lanbide Heziketako sistema bera. Batetik, berrikuntza sisteman parte hartzea, produktuak eta prozesuak optimizatzea eta suspertzen ari diren sektoreetan sartzea errazten die enpresei; bestetik, Lanbide Heziketako irakasleen «bikaintasuna» ziurtatzen du, irakasle berrien prestakuntza eta sustapena ekarriz. Funtsean, zentroen eta ETE-en artean «oso interesgarriak diren konfiantza guneak sortzen dira, ezagutza inplizituak transmititzeko».

Azken 25 urteetan, IMHn 2.000tik gora ikaslek ikasi dute Lanbide Heziketa zikloetan, eta 50.000tik gora lagunek egin dituzte prestakuntza iraunkorreko ikastaroak. Ingeniaritza duala eskaintzen duen zentro bakarra da Euskal Herrian —ikastearekin batera praktikak egiten dituzte enpresetan, lehen ikasturtetik—, eta 148 ingeniaritza ikasle ditu gaur egun.

IMHn lantzen duten «lankidetzazko berrikuntza» txalotu zuen Urkulluk, eta nabarmendu zuen susperraldian dagoen ekonomiak lanbide heziketan trebatutako profesionalak beharko dituela. Esplikatu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 700 enpresaren artean egindako inkesta baten arabera hiru enpresatik bik langileak kontratatzeko asmoa daukatela, eta kontratu berrien ia erdiak (%46) lanbide heziketako tituludunentzat izango direla. Asmaola ETE-en «bidelagunik onena» izango dela ziurtatu zuen, eta IMHk eredu produktiboari aurrea hartu izana txalotu zuen, aurreratutako teknologia duen industrian ardaztu delako.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Fernandez Jon Fernandez

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak