Sidenorreko buruek Gerdauren fabriken jabetza berreskuratu dute

Guztira, 155 milioi euro pagatuko ditu Clerbil SLk Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako lantegien truke. Gerdauk azaldu duenez, salmentak ez du kaleratzerik ekarriko plantetan

Gerdau-Sidenorren altzairutegia, Basaurin (Bizkaia), artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
2016ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Duela 11 urte erositako prezioaren herenean saldu du Gerdauk Sidenor, eta, gainera, Sidenorreko zuzendaritzako kide batzuk sortutako Clerbil SL konpainiari saldu dio. Alegia, etxe barruan adostu dute salmenta, eta bi aldeak geratu dira gustura: prezio merkean erosi dutelako batzuk, eta behintzat Sidenor adarra saltzea lortuta likidezia apur bat berreskuratuko dutelako besteak. Brasilgo altzairugileak Euskal Herrian dituen sei lantegiak saldu dizkio Clerbili, eta baita Espainiako eta Herrialde Katalanetako beste lau plantak ere. Salmentari esker, Gerdauk guztira 155 milioi euro poltsikoratuko ditu, eta datozen bost urteetan beste 45 milioi jasotzeko aukera ere izango du, etorkizunean negozioak hartzen duen bidearen arabera.

Joan den urritik jakina zen Gerdau Sidenor saltzeko asmotan zebilela, baina zazpi hilabete geroago baieztatu da zurrumurrua. Salmenta prezioarekin «gustura» geratu da multinazionala, eta zehaztu du ezin direla konparatu 2005eko salmentaren testuingurua eta oraingoa. Salmenta prezioa Sidenorren 2015eko ebitda emaitza —zorraren interesak eta zergak pagatu aurreko emaitza— baino 21 aldiz handiagoa da.

Gaur egungo Gerdau-Sidenorreko zuzendaritzako kideek martxoan sortu zuten Clerbil, egoitza Bilbon ezarrita, eta Jose Antonio Jainaga da enpresaren kudeatzaile bakarra, Gerdau-Sidenorreko egungo idazkari nagusia. Sidenor konpainiaren oinordekoak dira Gerdauk Euskal Herrian dituen lantegiak. 2005. urtean erosi zuen Gerdauk Sidenor. Egun sei lantoki ditu martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Handiena Basaurin dago—egoitza nagusia—, eta beste bi altzairutegi ditu Gasteizen eta Azkoitian (Gipuzkoa). Horrekin batera, altzairu arina ekoizten du Legution (Araba) eta Soraluzen (Gipuzkoa). Azkenik, txatarra biltzen du Legazpin (Gipuzkoa).Guztien artean, 2.250 langile dira; 1.500 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bakarrik Basaurin, 900 inguru.

Erabakigunea, gertuago

Salmentaren helburua Gerdauren lehiakortasuna handitzea dela azaldu du, prentsa ohar bidez, Andre B. Gerdau Johannpeterrek, Gerdauko zuzendari nagusiak. «Merkatuan balio handiagoa sortu nahi dugu, eta gure operazioen lehiakortasuna handitu, zorpetzea kontrolpean mantenduta. Testuinguru horretan, Espainiako dibisioaren salmenta egin dugu Gerdauk bere enpresa errentagarrienetan zentratzeko aukera izan dezan. Txinaren dumping-ak eta argindar garestiak hauspotutako Europako altzairu sektorearen krisia eta Brasilgo krisi ekonomikoa batu zaizkio Gerdauri, eta multinazionalaren gerrikoa estutzeko garaia iritsi dela erabaki du.

Salmentaren ostean, konpainiak berriz ere jatorrizko izena berreskuratuko du, Sidenor, eta galdu egingo du multinazional brasildarraren deitura (Gerdau). Euskal Herriko, Espainiako eta Herrialde Katalanetako lantegiez gain, bulego komertzialak ditu Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan. Hainbat sektore ekonomikotarako altzairu bereziak ekoizten ditu Sidenorrek, baina, batez ere, automozio sektorerakoak.

1980 eta 1990eko hamarkadetako berregituraketa industriala jasan zuten hainbat enpresaren baturatik sortu zen Sidenor. Estatuaren esku geratu ostean, pribatizatu egin zuten 1995ean, eta Sabino Arrieta zen akziodun nagusia. Hiru urte geroago sartu zen enpresan Jainaga, azken salmenta operazioaren muinean dagoen gizona. 2005ean, Gerdauk erosi zuenean, kontseilari ordezkaria zen Jainaga, eta, harrezkero, Sidenorreko idazkari nagusia izan da.

Gerdauk Europako Inbertsio Bankuaren laguntza izan du salmenta prozesuan, eta azaldu du jasotako hamar eskaintzetatik Clerbilena aukeratu dutela ekonomikoki onena zelako eta kaleratzerik proposatzen ez duelako. Basauriko langile batzordeak sorpresaz hartu du berria, eta berehalako bilera eskatu du jabe berriekin, etorkizunera begira egingo duten plan industrialaz berba egiteko. Halere, «positibotzat» jo du salmenta, erabakigunea Brasildik Euskal Herrira dakarrelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.