Sidenorrek 35 milioi inbertituko ditu Basaurin, eta 30 enplegu sortuko

Bizkaiko altzairutegiak berrikuntzak egingo ditu datorren urtean, produktua hobetzeko eta lehiakortasuna handitzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du sektoreak baduela etorkizuna

Jose Antonio Jainaga eta Unai Rementeria (lehen biak ezkerretik), atzo, Sidenorren Basauriko lantegian. BFA.
Jon Fernandez.
2016ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Sidenor euskal enpresa siderurgikoak iragarri du 35 milioi euroko inbertsioa egingo duela Basaurindaukan plantan (Bizkaia), eta horrek 25 eta 30 lanpostu artean sortzea ekarriko duela. Jose Antonio Jainaga Sidenorreko kontseilari ordezkariak jakinarazi zuen atzo zehazki lantegiko zein arlotan egingo dituzten inbertsioak: altzairu instalazioetan, laminazio trenean eta altzairu totxoak berotzeko labean. Bizkaiko ahaldun nagusiaren ondoan eman zituen azalpenak Jainagak, eta Unai Rementeriak euskal altzairugintzaren eredutzat jarri zuen konpainia.

Jainagak joan den uztailean aurreratu zuen Basauriko lantegian 80 eta 90 milioi euro artean inbertitzeko asmoa daukatela 2017. urte hasierarako. Erabaki hori datorren urteko lehen hiruhilekoan hartzekoak dira, baina dagoeneko aurreratu dute inbertsioaren zati bat zein izango den, 35 milioikoa. Inbertsioaren helburua Basauriko altzairutegia modernizatzea da, «Europako lehiakorrena bihurtzea», eta produktuaren kalitatea hobetzea.

Inbertsioa 2017an egingo dute, eta merkatu segmentu berrietara iristea ahalbidetuko dio Sidenorri. Instalazio berriak datorren udan jarriko dituzte, abuztuko jarduera txikiagoa aprobetxatuz. Hartara, makina berriak errendimendu betean daudenean, 25 eta 30 lanpostu artean sortzea espero dute, 2017ko udazkenetik 2018ko udara bitartean.

«Nork inbertituko luke sinesten ez duen sektore batean?», galdetu du Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Haren ustez, Bizkaiko altzairugintzak badu etorkizuna, «gure siderurgiaren eragile diren Euskadiko eta Bizkaiko beste enpresa batzuk daudelako: autogintza, gas eta oliogintza eta aeronautikakoak, besteak beste». Sektorea indartze aldera, Rementeriak lurraldeko enpresei eskatu die interesak bateratzeko eta altzairua atzerrian ez erosteko.

Sektorearen eskaera EBri

Sidenorri ere eskatu dio altzairua, ahal den heinean, euskal altzairugileei erosteko. Haren berbetan, euskal altzairutegiak ezin dira lehiatu Txinako eta Errusiako altzairuarekin. «Gure liga ez dago hor, kalitate handiagoko eta balio erantsi handiagoko altzairuaren ekoizpenean baizik». Apustu horren eredutzat jarri du Sidenor, eta baita Sestaoko ACB ere, «altzairu berezien eta balio erantsi handiagoaren» aldeko hautua egin dutelako. Arcelor Mittalek I+G zentro bilakatu nahi du Sestaoko altzairutegia, baina bakarrik asteburuetan dago martxan, produkzio ahalmenaren ia %15 ekoitziz, eta soilik behargin erdiekin (140).

Bestelakoa da Sidenorren egoera. Euskal altzairutegiko zuzendaritzak maiatzean erosi zion Sidenor Brasilgo Gerdau multinazionalari. 2005. urtean Gerdauk Sidenor erosi zuen, eta, 11 urte geroago, 155 milioi euroren truke saldu du, orduan erositako prezioaren herenean. Salerosketa egitearekin batera agindu zuen Jainagak ez dela kaleratzerik izango.

Konpainiako sei lantoki ditu martxan Euskal Herrian. Handiena Basaurikoa da —egoitza nagusia—, eta beste bi altzairutegi ditu Gasteizen eta Azkoitian (Gipuzkoa). Txatarra biltzeko zentroa ere badu Legazpin (Gipuzkoa). Bertoko lantegiez gain, beste lau ditu Espainian eta Herrialde Katalanetan. Guztien artean, 2.250 langile dira; 1.500 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bakarrik Basaurin, 900 inguru.

Eurofer Europako altzairugileen patronalak eta sektoreko 57 eragilek —konpainiek, elkarteek eta sindikatuek— EBko gobernuburuei eskatu diete neurriak har ditzatela etzi eta etzidamu egingo duten goi bileran, Europako altzairugintzaren geroa ziurtatzeko. Besteak beste, Txinaren dumping-aren kontrako neurriak indartzeko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.