Atentatuak Katalunian

Rajoyk batasuna eskatuz erantzun dio manifestazio aurreko tentsioari

170 gizarte eragile inguruk manifestu bat egin dute, PPk eta Espainiako erregeak manifestazioan egingo duten bateratzea gaitzesteko. Gaurko 18:00etan hasiko da manifestazioa, Graciatik

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, kazetarien galderak erantzuten, atzo, Ministroen Bilkuraren ostean. CHEMA MOYA / EFE.
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Mariano Rajoyk Espainiaren eta Kataluniaren arteko talka ezkutatzeko ahalegin berezia egin zuen atzo, ministroen kontseiluaren ondorengo agerraldian, eta hartu duen hainbat erabakiz ere mintzatu zen. Espainiako presidentearen arabera, «hasieratik» elkarrekin egin dute lan Kataluniako eta Espainiako gobernuek, nahiz eta leporatu dioten erasoak gertatu eta hurrengo orduetan estatua Kataluniatik «desagertu» zela. Segurtasun indarrez azaldutakoak ere egunotako ika-miken oso bestelakoak izan dira. «Segurtasun indar guztiak» zoriondu ditu, eta «batasunerako» mezua berretsi du: «Batasun politikoa garrantzitsua da; izan ere, horrelako egoeratan gure desberdintasunak baztertzeak indartsu egiten gaitu».

Rajoyk ziurtatu du bi administrazioen arteko elkarlana «etengabea eta ona» izan dela, «bai erabaki politikoak hartzeko orduan, eta bai ardura polizialak banatzeko orduan». Erasoen berri izan zutenean, Generalitatearekin krisialdi kabinete bat eratzea adostu zutela nabarmendu du, haren ustez «mehatxu horri erantzun bateratua emateko unea» baita. Horretarako, beste indar politikoei TerrorismoarenKontrako Ituna sinatzeko eskaera egin die.

Horrez gainera, Zigor Kodearen erreforma egiteari ateak ireki dizkio. 2015ean onartu zituen Kodea indartzeko legeak PPren gobernuak. Oposiziotik kritika ugari jaso zituen gobernuak, Zigor Koderik gogorrena izan baitzen, Francoren diktadura bukatu zenetik.

Bestalde, Espainiako erregeak izan duen rola goraipatu du: «Bartzelonan egindako ekitaldietan erregearen eta erreginaren presentziak, eta biktimekiko izan duten adeitasunak erakusten dute Espainiaren elkartasuna».

Rajoyk «mundu guztia» gonbidatu du gaur Bartzelonan egingo duten manifestaldira: «Han, gizarte katalanarekin, eta Espainiako erregeak ordezkatutako gizarte espainiarrarekin, batasun irudia emango dugu, berriz ere».

Kataluniako gizartearen parte baten ustez, ordea, gauzak ez dira presidenteak azaldu dituen bezala. Askok leporatu diote erasoa gertatu eta hurrengo orduetan «desagertuta» egotea, eta beste askok «itxurakeriaz» jokatzea egotzi diete PP Alderdi Popularrari eta Espainiako erregeari, «bultzatu dituzten politikak bakearen kulturaren aurkakoak» izateagatik. Are gehiago, Kataluniako 170 bat gizarte eragilek PPk eta erregeak gaurko manifestazioan egingo duten bateratzea gaitzesteko manifestu bat aurkeztu zuten atzo. Desadostasun horren erakusgarri, elkarretaratzea egingo dute gaur 16:00etan, Rambletan, Zuen politikak, gure hildakoak. Bakea, elkartasuna eta dibertsitatean bizikidetza lelopean.

Manifestuaren sinatzaileetako bat ANC Kataluniako Biltzar Nazionala da, eta manifestaziora bilduko diren herritarrei xingola beltza jositako «mila bandera» eramateko deia egin du. Albert Rivera Ciutadanseko presidenteak, aldiz, ikur politikorik ez eramateko eskatu du.

Parlamentuan, bilkura

Kataluniako Parlamentuak ezohiko osoko bilkura egin zuen atzo, eraso «terroristak» gaitzesteko, eta biktimak oroitzeko. Bilkuraren hasieran, minutu bateko isilunea egin zuten hildakoen omenez. Herrialdea, eta, batez ere, segurtasun indarrak eta larrialdi zerbitzuak goraipatu zituzten egindako lanagatik, erakundeko alderdi politiko guztiek elkarrekin sinatutako Deklarazio Instituzionalean. Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak aipamen berezia egin zien mossoei.

Ez dut beldurrik lelopean egingo dute manifestazioa, gaur arratsean, Bartzelonan. Herritarrak eta segurtasun indarrak izango dira gidari Jardinets de Graciatik abiatu eta Plaza Cataluñan bukatuko den martxan. Ada Colau Bartzelonako alkatearen hitzetan, bateratze jendetsua espero dute: «herritarren manifestazioa». Horregatik joango da gizarte zibila lehen lerroan. Arropa urdina janzteko eskatu dute ANCk eta hainbat gizarte eragilek. Asmoa gizarte zibila ikustaraztea da: «Marea urdina ikusi nahi dugu, gizarte zibila eta bakearen kontrako politikak egiten dituztenetik bereizteko». Han izango dira, era berean, Espainiako erregea, Espainiako Gobernuko presidentea, ministroak, eta senatuko, parlamentuko, eta autonomia erkidegoetako buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.