EAEko erakundeek bidea ireki dute Ekarpen Legea aurten eguneratzeko

Ekaina iritsi baino lehen argitaratuko dute administrazio bakoitzaren eskumen maila identifikatuko duen txostena. Dokumentuaren ondorioetan oinarritu beharko da finantzaketaren banaketa berria

Ivan Santamaria -

2018ko otsailak 14
2007. urtean onartu zen azken aldiz Ekarpen Legea. EAEko administrazioen artean diru baliabideak nola banatzen diren ezartzen du arauak. Bost urterako iraupena du, baina gaurkotzeko ezintasunak sei urtez luzatzea eragin du. Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek behingoagatik bukatu nahi dute atzerapen hori, eta urtea amaitu baino lehen lege berri bat hitzartzeko prozedurari abiadura sartzea erabaki dute, atzo egindako Finantzen Euskal Kontseiluan.

Ez da erakundeek epemuga bat finkatu duten lehen aldia. 2016ko otsailean, abendurako proiektu bat hitzartuta egongo zela aurreikusi zuten. Eguna iritsi zenean, ez zegoen legerik. Hilabete batzuk lehenago Eusko Legebiltzarrak onartu zuen Udal Legean aurkitu zuten justifikazioa. Arau horrek lehen eta bigarren xedapen gehigarrietan aurreikusi zuen administrazio bakoitzaren eskumen eta finantzaketa mailari buruzko txosten bat egitea ezinbesteko baldintza zela, legea onartu eta beranduenez urtebetera.

Txosten horren erredakzioa ere behar baino gehiago atzeratu da, baina atzoko bileran erakundeek iragarri zuten maiatzaren 31rako prest egongo dela. Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalerriek nolako eskumenak dituzten, eta horiei aurre egiteko zenbateko finantzaketa behar duten finkatu beharko du azterketa horrek. Udal Legeari jarraituz, gainera, dokumentu horretan aterako diren ondorioetan oinarritu beharko da Ekarpen Legearen finantzaketa eredu berria.

Gaur egun, Espainiako Gobernuarekin kupoa kitatu ondoren, zerga bidez biltzen diren hamar eurotik zazpi jasotzen ditu Jaurlaritzak. Beste 30 euro aldundien eta udalen artean banatzen da, gutxi gorabehera erdibana. Jaurlaritzari egin beharreko ekarpena nola egin behar den ere arautzen du legeak. Kontu polemikoa da. Ereduari jarraituz, normalean Arabari eta Gipuzkoari behar baino baliabide gutxiago geratzen zaizkie, eta egokitzapen funts batetik aparteko finantzaketa eskuratu ohi dute. Atzo hitzartu zen iazko bilketaren likidazioa, eta funts horretatik 59 milioi eskuratuko ditu Arabak, eta 53 milioi Gipuzkoak.

Txostenean identifikatutako eskumen banaketa zehazteak erraztuko du ondoren egin beharreko prozedura. Ekarpen Legea, bere izaeragatik, ez da proiektu arrunt bat. Lehenik eta behin Finantzen Euskal Kontseiluaren barruan onartu behar da, akordio gisa. Ondoren, akordio horren edukia aurkezten zaio Eusko Legebiltzarrari, irakurketa bakarreko prozeduraren bidez bozkatzeko. Kontseiluan bederatzi kide daude. Hiru Jaurlaritzak jartzen ditu, hiru aldundiek eta hiru udalerriek. Aldundien eta udalerrien kasuan, bana da herrialde bakoitzeko. EAJk gehiengo nahikoa du kontseiluan lege berri bat onartzeko —zortzi kide ditu, eta bat EH Bilduk—, baina Legebiltzarrean gobernuari boto bat falta zaio, eta EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen edo PPren abstentzioa beharko luke, gutxienez, Finantzen Euskal Kontseiluan adostutakoa lege bihurtzeko.

Bestalde, kontseiluak iazko zerga bilketaren kitapena itxi zuen atzo. 14.473 milioi bildu zituzten ogasunek. Jaurlaritzak espero baino 730 milioi gehiago eskuratu ditu. Gehiena zorpetzea arintzeko erabiliko du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna