Sindikatu abertzaleen aliantza estrategikoaren saioa, itopuntuan

Hezkuntza arloan ELAk eta LABek izandako talkak argi islatu du oso ahul dagoela indar metaketaren aukera. ELAko buru Adolfo Muñozen ustez, «grebarik gabe ez da posible» ekintza estrategikorik
Adolfo Muñoz eta Garbiñe Aranburu, iazko irailean, prozesu subiranista baten aldeko deia egiteko prentsaurrekoan.
Adolfo Muñoz eta Garbiñe Aranburu, iazko irailean, prozesu subiranista baten aldeko deia egiteko prentsaurrekoan. LUIS TEJIDO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2018ko martxoak 8

Inoiz baino zalantza gehiago daude sindikatu abertzaleek estrategia komuna adostu eta hura gauzatzeko zabaldu duten negoziazio prozesuan. Irakaskuntza publikoan ELAk eta LABek izan duten talkak garbi islatu du ahula dela gehiengo sindikalak urrats kualitatibo bat egiteko aukera. Izan ere, prozesu horretan pitzadura handiak irekita zeuden jada. ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz oso kritiko azaldu zen atzo, sindikatuaren webgunean argitara emandako gutun batean, LABek irakaskuntza publikoan hartu dituen azken erabakiekin.

Haurreskolen, garbiketaren eta sukaldeen, eta heziketa bereziaren mahaietan LABek akordioak egin ditu Hezkuntza Sailarekin, batzuetan bakarrik —haur eskoletan ordezkaritza nahikoa dauka—, eta beste batzuetan CCOO eta UGTrekin batera. Heziketa berezietako ituna, berriz, Steilasek hartuko duen erabakiaren zain dago. Irakasleen alorrean, aldiz, aurrera jarraitzen dute greba deialdiek, baita ELAk, LABek eta Steilasek osatu duten gehiengoak ere. Irakaskuntza publikoan islatu den batasun hori hautsi egin da, ordea.

Eta ELAko idazkari nagusiak ez du ongi hartu, auzitan jarri baitu sindikatu abertzaleek elkarlanean aurrera egiteko aukera ere. «Gatazkarik eta grebarik gabe ezin dira murrizketak indargabetu, ezta prekaritatearen aurkako borrokan emaitzarik lortu ere. Ez goaz bide onetik greba mugimendu sindikalarentzako arazo bihurtzen bada», dio bere gutunean. LABek asteon hartu dituen erabakiak «oso albiste txarra» direla azaldu du. «LABek ezin du esan erabakia edukiei esker hartu duenik, edukiak oso txarrak baitira».

Sindikatu bien arteko harremana asko hoztu dela garbi uzten duen esaldia ere idatzita dakar ELAko buruaren eskutitzak: «LABek, CCOOk eta UGTk sinatu dituzten akordioek ez dute ezer konpontzen; aitzitik, arazoak iraunarazteko izango dira. LABek hori badaki, baina ez dio axola».

Iraileko manifestu hura

Ainhoa Etxaideri LABeko idazkaritza nagusia uzteko bi urte inguru geratzen zitzaizkiola hasi ziren sindikatu abertzaleak aliantza estrategiko bat egiteko aukera aztertzen. EH Bildu Gipuzkoako Foru Gobernutik eta Donostiako Udal Gobernutik at zegoen ordurako. ELAk eta LABek tirabira batzuk izan zituzten gobernu horien kudeaketaren harira; Muñozen sindikatuak jarrera kritikoagoa eskatu zion haiekiko LABi.

Hurbilketa bat egiten saiatzeko arazo izateari utzi zion aldagai horrek, beraz. Ez, ordea, lan erreformaren garaiko negoziazio kolektiboan sindikatu biek aukeratutako estrategia desberdinek. Esparru horretan ere, oztopo ugari gainditu behar izan dituzte, betiere aliantza estrategiko bat gauzatzearen alde.

2017ko irailaren 3an mugarria jarri zuten Adolfo Muñozek eta Garbiñe Aranburuk —LABeko idazkari nagusia iazko ekainaz geroztik— elkarlanerako bide malkartsuan. «Aldebakarreko prozesu subiranista» abian jartzeko aliantza batera deitu zituzten ezkerreko alderdiak, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi erreparatuz.

Eta gaur arte. «Eusko Jaurlaritzak, noski, ontzat eman du LABen erabakia. Sindikalismo 'arduratsua' beti begi onez ikusten dute patronalek eta gobernuek». Adolfo Muñozen lerroek tonu jakin bat eta eduki argigarri bat dakarte: «Egin dutenak zeharo kezkatzen gaitu; izan ere, LABen asmoa desmobilizatzea bada, ez dago haiekin ekintza estrategikorik egiteko aukerarik».

ELA eta LAB aliantza estrategiko bat adosteko prozesua ez atzera ez aurrera gelditu da urte hasieratik, eta gaur-gaurkoz ez dirudi fruiturik emateko gai izango denik. Sindikatu bien irizpide desberdinek hainbat esparrutan hor jarraitzen dute, eta lokarri bat askatzerako beste bi sortu dira. Esaterako, erresistentzia kutxarekin. ELAk nahi zuen LABek tresna hori indartzea, grebak egin ahal izateko oinarrizkotzat jotzen duelako; LABek «borroka kutxa» dauka, eta azaldu du bestelako erabilera ematen diola, ez soldataren ordezkoarena.

Soldata arrakalaren mahaia

Horiek horrela, ELA eta LAB gehiengo sindikal gisa jotzeko lotzen dituzten zioak ez dira gutxi izan historikoki, eta bere horretan jarraitzen dute; lan itunen estatalizazioa, esaterako, unean uneko batasuna areago eramateko motor bat izan da azken bi urteotan, baita lan baldintzen prekarizazioari aurre egiteko beharra ere. Lan harremanen euskal esparruaren babesa helburu orokor gisa hartuta, politikoki —burujabetzan— aurrerapausoak emateko xede nagusi bat ere bazuen balizko aliantzak. Baina esparru horretan ere, ez dira plazaratu urrats gehiago iraileko manifestuaz aparte.

Otsailaren 21ean, berriz, sindikatu biek aldenduta dabiltzala erakutsi zuten berriro, Jaurlaritzak gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakalari buruzko mahaira deitu zuenean. ELAk uko egin zion bilerara joateari; LABek joatea erabaki zuen.

Adostasunik ezaren kate honi beste begi bat jarri zion atzo Adolfo Muñozen abisuak: «Sindikalismo erreibindikatiboaren oinarria ekintza erreibindikatiboa da. Bide horretatik joanez gero, badago elkartzeko eta ekintza estrategikoa garatzeko aukera; hortik kanpo, aldiz, ez».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Turismoaren datuak kaskarrak izan dira irailean Euskal Ekonomiaren Termometroaren arabera. ©JON URBE / FOKU

Ekonomiaren errebotea %15,2koa izan da hirugarren hiruhilekoan

Irune Lasa

BPGaren urte arteko jaitsiera -%7,7ra murriztu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, jarduera ekonomikoak udan izandako erreboteari esker. Enplegua %6,5 urritu da 2019ko hirugarren hiruhilekotik
Trenasan ekoitzitako bi autobus, lantegiko aparkalekuan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Trenasako neurriak planta guztien artean banatzeko eskatu dio Aierdik CAFi

Imanol Magro Eizmendi

Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariaren ustez, «onartezina» da Castejongo lantegia ixtea. CAFek jasotako diru publikoa gogoratu du
Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroa eta Magdalena Valerio Toledoko Itunaren  batzordeko presidentea ©Kiko Huesca (Efe)

Asteartean bozkatuko dituzte pentsioen erreformarako gomendioak

Jokin Sagarzazu

Espainiako Toledoko Ituneko taldeek adostu dute pentsioak KPIa oinarri izan duen indize baten arabera eguneratzea. Lan bizitza luzatzea babestu dute, baina salbuespenak eskatu dituzte erretiro aurreratuak zigortzeko orduan. Eta finantzaketa publikoa argitzea nahi dute, pentsioen sistemari berez ez dagozkion gastuak kentzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna