Hamar enpresatik zazpik langileak kontratatzeko zailtasunak dituzte

Confebaskek kalkulatu du hiru urtean 100.000 lanpostu bete beharko direla. Patronalak eta Eusko Jaurlaritzak itun bat sinatu dute, iragarritako enplegu sorrera hori elkarrekin kudeatzeko

Eusko Jaurlaritzako agintariak, Urkullu lehendakaria buru, Confebask patronaleko buruzagiekin, atzoko sinatze ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 127.000 pertsona daude lanik gabe eta enplegu zerbitzu publikoetan erroldatuta. Hala ere, hamar enpresatik zazpik ziurtatu dute zailtasunak dituztela behar dituzten langile berriak kontratatzeko, Confebask enpresaburu elkarteak egindako azterketa berri baten arabera.

Patronalak kalkulatu du hiru urtean 100.000 lanpostu bete beharko direla, galdetegi horretan atera diren emaitzei jarraituz. Mila enpresak erantzun diote inkestari, eta guztien artean 70.000 langile dituzte.

Non daude zailtasunak? Nagusiena oraindik ere beharrezko formakuntza edo espezializazio eza da (%56), eta ia horren pare geratu da esperientzia falta (%52). Hala eta guztiz ere, pertsona bat kontratatzeko orduan, garrantzitsuena hautagaiaren «jarrera, prestutasuna eta interesa» dira,enpresen %72k erantzun dutenez. Eta hori da langile berriak aurkitzeko hirugarren zailtasun handiena, Confebasken arabera: jarrera edo interes falta (%42).

Langabezia handiaren eta interes falta horren arteko kontraesanari buruz galdetuta, Roberto Larrañaga patronaleko buruak argudiatu zuen enpresek langile «proaktiboak» bilatzen dituztela, «enpresaren proiektuarekin konprometituta daudenak».

Zailtasunen artean, eskainitako lan baldintzak ere gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira. Hala, enpresen %20k onartu dute eskainitako soldatak ez dituela asebetetzen hautagaien nahiak. Orain dela bi urte egin zen pareko azterketan baino sei puntu gehiago dira.

Soldaten egoerari buruz galdetuta, Larrañagak argudiatu zuen hazten ari direla, LHK Lan Harremanen Kontseiluak argitaratutako datuetan oinarrituta. Indarrean dauden hitzarmenetan, batez beste adostutako ordain igoera %1,6 da. Aurtengo lehen bi hilabeteetan sinatu direnetan %1,9 da hazkundea, baina 29.000 langileri eragiten diote soilik, baldintzak lan hitzarmen baten arabera finkatuta dutenen %5 inguru.

Lanpostu kualifikatuak

2020. urtera bitarte sortzea espero den 100.000 lanpostu horietatik gehienak, hamarretik zazpi, hazkunde ekonomikoaren ondorio izango dira, eta gainerakoek zahartzeak eta erretiroek eragindako belaunaldi txandaketari erantzungo diote.

Ulertu behar da 100.000 lanpostu horiek ez direla enplegu garbia izango. Hau da, ez direla 100.000 lanpostu gehiago sortuko. 2018. urterako aurreikuspenean, esaterako, 30.000 pertsona kontratatu beharko direla kalkulatu dute, baina soilik erdia izango dira lanpostu berri garbiak. Gainerako erdian, 8.900 erretiroen ordezkapenak izango dira, eta beste 5.900 itxiera edo kaleratzeen ondorioz galduko dira.

Patronalak azpimarratu du kontratazio horien ia erdia mugagabea izango dela, eta horretatik, ia dena, lanaldi osokoa. Halaber, patronalak kualifikazioaren beharrari buruz ohartarazi du. Inkestaren arabera, lanpostuen %48k Lanbide Heziketako ertain edo goi mailako zikloak eskatuko dituzte, eta beste %28k, unibertsitate mailako ikasketak, bereziki ingeniariak.

Nola da posible enpresen kualifikazio behar hori eta aldi berean hilero zerbitzuak izatea kontratazioari bultza egiten dion sektorea? Inkestari erantzun dioten enpresen artean industriakoen presentzia «esanguratsua» dela argudiatu du Confebaskek. Horrek azal dezake, halaber, inkestak kalkulatu duen enpleguaren %60k produkzioarekin, muntaketarekin eta mantenuarekin zerikusia izatea.

Atzo, azterketaren aurkezpenak bat egin zuen Eusko Jaurlaritzaren eta Confebasken arteko lankidetza itun bat sinatzeko ekitaldiarekin. Atzoko irudiak agerian utzi zuen Urkulluren gobernuaren eta patronalaren arteko sintonia, soldaten igoerari buruzko iritziak iritzi. Urkulluk ere ez zuen aukera galdu, eta esker ona agertu zien publikoki Lehendakaritzara agertutako patronaleko buruzagiei.

Bete beharreko lanpostuen azterketan oinarrituta dago lankidetza ituna. Lan eskaintza bat bera ere bete gabe gera ez dadin bideratzea du helburu. Jaurlaritza eta Confebask bost alorretan ariko dira elkarlanean: lan bitartekaritza eta prospekzioa; gazte enplegua; krisian dauden enpresetan lana galtzeko arriskua duten langileei beste nonbait lana bilatzea; enplegurako prestakuntza; eta enpleguaren kalitatea nahiz emakumeen aktibazioa. «Aukera dugu nahi gabeko partzialtasuna murrizteko eta lanaldia handitzeko, baita emakumeen artean ere», Urkullu lehendakariaren hitzetan.

Akordioa sinatuta, gobernuak eta patronalak lan batzordeak martxan jarriko dituzte esparru bakoitzari jarraipena egiteko, ordezkaritza erdibana banatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.