Antxoa gutxiago harrapatuko dute egunero, kuota arinegi ez agortzeko

Egunean, gehienez, 8.000 kilo antxoa arrantzatuko dituzte Kantauriar kostaldeko ontzirik handienek, eta 6.000 kilo txikienek. Ostiraletan ez dute antxoarik salduko lonjetan, prezioak ez hondoratzeko

Arrantzaleak Getariako portuan lanean, joan den martxoan, antxoa porturatu eta gero. JON FERNANDEZ.
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Atzodanik, euren buruari muga jarri diote Kantauriar itsasoko portuetako arrantzaleek. Itsasoan antxoa asko dago: kostera ireki zutenetik, martxoaren 1etik, 15.000 tona arrantzatu dituzte. Gehiegi, baldin eta kostera ekainaren amaierara arte luzatu nahi badute. Harrapaketak doazen erritmoan, aste gutxian kuota agortuko dutenez, mugak jartzea adostu dute Galiziako, Asturiasko, Kantabriako eta Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek. Helburu bikoitza du prebentzio eta kontrol neurriak, antxoa sasoia ahal bezainbeste luzatzeaz gain, bermatu egin nahi baitute gutxieneko prezio bat lonjetako salmentetan.

Kantauriar kostaldeko kofradia guztien artean erabaki dute eguneroko antxoa harrapaketa kopuruari muga jartzea: inguraketako arrantzontzi handiek —dozena bat arrantzaletik gorakoek—, eguneko, gehienez ere 8.000 kilo antxoa harrapatuko dituzte, eta gainontzeko arrantzontziek, eguneko, 6.000 kilo asko jota. «Antxoa kontsumoa oso azkar doa, eta kupoa jaitsi behar dugu ontzidia aktibo mantenduahal izateko», argudiatu du Miguel Fernandezek, Kantabriako Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidenteak.

Baina eguneroko kupoa mugatzea ez da adostutako neurri bakarra. Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioko presidenteak BERRIAri azaldu dionez, beste bi neurri ere badira indarrean atzodanik. Batetik, portuetan bandera egingo dute ostiraletan: hau da, lonjetan ez dute antxoarik salduko barikuetan. Eta, bestetik, ez dute harrapatuko kiloa 2,45 eurotik behera balio duen antxoarik, «itsasontziak tamaina handiko antxoa arrantzatzera bultzatzeko».

Elduaienek dioenez, sektorearen kezka da ontziak geldirik geratzea kupoa arinegi agortzeagatik, eta tamaina txikiegiko antxoa asko harrapatzeak salmenta prezioa hondoratzea. Joan den astean tamaina handiagoko arraina sartu zen mendebaldetik, eta itxaropena daukate kontserba fabriken gustuko tamaina handiko antxoak nagusituko direla hemendik aurrera.

Dena dela, itsasoan, bat eta bat ia inoiz ez dira bi. «Lehorrean, neurriak hartzea erraza da, baina, azkenean, itsasoak berak hartzen digu beti neurria», adierazi du Elduaienek. Eta ohartarazi du hiru neurriok adostu dituztela orain, baina alda daitezkeela datozen asteetan, harrapaketen martxaren arabera.

Biomasa datu onak

Guztira, antxoatarako, 29.700 tonako kupoa daukate Kantauriar itsasoko ontziek, Bruselak iazko abenduan egindako banaketaren arabera. Kontua da itsasoan antxoa asko ari direla aurkitzen, eta dagoeneko 15.000 tona porturatu dituztela, horietatik ia 9.000 tona Bizkaiko eta Gipuzkoako kaietan.

Hau da, aurtengo antxoaren %60 euskal portuetan saldu dute, baina horrek ez du esan nahi euskal ontziek arrantzatu dituztenik harrapaketen %60, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan kanpoko itsasontzi askok porturatzen baitute antxoa. Bizkaian eta Gipuzkoan lehorreratutako antxoaren %43 Ondarroan saltzen da, eta %30 Getarian. Hondarribia da portu nagusietan hirugarrena antxoatarako, baina dezenteko tartearekin (%17).

Ez da nobedadea arrantzaleek prebentzio neurriak hartzea kostera luzatzeko, aurreko urteetan ere egin izan baitute, baina aurtengoan espero baino lehen hartu dute harrapaketak mugatzeko erabakia. Berdelaren itsasaldia motza izan zen, eta ez dute nahi gauza bera gertatzerik antxoarenarekin. 11.000 tona berdel arrantzatu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasontziek aurten, eta, batez beste, 0,97 euroan saldu dute kiloa.

Azti-Tecnaliaren arabera, antxoa gaztearen biomasa 2003az geroztik neurtutako mailarik handienean dago: 725.000 tonatan. Eusko Jaurlaritzak, hil hasieran, «ontzat» jo zuen antxoaren kanpaina hasiera. Bittor Oroz Arrantza sailburuordeak Getariako Antxoa Egunean nabarmendu zuen aurten dagoeneko 8.000 tonatik gora antxoa porturatu direla, kiloko batez beste 1,42 euroko prezioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.