Botiken banaketa robotizatuko du Novaltiak Zamudioko pabiloi berrian

Europako teknologia aurreratuena izango du farmaziako produktuen banaketaz arduratzen den talde kooperatiboaren eraikin berriak. Egunero 300.000 unitate banatzeko gai izango da
Novaltia Zamudion eraikitzen ari den pabiloiaren lehen harria jartzeko ekitaldia egin zuten atzo.
Novaltia Zamudion eraikitzen ari den pabiloiaren lehen harria jartzeko ekitaldia egin zuten atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko ekainak 12
Europako aurreratuena, eta munduko hirugarrena. Zabaldu aurretik handienen pare jarri dute euren pabiloi berria Novaltiako arduradunek. Farmazia banaketarako instalazio berria eraikitzen ari dira Zamudion (Bizkaia), eta atzo lehen harria jartzeko ekitaldi instituzionala egin zuten eraikina egingo den orubean. Puntako teknologia izango du eraikin berriak, eta banaketa egiteko prozesuaren %98 robotizatuta egongo dela aurreratu zuen Fernando Castillo kooperatibako zuzendari nagusiaren arabera.

Egun Bizkaiko banaketak egiteko gunea Zaratamon dauka Novaltiak, eta, pabiloi berriarekin, prozesuak azkartuko ditu kooperatiba taldeak. Castillok azaldu zuenez, banaketa prozesuan denbora aurreztuko dute: 12,5 minutu beharko ditu logistika azpiegitura berriak eskaerak prozesatzeko. Horrek guztiak banaketa «modu eraginkorragoan» egitea ekarriko du.

Prozesuak azkartuko diren arren, egun Zaratamon daukaten langile kopuru berarekin jarraituko du Novaltiak datorren urtean zabalduko duen eraikin berrian. 60 langile dituzte egun Zaratamon, eta pabiloi berrira joango dira horiek denak. «Langile kopuru berarekin merkatu zati handiago bat irabaztea espero dugu», azaldu zuen Castillok. Gaur egun Novaltiak 650 laborategirekin egiten du lan, eta 1.000 banaketa tokietara iristen da. Horietatik 400 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Farmazietako produktuak banatzeaz arduratzen den talde kooperatiboak Gasteizen duen banaketa guneaz gain, Zaragozan eta Calatayuden (Espainia) ere presente dago. Hala ere, bere indargunea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauka, bertako merkatuaren %30 menperatzen baitu. Eraikin berriarekin, ahalmen hori handitzea espero dute, eta, horretarako, 11 milioi euroko inbertsioa egin dute. Lau milioi, eraikina eraikitzeko, eta sei, teknologia eta berrikuntzan sakontzeko.

30.000 erreferentzia orduero

Eraikin berriak izango duen ahalmena handia izango da, Castilloren arabera. Egunean 10.000 eskaerei aurre egiteko gai izango da BIM teknologiari esker, eta egunean farmazia arloko 300.000 erreferentzia saltzeko ahalmena edukiko du. Farmazia bakoitzeko hiru eskaera jaso ahal izango dituzte eguneko, eta, ahalmen betean dagoenean, orduko 30.000 unitate hornitzeko ahalmena eskainiko dio Novaltiari. Hori guztia, gainera, egungoa baino denbora tarte txikiagoan. Horregatik espero dute merkatuaren zati bat irabazteko aukera emango diola eraikinak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna