NBEk AEBak salatu ditu, Israeli Gazako erasoaldian laguntzeagatik

Giza Eskubideen goi mandatariaren ustez, Washingtonek ez du behar adina egin Tel Aviv gelditzeko, eta armak saltzea aurpegiratu dio.

'Berun urtua'-ren tamaina gainditua du 'Hegi Babesgarria operazioa'-k
Haur bat Israelgo armadak bonbardatutako autobus baten ondoan, atzo, Gaza hirian.
Haur bat Israelgo armadak bonbardatutako autobus baten ondoan, atzo, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko abuztuak 1
NBE Nazio Batuen Erakundeak ezohiko kritika egin diete AEBei. Gazaren aurkako erasoaldia dela eta, Navi Pillay Giza Eskubideen goi mandatariak Washington kritikatu du Israelekin daukan harremanarengatik. Zehazki, Pillayri salagarria iruditu zaio Hegi babesgarria operazioa hasi zenetik AEBek Israeli armak saldu izana, eta Washingtoni leporatu dio behar bertze ez egitea erasoaldia geldiarazteko. «AEBen betebeharra da egoera normalean nazioarteko legea betetzea, baina baita orain ere, nazioarteko giza legea ezarri beharko litzatekeenean». Israeli, berriz, gerra krimenak egitea leporatu dio, baina Pillayren kritikek ez dute eraginik izan. Izan ere, AEBek jakinarazi dute munizio gehiago eman berri diotela Israeli, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak berriz erran du erasoan segituko dutela. Biktima kopuruan eta denboran, Hegi Babesgarria-k jada gainditu du 2008-2009ko Berun urtua operazioa-ren tamaina.

Hilabete falta du Pillayk Giza Eskubideen goi mandatari kargua uzteko. Genevan (Suitza) egin zuen agerraldia atzo, bi astero egin ohi duen bezala. Ohikoa izan ez dena, baina, AEBak kritikatzea izan da israeldarren eta palestinarren arteko gatazkan daukaten jarrerarengatik. «AEBek Israeli Gazan erabiltzeko artilleria astuna saltzeaz gain, ia 1.000 milioi dolar [750 milioi euro] gastatu dituzte zibil israeldarrak suzirietatik babesteko. Gazako zibilek ez daukate halako babesik».

Pillayren ustez, Washingtonek Tel Aviven duen eraginagatik gehiago egin beharko luke «heriotzak geldiarazteko», baina pasibotasuna ez dio leporatu horregatik bakarrik. «AEBek gehiago egin beharko lukete okupatutako lurraldeen blokeoarekin bukatzeko. Gehiago egin beharko lukete kokalekuak bukatzeko. Oroit dezagun blokeoa eta kokalekuak gaitzesteko ebazpen guztien aurka ematen dutela botoa AEBek Giza Eskubideen Kontseiluan eta Segurtasun Kontseiluan». Pillayk erran du «munduarekin bat» egiten duela Gazaren aurkako erasoa gaitzesteko, «bereziki zibilen hilketak».

AEBen kritika xumeak

Israelek erasoak gogortu eta gero eta zibil gehiago hil ahala, AEBen deserosotasuna areagotzen ari da, diplomazia arloan, behinik behin. Nahiz eta xumeak izan, AEBetako ordezkariek ezohiko kritikak egin dizkiote Israeli azken egunotan, baina ongi kalkulatutako anbiguotasun batekin, Israelekiko zuzeneko erreferentziak eta akusazioak saihestuta. Atzo, Josh Earnest Etxe Zuriko bozeramaileak pixka bat gehiago gogortu zituen kritika horiek, eta adierazi zuen «zalantza gutxi» dituztela baieztatzeko Israelek egin ziola tiro UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko eskola bati, herenegun—hamasei errefuxiatu hil zituen—. «Indarkeriatik ihesi doazen zibil errugabeentzat babesleku den NBEren eskola bati tiro egitea ezin da onargarria eta ezin da defendatu». Defentsa Departamentuak, berriz, ohar batean adierazi du Israelek hildako zibilen kopurua «handiegia» dela, eta horiek babesteko neurri gehiago hartzea eskatu dio.

Deserosotasuna, kritika xumeak, baina politika aldaketarik ez. Washingtonen eta Tel Aviven akordioetako baten arabera, Israelek «larrialdi egoera» batean munizio gehiago berehala saltzeko eska diezaieke AEBei. «AEBek konpromiso bat daukate Israelen segurtasunarekin, eta berebiziko garrantzia dauka AEBen interes nazionalarentzat Israeli laguntzea defentsarako gaitasun indartsu eta bizkor bat lortzen», adierazi du Estatu Departamentuko bozeramaile Jack Kirbyk.

Gutxienez, 1.420 hildako

«Badirudi Israel nahita ari dela nazioarteko betebeharren aurka egiten. Ez genuke inpunitate hori onartu beharko», adierazi zuen atzo Pillayk. Netanyahuk, ordea, Hamasen tunelak suntsitu arte erasoan jarraituko duela erran du, «su-etenarekin edo su-etenik gabe bada ere». Atzo bertze 16.000 erreserbista mobilizatu zituen armadak. Gazako herritarrak sarraskitzen etenik gabe jarraitu dute militarrek, eta, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, eguna bukatzerako gutxienez 65 ziren hildakoak; uztailaren 8tik, 1.420 baino gehiago. Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko buruak «giza hondamendiko eremu» izendatu du Gaza, eta nazioarteari eskatu dio giza laguntza berehala bidaltzeko. Israelek 2007tik lurraldea blokeatuta dauka, ordea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna