FARCek eta Kolonbiako Gobernuak biktimen auziari heldu diote Habanan

Hauteskundeen osteko lehen bake elkarrizketa sailari ekin diote.

Biktima taldeak ere Habanara bildu dira bi ordezkaritzekin hitz egiteko.

Elkarrizketak oztopatzeko saialdiak salatu ditu FARCek
FARCeko buru Ivan Marquez eta Jesus Santrich, atzo, Habanan.
FARCeko buru Ivan Marquez eta Jesus Santrich, atzo, Habanan. ALEJANDRO ERNESTO / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abuztuak 13
Kolonbiako Gobernuko eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileko ordezkariek Habanan ekin diote gatazka armatua amaitze aldera adostutako bake elkarrizketen laugarren bilera sailari. Bost egingo dituzte guztira. Gai irristakorra dute hizpide: biktimen aitortza eta erreparazioa. 50 urte baino gehiago irauten duen gatazkak 220.000 pertsona hil ditu, 25.000 desagerrarazi, eta 5,7 milioi iheslari eta 27.000 bahitu, Memoria Historikoaren Zentroaren datuen arabera. Badu beste berezitasun bat elkarrizketa sail horrek: biktima taldeak Kubako hiriburura bilduko dira, bi aldeen ordezkaritzekin hitz egiteko. Elkarrizketa horien helburua da gerrillek, paramilitarrek eta Estatuak eginiko krimenak onartzea, eta nork bere gain hartzea dagozkion erantzukizunak. Bide horretan, negoziazio mahaiak ohartarazi du ez dituztela «zigorgabetasunak trukatuko».

Biktima talde batzuek negoziazio mahaian parte hartuko dute, bi aldeek haien ikuspegiaren berri zuzenean izan dezaten. Aste hauetan eginiko biktimen foroetan, hamahiru puntuko idatzi batean laburbildu dituzte beren eskakizunak. NBE Nazio Batuen Erakundeak eta UN Unibertsitate Nazionaleko Pentsamenduaren Zentroak antolatu dituzte ekitaldiok, negoziazio mahaiak eskatuta. 3.200 biktimak baino gehiagok parte hartu dute.

«Biktimen auzia oso garrantzitsua da, kolonbiar guztion arteko adiskidetzerako gakoak emango baitizkigu». FARCek herritar guztiei dei egin diete, «gorroto eta mendeku sentimenduak atzean utzi» eta adiskidetzerako prestatzeko. «Denok umiltasunez jardun beharko dugu, besteari entzun eta barkatzeko», azaldu du gerrillaren buruzagi eta negoziatzaile Luciano Marin Arango Ivan Marquez-ek.

Horretaz gain, gerrillak ohartarazi du Kolonbian «lege amaraun» bat zabaltzen ari dela. 2012an Kolonbiako Kongresuak onartutako legea gogor kritikatu du FARCek. Duela gutxi, Auzitegi Konstituzionalak epai batekin berretsi zuen legebiltzarraren erabakia. Lege horren arabera, genozidioagatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik kondenatu dituztenek ezingo dute politikan parte hartu.

«Lege hori ez dator bat Habanan eraikitzen ari garen ikuspegiarekin. Arautu nahi dituen kontuak ez ditugu eztabaidatu negoziazio mahaian», azaldu du Marquezek. «Lege gaiztakeria» deritzo epaiari, Habanako elkarrizketak «indargabetzen» dituelakoan.

Kolonbiako Gobernuaren ordezkari Humberto de la Callek ez du adierazpenik egin nahi izan Habanara iristean. Juan Manuel Santos presidenteak kargua hartu zuen igandean, eta FARC gerrillarentzako hitzak izan zituen: «Kolonbiarren pazientzia agortzen ari da. Ohartarazita zaudete. Bakea nahi du Kolonbiak».

ELNrekin hartu-emanak

Ernesto Samper Kolonbiako presidente ohiaren eta Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasuneko idazkari nagusiaren arabera, bake elkarrizketak «osoak» izateko beharrezkoa da ELN Nazio Askapenerako Armada gerrillak parte hartzea. Samper baikor agertu da Ekuadorren ELNko ordezkariek eta Kolonbiako Gobernukoek izandako lehen hartu-emanen inguruan.

Timoleon Jimenez FARCeko komandanteak zaila ikusten du ELN Habanako elkarrizketetara batzea: «Santos presidenteak haiekin hitz egiteko aukera galdu zuen. Orain, gure prozesura batu edo beste bat eratu beharko dute; baina zaila da, guk akordio batzuk lortu ditugu-eta, eta beste batzuk azkar etorriko dira», adierazi du FARCen webgunean argitaratutako elkarrizketan.

Jimenezek dio negoziazioek luze joko dutela, urte honetan ez dela amaituko prozesua, epeek ematen ez dutelako. «Noski, denok nahi genuke lehenbailehen amaitzea, baina zintzotasunez hitz egin behar dugu». Izan ere, konplexuak dira eztabaidatzeko geratzen diren auziak. «Kontuan hartu behar da ez direla errazak izango armak uztearen eta bi aldeetako su-etenaren akordioak».

Gerrillaren aurkako operazio militarren inguruan ere hitz egin du komandanteak. «Ez dugu onartuko zuzendaritzako beste kide baten heriotza, arrazoi naturalengatik ez bada».

Kolonbiako bake prozesua 27. zikloan sartu da. Aurreko hiru puntuetan akordio batzuk lortu dituzte. Lurrak eta nekazaritza garapena; politikan parte hartzea; eta drogak eta legez kanpoko landatzeak dira agendaren lehen puntuak. Azkenekoan, desarmatzea izango dute eztabaidagai. Hilaren 21ean, negoziazio mahaiak Gatazkaren Historia Batzordea eratuko du. Alde biek proposatutako adituek osatuko dute batzordea, eta mende erdia iraun duen gatazkaren jatorria eta arrazoiak zehaztuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna