2011tik lehen aldiz langabezia tasa %15etik jaitsi da Euskal Herrian

Aurreko hiruhilekoan baino 16.300 langabe gutxiago daude.Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile kopuruan ez datoz bat INE eta Eustat; multzoa txikitu egin dela dio batek, eta handitu, besteak

Arnaitz Lasarte.
2015eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Aurreko hiruhilekoan baino 16.300 langabe gutxiago daude Euskal Herrian: 219.000. Langabezia tasa ere jaitsi egin da. Lau urtean lehen aldiz %15 baino txikiagoa da: %14,9, duela urtebete baino 0,8 puntu txikiagoa. INEk atzo zabaldutako datuen arabera, 202.800 lagun daude lanik gabe Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Horiei batu behar zaizkie Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan dauden 16.300 langabeak. Gaindegiak eman du datu hori, Inseeren eta Pole Emploiren datuetan oinarrituta. Hori bai, urteko lehen hiruhilekoari dagokiona. INEren datuen ordez, Araban, Bizkaian eta GipuzkoanEustaten datuak hartuz gero kontuan, 6.700 langabe gutxiago leudeke Euskal Herrian: 212.400—langabezia tasa, %14,2—.

INEren datuen arabera, azken hiruhilekoan langabezia tasa 3,4 puntu jaitsi da Araban (%19tik %15,5era) eta beste 3,1 puntu Nafarroan (%15,7tik %12,6ra). Iturri horren arabera, soilik Gipuzkoan igo da (%13,7tik %14,6ra): martxoaren amaieratik ekainaren amaierara 3.100 langabe gehiago zenbatu ditu lurralde horretan. Datu horrek ez dut bat egiten herenegun Eustatek jakinarazitakoarekin. Haren arabera, bigarren hiruhilekoan aurrekoan baino 1.100 langabe gutxiago zeuden.

Bizkaiak du langabezia tasarik handiena, %17,3tik %17ra jaitsi den arren. Langabezia tasa txikienak Ipar Euskal Herrian daude: %11,8 Lapurdin, %6,8 Zuberoan eta %6,1 Nafarroa Beherean.

Langabezia tasak duela bi urte jo zuen goia Euskal Herrian. 2013ko bigarren hiruhilekoan %16,5 zen, eta geroztik, beheranzko bidea hartu du. Iaz hiruhileko horretan %16tik behera kokatu zen, eta orain, 2011tik lehen aldiz %15etik behera. Hala ere, urruti daude krisialdi aurreko zenbakiak. 2010eko datuekin alderatuta, adibidez, 5 puntu gorago dago oraindik.

Beheranzko joera berretsi du Europako Batasunarekiko konparazioak ere. Azken hiruhilekoan Euskal Herriko eta Europako Batasun osoko langabezia tasen arteko aldea 0,4 puntu murriztu da. Hala ere, Euskal Herriko langabezia 5,3 puntu handiagoa da oraindik: %14,9 hemen eta %9,6 EBn. Oso herrialde gutxik dute Euskal Herrikoa baino tasa handiagoa: Greziak (%25,5), Espainiak (%22,4), Kataluniak (%19,1), Kroaziak (%25,7) eta Ziprek (%15,3). Alemaniak eta Norvegiak dira txikiena dutenak; %4,8 eta %4,4, hurrenez hurren.

Langile kopuruan aldea

INEk eta Eustaten datuek, orokorrean, bat egiten dute bi ideia nagusietan:langabe gutxiago daude, eta langile gehiago. Xehetasunetan, ordea, dezenteko aldea dago bien artean. Langile kopuruan, batez ere. INEren arabera, 1.131.900 lagun daude lanean Hego Euskal Herrian, urte hasieran baino 3.400 gehiago, baina iaz baino 900 gutxiago.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei banan-banan erreparatuz gero, ordea, oso datu desberdinak ematen dituzte INEk eta Eustatek. Espainiako estatistika erakundeak 5.700 langile gutxiago zenbatu ditu Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan (864.600 guztira), eta 8.400 gehiago Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundeak (999.300 guztira).

Hiru lurralde horietan, INEk atzeman duen okupatuen jaitsiera biztanleria aktiboaren murrizketarekin dago lotuta. INEk dio azken hiruhilekoan 12.500 lagun murriztu dela lan egiteko moduan daudenen kopurua.

INEren arabera, iaz garai berean baino 6.200 langile gutxiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, iaz baino 5.300 gehiago. Harrigarri samarra da Nafarroan azken hiruhilekoan izandako igoera; martxo amaieran baino 9.100 behargin gehiago zenbatu ditu Espainiako estatistika erakundeak.

Sindikatuak, ezkor

ELAren esanetan, INEren datuek Euskal Herriko egoera «larria» erakusten dute: «Langabezia handia da oraindik, eta aldi baterako enpleguen eta enplegu partzialen igoera izugarria ari da izaten». ELAk uste du ezartzen diren politikek ez dutela enplegurik sortzen, eta egiten diren kontratu berriak, gainera, «baldintza txarragoetan» egiten direla.

Antzeko kritika egin du LABek ere, uste baitu INEren datuek baieztatzen dutela «behin-behineko kontratuen bidez» sortzen dutela enplegua erakundeek, eta «ez kalitatezko enplegu finkoa sustatuz».

CCOO ere ezkor agertu da datuen aurrean. Sindikatuaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan enpleguaren «prekarizazioa» gero eta handiagoa da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari «inplikazio» gehiago eskatu dio, neurriak hartzerakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.