Dominionek tamaina handituko du burtsaratzean lortu duen diruarekin

Merkatuan ia %6 galduta hasi du bere ibilbidea Cie Automotive taldeko filial teknologikoak. «Euskal multinazional txikia» bihurtu nahi dute enpresa. Mila milioiko salmentak espero dituzte lau urte barru

Mikel Barandiaran eta Anton Pradera Dominioneko kontseilari ordezkaria eta presidentea, eta Manuel Ardanza Bilboko burtsako burua. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Bilbo
2016ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Ez dira asko burtsan kotizatzeko urratsa egiten duten euskal enpresak. Pauso hori zergatik eman duen argi du behintzat bidea hartu duen azkenak. Dominion enpresaren helburua haztea da, eta horretara bideratuko du inbertitzaileek akzioak erosita fidatu dioten ekarpen ekonomikoa. Lau urtean enpresaren fakturazioa bikoiztu nahi dute, mila milioi eurotik gora jartzeko.

Cie Automotive enpresa bizkaitarraren filiala da Dominion. Enpresei zerbitzu eta irtenbide teknologikoak eskaintzen dizkie, digitalizazioan oinarrituta. Big data-ren aroan informazioa edozein prozesu hobetzeko gakoa izango den uste sendoaren gainean eraikitako konpainia da. Dagoeneko, 28 herrialdetan 1.000 bezero ditu, eta joan den urtean, 525 milioi euroren salmentak eta 18 milioi euro garbiren irabaziak izan zituen. 5.000 langile baino gehiago ditu, guztira.

Inbertitzaile instituzionalei —ez zaio publiko orokorrari akzioak eskaini— proiektua banan-banan azaltzen aritu dira Dominioneko arduradunak azken egunotan. Ehun bat aurkezpen egin dituzte, eta 71k parte hartzea erabaki dute. Jabetzaren %35 jarri dute salgai, eta jatorriko akziodunek eutsiko diote zeukatenari. «Zuzendariek ez dute ihes egin. Hemen ez da ezer amaitu. Aldiz, etorkizuna duen proiektua gara, anbizio handikoa», ziurtatu du Anton Pradera Cie Automotiveko eta Dominioneko presidenteak.

Akzioak 2,6 eta 3,2 euro arteko prezioan negoziatu dituzte jaulkipenaz arduratu diren finantza bitartekariek. Azkenean, 2,74 eurotan jarri dituzte salgai, prezioaren azpiko tartean. Horrek ez ditu enpresako arduradunak kezkatzen. Eragiketaren bidez 150 milioi lortzea zen hasieratik helburua, eta bete egin dute.

Prezio horrek esan nahi du enpresari 300 milioiko balioa aitortu diotela inbertitzaileek, eta 450 milioi euroko kapitalizazio batekin sartu da merkatura, Tubacex eta Tubos Reunidosek baturik duten balioa.

Diru horrekin zer egingo den argi du zuzendaritzak. Heren bat —50 milioi euro— enpresaren balantzea indartzeko erabiliko dute. Zorpetze maila eramangarria dutela uste dute, baina kaudimena hobetzea lehenetsi dute. «Ezin da hitz egin gaur egun munduan hazkundeari buruz kaudimenik gabe. Kaudimena da oinarria», justifikatu du Praderak.

Hiru enpresa jomugan

Gainerako dirua —100 milioi— beste enpresa batzuk erosteko eta barneratzeko erabiliko dituzte. Jadanik hiru dituztela jomugan aurreratu dute. Hiruren artean 180 milioi euroko fakturazioa gehituko liokete Dominionen negozioari. Sektore edo prozesu zehatzak menperatzen dituzten enpresa txikiak ere erakarri nahi dituzte. «Euskal multinazional txikia» bihurtu nahi dute, Praderaren definizioari jarraituz.

Estreinaldia egiteko Bilboko burtsaren egoitza aukeratu zuen Dominionek. Ohiturak agintzen duenez, kanpaia jotzerakoan—kanpaina digitala, kasu honetan— hasi zen enpresa merkatuan kotizatzen, Global Dominion Access izenpean. Lehenbiziko egunean ez zuen zorte handirik izan inbertitzaileen artean, eta %5 galduta amaitu zuen saioa. Eragiketa gidatu duten bankuek akzioen %15 gorde dituzte, eta horiek erabiltzeko aukera dute prezioa egonkortzeko datozen egunotan.

Salmenta eginda, jabetzari eutsiko dio Cie Automotivek, akzioen %50 pasatxo kontrolatuta. Beste %15 inbertitzaile hurbilen eta zuzendaritzako kideen eskuetan dago. Azkenik, %35 burtsan salerosiko da. Erosle nagusiak «Espainiako inbertsio funts handiak» izan direla jakinarazi du enpresak. Gerora begira enpresak lortutako emaitzen heren bat dibidenduan ordaintzeko aukera aurreikusi dute.

Dominion 1998. urtean sortu zuen Cie Automotivek, esparru teknologikoan lan egiteko. Funtsean, informazio bilketaren eta digitalizazioaren bidez kostuak gutxitzeko eta eraginkortasuna handitzeko moduak bilatzen dizkie bezeroei. Telekomunikazio enpresekin hasi zen, baina ondoren, industriara egin du jauzi, batez ere jardueran beroa erabiltzen duten enpresei ingeniaritza irtenbideak eskainita. Azkenaldian, energia berriztagarrien alorrean ere sartu da. Enpresaren egitura eta negozioa bera «oso dibertsifikatua» dela azpimarratu dute. Fakturazioaren heren bat lortzen dute Hego Euskal Herrian eta Espainian, eta gainerakoa oso sakabanatuta dago.

Iaz atera zen burtsara euskal enpresa bat azken aldiz. Euskaltel izan zen, zuzendaritzako kideei emandako gainsariei buruzko polemika handi baten erdian. Iberdrolaren berriztagarri filiala kenduta, 2000. urtean zegoen Euskaltelen aurrekoa: Gamesa. Aurten beste bat gehitu liteke, Aernnova aeronautika enpresak asmoa baitu burtsara ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.