Hamabost milioi eta erdi langabe

Eurogunean, langabeziak beherantz jarraitzen du, baina otsailetik martxorako jaitsiera apala izan da. Euroaren eremuan, langabezia tasa %9,5 da. Europako Batasuneko tasa %8ra murriztu da

Irune Lasa -

2017ko maiatzak 3
Krisiaren okerrena pasatu delako adostasuna gero eta handiagoa dela eta hazkunde ekonomikoak erritmoari eusten diola, eurogunean, hamabost milioi eta erdi lagun zeuden langabezian joan den martxoan. Aurreko hilabetean baino 5.000 langabe gutxiago zenbatu ditu Eurostatek, eta, kopuru txiki horren ondorioz, langabezia tasan ez da aldaketarik izan: tasa %9,5ean gelditu da. Urtebeteko bilakaeran, ordea, aldaketa ikusten da euroguneko langabezia tasan, 2016. urteko martxoan %10,2 baitzen; ordutik, 991.000 langabe gutxiago daude euroaren herrialdeetan.

Europako Batasuneko 28 herrialdeak kontuan hartzen dituen datuan bai, hor izan da jaitsiera, apala bada ere: %8,1etik %8ra jaitsi da otsailetik martxora; Eurostatek 56.000 langabe gutxiago zenbatu ditu martxoan: 19.716.000. Urte arteko aldaketari erreparatuz, 2016ko martxoan baino 1.647.000 langabe gutxiago zeuden Batasunean, eta langabezia tasa %8,7tik %8ra apaldu da.

Batasuneko 28 herrialdeetatik 23tan egin du behera langabezia tasak urtebetean, eta bitan —Frantzian eta Austrian— ez da izan aldaketarik. Langabeziak gora egin du Danimarkan —%6tik %6,2ra—, Italian —%11,5etik %11,7ra— eta Lituanian —%8tik %8,1era—. Urtebetean langabezian jaitsierarik handiena izan duten herrialdeak honako hauek dira: Kroazia, %14tik %11,3ra; Portugal, %12tik %9,8ra; Espainia, %20,3tik %18,2ra; eta Irlanda %8,3tik %6,4ra.

Oraindik ere, Grezia eta Espainia dira, alde handiz, langabezia tasa handiena duten EBko herrialdeak: %23,5eko tasa du Greziak, eta %18,2koa Espainiak. Haien atzetik hurrengoak Zipre (%12,5) eta Italia dira (%11,7).

2,7 milioi langabe gazte

Eurostatek aipamen berezia egin ohi dio 25 urtez azpiko gazteen langabeziari. Eurogunean, 2,7 milioi gazte zeuden martxoan lanik gabe, duela urtebete baino 268.000 gazte gutxiago. Grezia eta Espainia dira gazteen langabezia tasa handienak dituzte herrialdeak: %48ko tasa Grezian, eta %40,5ekoa Espainia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna