Kontsultako parte hartzaileak puztea leporatu dio Caracasek oposizioari

Oposizioak plebiszituan 7 milioi pertsonak parte hartu dutela baieztatu du, eta %98k ezetza eman diola Konstituziogilearen gauzatzeari. Bi pertsona hil dira botoa eman dutenen aurkako tiroketan

Jendea, plebisziturako prestatu zituzten mahai batzuen inguruan, herenegun, Caracasen. CRISTIAN HERNANDEZ / EFE.
2017ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Venezuelako oposizioak Nicolas Maduro presidenteak hauspotutako Batzar Konstituziogilea arbuiatzeko galdeketa egin zuen, igandean. Oposizioaren esanetan, 7.186.170 pertsonak parte hartu zuten, eta %98k ezezkoa eman zioten Konstituziogilearen gauzatzeari. Jorge Rodriguez, Batzar Konstituziogilearen kanpainaburuak, ordea, ez ditu datuak onartu, eta oposizioari leporatu dio bost milioi boto asmatu izana. Rodriguezek ziurtatu du, galdeketan aholkulari tekniko bezala ibilitako Venezuelako Unibertsitate Nagusiko kideek jakinarazi ziotela zenbaketa lanetan aritu zirenek «plantilla bakoitza hirukoiztu zutela, eta pertsona berak mahai batean baino gehiagotan eman zuela botoa». Kanpainaburuak ondorioztatu zuen, 6,3 milioi horietatik, bi milioi baino ez zirela izan baiezko botoak.

Oposizioak, aldiz, «arrakastatzat» hartu du galdeketaren emaitza, eta «matematikoki Maduro jokoz kanpo» geratu dela adierazi du Julio Borges Venezuelako Parlamentuko presidenteak. Borgesek galdeketa «konfiantzaz eta txukuntasunez» egin zela azaldu du, eta bere herriaz harro agertu da: «Herriak oztopo guztiak gainditu ditu, eta ez inoiz izan ditugun baino mahai gutxiago izan ditugulako, baizik eta beldurrari, indarkeriari eta langile publikoek Gobernuaren aldetik jasotako mehatxuei aurre egin dielako». 2013an Maduro presidente egin zuten 7.587.579 botoetara ez diren iristen oposizioak emandako igandeko emaitzak, Borgesek herriaren gehiengoaren babesa duela aldarrikatu du: «Benetan pozgarria da igandean gertatu zena; gure herria inork ez duela menderatuko gogorarazten du». Horretaz gain, galdeketa eta gero, fase berri bat hasiko dela jakinarazi du: «Fase honetan atzo baiezkoa bozkatu zutenen arrazoien presioa, gorakada eta materializazioa etorriko da». Oposizioak 24 orduko grebara deitu du, ostegunerako.

Bere aldetik, Gobernuak Batzar Konstituziogilearen hauteskundeen simulakroa egin zuen. Saioa CNE Hauteskunde Batzorde Nazionalak antolatu zuen, uztailaren 30ean egingo den bozketa nola izango den frogatzeko; adibidez, erabiliko diren botoa emateko makinak frogatzeko. Jendetza hurbildu zen gobernuari babesa eman eta hautesleku bihurtu ziren eskoletan botoa ematera. «Ez zuen ematen hau gertatuko zenik, baina azkenean militantzia osoa mugitu da», esan zion hurbildu zen pertsona batek Eferi.

Eguna ez zen lasai eta baketsu iragan, ordea. Venezuelako Gatazka Sozialaren Behatokiak bi hildako eta lau zauritu egon zirela salatu du. Twitterren, erakundeak erasoa baieztatu du: «Talde paramilitarrek tirokatu egin dute, eta jendea Sucre kaleko El Carmen elizan ezkutatu da». Venezuelako Ministerio Publikoak Twitter bidez azaldu du «Xiomara Escoten heriotza eta hiru pertsonen zauritzea» aztertzen daudela.

Presidente ohien babesa

Nazioarteko agintariez gain, oposizioak egin zuen galdeketak Hego Ameriketako hainbat herrialdetako lehendakari ohien babesa ere izan zuen. Venezuelara gerturatu ziren, besteak beste, Andres Pastrana Kolonbiako presidente ohia, Miguel Angel Rodriguez Costa Ricakoa eta Vicente Fox Mexikokoa, guztiak alderdi kontserbatzaileetako buruzagiak. Zilegitasuna eman zioten galdeketari, eta gauza bera egitea eskatu zieten inguruko herrialdeetako gobernuei. Europako Batasunak esan du prozesua gelditzen ez bada, Venezuelari zigorren bat ezartzea aukera bat dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.