Tren adimendunen errailean

ETSk, Euskotrenek eta CAFek itun bi sinatu dituzte trenbide teknologian berrikuntza bultzatzeko. «Berrikuntza proiektu esportagarriak» lantzea eta probatzea da Jaurlaritzaren eta CAFen helburua
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenako sailburua eta Andres Arizkorreta CAFeko presidentea, atzo, Irunen.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenako sailburua eta Andres Arizkorreta CAFeko presidentea, atzo, Irunen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Jon Fernandez

2018ko urtarrilak 13
«Etorkizunerako garraiorako» ari dira prestatzen Euskotren, Euskal Trenbide Sarea (ETS) eta CAF. Eta badatorren etorkizuna zer-nolakoa izango den irudikatzen ere ausartu zen atzo Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburua: «Gero eta hurbilago dago gidaritza automatikoaren jokalekua». Hau da, gidaririk gabeko trenak martxan izango direla urte batzuk barru, oraindik zientzia fikzioa badirudi ere. Edonola ere, sektoreak argi dauka, etorkizuna ez eze, oraina ere puntako teknologian oinarritzen dela. Eta hain zuzen ere horregatik sinatu dituzte bi akordio Euskotrenek, ETSk eta CAFek: «trenbideko teknologian berrikuntza bultzatzeko», eta bide horretan erreferente bihurtzeko munduan.

Lankidetza publiko-pribatua da, erakunde publikoak baitira ETS eta Euskotren, eta pribatua, ostera, Beasaingo CAF trengilea, Gipuzkoako enpresa industrialik handiena. CAFek berak garatutako teknologia jarriko du, eta Euskotrenek hura praktikara eramateko azpiegitura eskainiko dio. Bi akordio sinatu dituzte: bata, CBTC sistema probatzeko, eta, bestea, tren digitala garatzeko.

CBTC sistemak trenen segurtasuna eta eraginkortasuna hobetuko ditu, zirkulazioaren kontrol adimendunari esker. Besteak beste, trenen abiadura kontrolatu daiteke, bihurguneetan gehiegizko abiada galarazteko. CAFen teknologia berria Bilboko metroaren 3. linean ezarriko dute. Europan eta munduan, gero eta eskari handiagoa dago maiztasun handiko sareetan —metroetan, batez ere— kudeaketa eta segurtasuna optimizatzeko. Kontua da azpiegiturak elkarbanatzen dituztela metroek eta distantzia ertaineko eta luzeko trenek, batez ere hirietako sarbideetan. Koordinazio lan handia eskatzen du horrek, eta jario hori modu adimentsuan kudeatzeko modua emango du CTBC sistemak.

Horrez gain, tren ezberdinek azpiegitura berberean sortzen duten zirkulazioaren kontrol sistemak bateragarria izan behar du Europako seinaleztapen estandarrarekin: ERTMSrekin. Bi sistemen bateragarritasuna da, hain zuzen ere, CTBCk dakarren berritasun nagusia.

Orain arte, kontrol adimenduneko sistemak bikoiztu egiten dituzte Europako hiri askotan, ERTMSrekin funtzionatu ahal izateko. Arazo horixe bera du Beasaingo konpainiak, esaterako, Istanbulen eta Londresen. Bikoizketa saihesteko, «jauzi teknologiko garrantzitsua» egin du CTBC sistemarekin, ERTMSrekin integratzea lortu baitu.

Sistema horren funtzionamendua probatuko du Bilboko metroaren 3. linean. Eta, gero, nazioartean saldu ahal izango du. Trenen eta tren sarearen segurtasuna, eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzeaz gain, beraz, merkatuan teknologia berrietan erreferente bihurtzeko nahia dago lankidetza publiko pribatuaren atzean. «Euskadi markari balio erantsia eman ahal izango dioten berrikuntza proiektu esportagrriak modu egokian gauzatu ahal izateko balio du», Tapiaren esanetan.

Mantentze kirurgikoa

Bigarren lankidetza akordioak tren digitala garatzea du ardatz. Zehazki, «mantentze lan prediktiboaren patroiak aztertzea» du helburu. Orain arte neurtzen ez diren elementuak nahi dituzte neurtu: trenaren piezetan sentsoreak jarri eta, big data-ren eta Interneten bidez, pieza bakoitzaren egoerari buruzko informazioa bildu une oro. Euskotrenen 900 eta 950 serieetako trenetan egingo dituzte probak.

Informazio jario erraldoia egoki kudeatuz gero, gerta daitezkeen arazoak aurretiaz detekta daitezke, teknikariek trena fisikoki aztertu behar izan barik, eta konponketa egiterakoan zuzenean arazora jo. Bi hitzetan, mantentze kirurgikoa egin nahi dute etorkizunean. Horrek, gainera, mantentze lanak txikituko dizkie trenen erosleei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna