Ia 2.000 kontratu irregular aldarazi ditu Lan Ikuskaritzak 2017. urtean

Jaurlaritzak aldarazitako kontraturik gehienak behin-behinekoak ziren, eta behin betiko bihurtu dira. Lan Ikuskaritzak 37.000 ikerketa egin zituen iaz. Zortzi milioi euroren zigorrak ezarri dituzte

Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburua, irudiaren erdian, 2017ko Lan Ikuskaritza aurkezteko agerraldira bidean, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iosu Alberdi.
2018ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak 37.000 ikerketa baino gehiago egin zituen iaz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 15.000 kontratu inguru ikertu. Horietatik ia 2.000 aldatu behar izan dituzte enpresek, irregulartasunengatik, behin-behineko kontratu zirenak behin betiko bihurtu, edo partzialak oso. Horri Gizarte Segurantzan egoniko 2.686 altak gehitu behar zaizkio. Hala azpimarratu zuen Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesus San Josek, atzo, 2017ko Lan Ikuskaritzaren ikerketen aurkezpenean.

Likidazio espedienteek, eginiko aldaketen ondorio direnek, 31 milioi euro eragin dituzte. San Josek azaldu duenez, beste zortzi milioi euro ere bildu ditu Lan Ikuskaritzak, enpresei jarritako isunen bidez. Izan ere, 1.873 arau-hauste aurkitu dituzte inspektoreek. Sailburuak «oso positibotzat» jo ditu aurkikuntza horiek.

Eginiko 37.129 ikerketen %55 Gizarte Segurantzari lotutakoak izan dira —20.259—. Bestalde, segurtasunari eta osasunari, lan harremanei eta enpleguari lotutakoak ere egin dituzte. Ikerketekin bi arazo nagusitan zentratu direla azaldu zuen San Josek, eta 2018ko kanpainaren ardatz nagusiak ere horiek izango dira: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea, eta kontratuetan iruzurra eragoztea.

Genero berdintasuna sustatzeko ikerketen artean, berdintasun planen eta neurrien kontrolerako, eta neurri horiek betetzen diren ikuskatzeko 94 ikuskapen egin dituzte. Horien artean zigor bakarra ezarri dute, baina hamalau zuzenketa errekerimendu egin dituzte, araudietara egokitzeko. «Haurdun dauden edo bereziki sentiberak izan daitezkeen» langileen segurtasun kontrola izan da alor horretako beste zutabe nagusia ikertzaileentzat, eta 61 ikerketa egin dituzte. Eremu horretan jarri dute berdintasunaren arloan ezarritako beste zigorra. San Joseren esanetan, «berdintasun legeak betetzea eta soldata arrailarekin amaitzea dira helburuak», eta, horretarako, ostalaritzan jarriko dute foku nagusia, batez ere, garbiketa lanetan, «sektore feminizatua baita». Horretarako Emakunderekin elkarlanean jarraituko duela adierazi du, eta sindikatuekin eta patronalekin biltzeko asmoa duela azaldu.

Bide batez, ikuskatzaileen lanaren zati bat planifikatua dela azaldu zuen Lan Ikuskaritzako zuzendariorde Iciar Gonzalezek. Halere, norbanakoen eta sindikatuen salaketei lehentasuna eman dietela adierazi du San Jose sailburuak.

Iruzurraren aurka

Ikerketa horietan behin-behineko kontratuen gaineko iruzurrak eta kontratu partzialak aztertzeari ere garrantzi berezia eman diote. Iruzurrak ikertzeko garaian, 310 ikuskapen egin dituzte, eta 4.000 kontratutik gora aztertu. Ikerketen ondorioz, bederatzi zigor espediente ireki dituzte, eta 115 zuzenketa errekerimendu egin.

Lanaldi osora iristen ez diren 2.708 kontratu ere aztertu zituzten iaz, 1.201 ikerketa eginez, gehienak zerbitzu sektorean. Kasu horietan, zigor espediente gehiago ireki dituzte, 37 guztira, eta 101 zuzenketa errekerimendu egin dituzte ikuskatzaileek. Enpresa horiek legez kanpoko kontratuak zuzentzera behartu ditu Eusko Jaurlaritzak, 1.979 guztira. Gehienak behin-behineko kontratuen iruzurrari lotuak izan dira, Gonzalezen arabera. Kopurua bikoiztu egin da 2016ko datuekin alderatuta, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Jon Azkuek azaldu zuenez, eta azpimarratu zuen «esfortzuak zentratu izana» dagoela horren atzean.

Lan istripuak ere ikertu ditu Jaurlaritzak, eta 167 zigor dosier ireki dituzte istripu horiekin edo lanak eragindako gaixotasunekin lotuta, eta 295 zuzenketa errekerimendu egin dituzte. Zigor espedienteen artean hemeretzi izan dira heriotza eragin duten istripuei edo istripu oso larriei lotutakoak. Gonzalezek azaldu zuen urte osoan gertatzen diren «istripu guztiak» ikuskatzen direla, neurriak eta zigorrak ezartzeko. Oso larrien kasuan, ikerketa «berehala» egiten dutela azaldu zuen:«Urtean 365 egun eta 24 ordu daude guardiako ikuskatzaileak. Gainontzekoetan, berriz, txandaka adjudikatzen dira».

Lan gaixotasunekin lotuta, amiantoarekin lotutako 141 ikerketa egin dituzte, eta, horietan, bina arau hauste eta errekerimendu egin dituzte. Amiantoarekin kontaktuan egoteagatik arriskuan dauden enpresetan are ikerketa gehiago egin dituzte, 669 guztira, eta hiru arau hauste aurkitu dituzte.

Lantokietako segurtasun baldintzei dagokionez ere, 1.869 ikerketa egin dituzte, eta araudia errespetatzeko errekerimendu kopurua nabarmena izan da, 744. Arau hausteak ere 84 izan dira alor horretan. Lan baldintzen kontrolerako ere 944 ikerketa egin zituzten iaz, eta 37 enpresa zigortu arau hausteengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.