Katalunia

Bide posibilista bat urratzen

ERC eta JxC inbestidura eta gobernu plana adostear dira. Espainiako Estatuaren jazarpena dela medio, Puigdemont ez da presidente izango.Subiranistak gerra psikologikoari eusteko prest daude.

Carles Puigdemont joan den urriaren 21ean, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart aske uzteko Bartzelonan egindako manifestazioan. ENRIC FONTCUBERTA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu subiranistak planteatutako auzia judizialki konpontzen ari da Espainiako Estatua. Horrek alderdi humanoari dagokionez jada eragin dituen kostu pertsonalek hankaz gora jarri dituzte ERC eta JxC Junts Per Catalunya indar subiranista nagusien asmoak, eta agerian utzi ditu bien arteko sakoneko desadostasunak. Kontuan hartu behar da, gainera, Kataluniako administrazioaren jabe dela Madril joan den azarotik, Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpenaren ondorioz. Hainbat komunikabidek bi indarretako iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, inbestiduraren, gobernu planaren eta datozen urteetarako bide orriaren formula adostear dira JxC eta ERC, eta ondorengo egunetan emango dute horren berri. Azken mugimenduen arabera, bide posibilista bat urratzear daude.

Espero da berritasunik; bai, behintzat, biek azken asteotan jendaurrean adierazi izan dutena aintzat hartuta. Izan ere, Espainiako Estatuaren estrategia mehatxatzailea eta jazartzailea dela medio, Generalitateko presidente «eraginkor» izateari uko egingo dio Carles Puigdemont presio judizialaren ondorioz Belgikara behartuta erbesteratutakoak, Madrilek inposatutako abenduaren 21eko hauteskundeak igarota bera izan arren Kataluniako Parlamentuak presidentetzarako proposatutako hautagai bakarra. Daukan legitimitatea zalantzan jarri gabe, baina Puigdemont baztertzea defendatzen dute, berez, ERCk eta PDeCATek, ikusitakoak ikusita, haren inbestidura ahaleginak kale itsu batera eramango luke-eta prozesu subiranista. Errepublika E larriarekin eraikitzen hasi beharrean, bide posibilista bat urratu nahi dute errepublikanoek eta convergenteek, pragmatikotasunez jokatu, 155.aren mamua uxatu eta instituzioak berreskuratu, inputazio gehiago saiheste aldera. Itxura denez, negoziazioetan tesi hori nagusitu da.

Filtratu denez, Jordi Sanchez (JxC) izango da presidentegaia. Kontua da kartzelan dagoela urritik, eta ikusteko dagoela Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak inbestidura saiora joatea baimenduko liokeen. Diputatu akta izanagatik, ez zion utzi parlamentuaren osaketa saiora joaten. Jordi Turull (JxC) ere aipatzen dute hautagai moduan. Ikerketapean dago Kataluniako prozesu subiranistaren kausaren barruan. Madrilek planteatutako gerra psikologikoari eutsi nahi diote subiranistek, ordea, eta haien intentzioa da ikerketapean dauden pertsonak izendatzea presidentetzarako, modu horretan Espainiako Estatuaren jarrera agerian uzteko—Europako gobernu bakar batek ere ez du erreakzionatu—. Ikusteko dago, gainera, zer gertatuko den Puigdemontekin, Bruselatik ahalmen exekutiboa eduki nahi baitu. ERCk zalantzak ditu, Madrilek, gainera, ikerketapean daudenak inhabilitatzeko intentzioa duelako.

Roger Torrent (ERC) parlamentuko presidenteak argi utzi zuen urtarrilaren 30ean, JxCk eta CUPek nahi zutenaren kontrara Puigdemonten inbestidura saioa atzeratu zuenean, presidentetza «eraginkor bat» nahi zuela. Eta Puigdemont, oraintxe, ez da «eraginkorra». ERCk uste du «kausa judizialetatik» libre behar duela hurrengo presidenteak.

JxCk adierazi izan du Puigdemont inbestitu eta horren ondorioak, erantzukizun penalak, onartzeko prest dagoela —70 diputatu independentistetatik 30 inguruk babesten dute bide hori—. ERCk erantzun izan dio horrek ez duela zentzurik, errepublikarako bide orririk zehaztu ezean. Planaren xehetasunik ez dute eman oraingoz. Atzo filtratu zuten gobernu berriko kontseilaritzak eta idazkaritzak erdibana nola egin eztabaidatzen ari direla.

Bi alderdiek haien arteko «arazo emozional bat» dute, Agusti Alcoberro ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteordearen esanetan. Ideologikoki antagonikoak ez dira, baina azken urteotan bidelagun bihurtu dituen prozesu subiranista bera alde batera utzita, ez dituzte gauza askorik partekatzen. Argi ikusi ahal izan da hori azken hilabeteotan, Madrilen jazarpenak ezezaguna zitzaien egoera batean jarri baititu.

Ez zuten espero Espainiako Estatuak makineria judiziala bete-betean martxan jarriz erantzungo zuenik, eta pausoa aldatuta harrapatu zituen erreferenduma baino lehenago. JxCk publikoki dio egun hartan eta bozetan herriak agindutakoa errespetatu behar dela, eta ERCk aurpegiratzen dio ez zuela independentzia aldarrikapenaren ondorenerako planik.

Eta 155.arekin zer?

Hain zuzen, Espainiako Estatuaren estrategiak behartu ditu plan hori negoziatzera, erreferendumera arteko estrategia egokitzera. Eta elkarrizketarako baldintzak ez dira egokienak. Oriol Junqueras ERCren burua eta Sanchez, espetxean; Puigdemont, erbestean... Madril, bitartean, gobernua osatu dezaten estutuz, eta horretarako mehatxuak erabiliz; kasurako, Kataluniako murgiltze eredua kentzea aztertzen ari dela. Behartuta, baina nahi ez zuten bide bat ibiltzen hasi dira subiranistak.

Horien artean badira, dena den, pentsatzen dutenak presidentegaia Puigdemont ez den beste edonor izanda ere Madrilek exijituko diola errepublikari uko egin diezaiola. Espainiako Gobernuak, berriz, dio 155.a «behar beste» luzatuko duela...

Geroz eta gutxiago dira eustera, Madrilen erabakiak desobeditzera deitzen dutenak. Erreferendumaren bueltan eta politikariak zein Jordi-ak kartzelatu zituztenean gertatu ziren protesta nagusiak. Aurreko Kataluniako Parlamentuak erabaki zuenean independentzia aldarrikapena ez gauzatzea, esaterako, ez zen mugimendurik izan, eta, nekea dela eta, inbestidura saioko eguneko mobilizazioak ez zuen irailean eta urrian egindakoek besteko jendetzarik bildu.

ANCk orain bi aste iragarri zuen ondorio penalei aurre egiteko prest zegoela, eta mobilizazioetara deituko zuela bozkatutako presidentea inbestitzen ez bazuten. Aste honetan atzera egin du, nolabait. Alcoberrok nabarmendu du behar dela, batetik, «autonomia kudeatu», eta, bestetik, errepublika «inplementatuz joan». Madrilen jarrera kontuan hartuta, bide hori ibiltzeko hautua egin dute subiranistek, gerra psikologikoari uko egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.