Itsasoko egitura eolikoen Europako lantegi handienetakoa ireki dute

Haizea Windek lantegia zabaldu du Bilboko portuan, eta espero dute 300 lanpostu berri sortuko dituela 2020. urterako. Arduradunek diote euskal industria eolikoari bultzada emango diola

Haizea Wind enpresak Bilboko Portuan zabaldu duen lantegiaren irudi bat, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Zierbena
2018ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Europako handienetarikoa. Hitz horrek garbi erakuts dezake Bilboko portuan zabaldu berri duten Haizea Wind lantegiaren neurria. Datuek, ordea, benetako tamainaren erretratu zehatzagoa eskaintzen dute: kilometro erdiko luzera, 30 metroko garaiera eta 77.000 metro koadroduen eraikin industriala inauguratu zuten atzo. Eta lantegiak halako neurriak ditu bertan ekoitziko diren egitura eolikoak ere handiak direlako. Itsasoan jarriko diren haize errotentzako dorreak egingo dituzte bertan, eta egitura handienek 100 metroko luzera eta 10,5 metroko diametroa izango dute. Halako piezak errepidez garraiatzeko izan ditzaketen zailtasunek bultzatu dute lantegia Bilboko portuan jartzera.

Negozio berria «etorkizunekoa» izango den sektore batera bideratuta dagoela azaldu zuen atzoko ekitaldian Damaso Quintana Haizea Wind enpresako administrazio kontseiluko presidenteak. Fabrika joan den astetik dago martxan, eta, gaur-gaurkoz, 50 langile ari dira beharrean. Quintanak aurreratu du 300 behargin ere izango dituela Haizea Wind ekoizpen betean dagoenean. Espero du 2020. urtean iristea egoera horretara.

Haizea Wind industria talde bat da, eta hamabi bazkide dauzka. Lantegia errealitate bihurtzeko, 60 milioi euroko inbertsioa egin du industria talde horrek eta erakunde publikoek. Hau da, egitasmo publiko-pribatu bat izan da. Bilboko portuak 17,5 milioi euro jarri ditu industria eraikina egiteko, eta 35 urteko kontzesioa egin dio enpresari. Eusko Jaurlaritzak, berriz, hamar milioi euroko ekarpena egin du Ekarpen funtsaren bidez. Egindako ekarpen ekonomikoak, ordea, itzulera izango du enplegu eta fakturazioari begiratuz gero. Ekoizpen betean dagoen urteetan, Haizea Windeko lantegiak 100 edo 160 milioi euroko fakturazioa izan dezake.

Lantegiaren inaugurazioan agintari politiko ugari egon ziren, eta horien artean zegoen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Hitza hartu zuenean, itsasoko energia eolikoak nazioartean duen dimentsioa azpimarratu zuen, eta gogora ekarri zuen «Euskadi sektore horretan puntan» dagoela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 100 enpresa daude energia eolikora bideratuta, eta urtean 7.000 milioi euroko fakturazioa lortzen dute. Horregatik, Haizea Wind lantegiak sektorea bultzatzeko balioko duela esan zuen.

Siemensekin elkarlanean

Gaur-gaurkoz, lantegia bolada onean hasi dela ere esan daiteke, urte osorako lan karga daukatelako. Itsasoko parke eolikoetarako dorreen egiturak egiten hasi dira, eta, esperientzia lortu ahala,offshore industriarako beste osagai batzuk ekoitziko dituzte. Siemens Gamesak Bilboko portuan duen biltegiaren ondoan zabaldu dute industria eraikin berria, eta Quintanak azaldu zuen elkarlanean arituko direla. Enpresak nazioartean zabaltzeko asmoa du: Argentinan badute lantegi bat, eta Saudi Arabian beste bat zabaldu nahi dute aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.