EBk doktrina irauli du, legezkotzat joz kalte-ordain ezberdinen araua

2016an, Luxenburgok baztertzailetzat jo zuen Espainiako legedia, lan kontratuen arabera kalte-ordain ezberdinak aurreikusten dituelako. Orain, adierazi du «arrazoizkoa» dela bereizketa

Europako Justizia Auzitegiko epaileak, Luxenburgoko epaitegian, artxiboko irudi batean. JULIEN WARNAND / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Duela bi urte ebatzitakoaren kontrakoa defendatu du orain Europako Justizia Auzitegiak. 2016ko irailean baztertzailetzat jo zuen Espainiako legedia, kontratu motaren arabera bereizten duelako langileek kalte-ordaina jasotzeko daukaten eskubidea. Atzo, aldiz, justifikatu egin zuen Espainiako legediaren bereizketa, argudiatuz «arrazoi objektiboak» daudela kalte-ordain ezberdinak emateko kontratu motaren arabera. 2016an ezarritako doktrina, beraz, goitik behera aldatu du Luxenburgoko epaitegiak.

Gaur egun, Espainiako legediaren arabera, Hego Euskal Herrian kontratu mugagabea daukatenek lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea daukate kaleratze objektiboa gertatzen baldin bada. Kaleratze objektibotzat hartzen da enpresak edo administrazioak, argudio moduan, arrazoi ekonomikoak, antolaketakoak, teknikoak edo produkziokoak aurkezten dituenean. Aldi baterako kontratua daukaten langileek, ostera, lan egindako urte bakoitzeko hamabi eguneko kalte-ordaina jaso dezakete. Ordezkapen eta bitarteko kontratudunek, berriz, ez daukate eskubiderik kalte-ordainik jasotzeko.

Bi ebazpen eman zituen atzo epaitegiak, orain arteko doktrina irauli dutenak: batak Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak igorritako zalantza bati erantzuten dio, eta besteak, Madrilgo Gizarte Arloko 33. epaitegiari.

Galiziako epaitegiaren zalantza errelebo kontratu baten ingurukoa da. Langilearen Estatutuaren arabera, enpresariaren esku dago erabakitzea errelebo kontratuarekin egiten den kontratu berria mugagabea ala aldi baterako den. Lehenak hogei eguneko kalte ordaina izango luke; bigarrenak, hamabi egunekoa. Bereizketa horretaz galdetu dio Luxenburgori, eta hark erantzun dio Langile Estatutuak aurreikusten duen kalte-ordain bakoitzaren helburu zehatza «arrazoi objektiboa» dela kontratu bakoitzari kalte-ordain jakin bat ezartzeko.

Kalte-ordainen helburua

Europako justiziak argudiatu du aldi baterako kontratua sinatzerakoan bi aldeek badakitela noiz amaituko den kontratua edo, behintzat, zerk ekar dezakeen kontratuaren amaiera; aldiz, kontratu mugagabea daukaten langileen kasuan, kontratu amaiera «aurreikusi gabeko zirkunstantziek» eragiten dute.

Hain zuzen ere, Luxenburgoren arabera, «lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko kalte-ordaina ordaintzearen arrazoia da langile horri konpentsatzea lan harremana ustekabean hautsi izana».

Atzo argitaratutako bigarren epaia Madrilgo epaitegiaren galderari dagokio. Kasu horretan, bitarteko kontratuen ingurukoa da duda. Izan ere, kontratu mugagabedun langileak hogei eguneko kalte-ordaina jasotzen du kaleratze objektiboa bada, eta bitarteko kontratua daukanak ez du ezer kobratzen.

Bereizketa hori ez doa Europako legediaren kontra, Luxenburgoren iritziz. Esplikatu du Espainiako legediak kalte-ordainik ez diola aurreikusi bitarteko kontratuari, «aldi batez lanpostu bat betzeko kontratua delako, lanpostuaren behin betiko hautagai aukeratzeko hautaketa edo promozio aldirako». Era berean, azaldu du ez daukala kalte-ordainik, «soil-soilik, iraupen jakin bateko kontratu batek ez daukalako eraginik etorkizunean, adostutako amaiera iristen denean».

'Diego Porras auzia'

Orain kontrakoa badio ere, Luxenburgoko epaitegiak 2016an zioen «langile batek bere zerbitzuak behin-behineko ordezko kontratu baten arabera eman izana ez dela arrazoi objektibo bat hari kalte-ordain eskubidea ukatzea justifikatzeko».

Diego Porrasauzia izan zen 2016ko irailean Espainiako lan legedia ezbaian jarri zuena. Espainiako Defentsa Ministerioan bederatzi urtez liberatu sindikal baten ordezko kontratua izan zuen Ana de Diego Porras langilearen kasuari erantzun zion orduan Luxenburgok. 2012an, Mariano Rajoyren lan erreformaren ondorioz liberatu sindikalen kopurua nabarmen apaldu zenean, lanposturik gabe geratu zen Diego Porras, eta kalte-ordainik gabe kaleratu zuten. Auzitara jo zuen, eta Madrilgo Justizia Auzitegiak Europako Justizia Auzitegira helarazi zuen kasua. Luxenburgok baztertzailetzat jo zuen orduan, orain antzeko kasu birekin esandakoaren kontra.

Diego Porras auziak ezarritako doktrinaren harira, beste hamahiru kasu bideratu dituzte Espainiako epaitegiek Luxenburgora. Atzoko epaiak ikusirik, badirudi norabide berriari eutsiko diola aurrerantzean. Euskal sindikatuak azken bi epaien xehetasunak aztertzen ari dira, EBko justiziaren doktrina aldaketak Hego Euskal Herrian zer ondorio izan ditzakeen aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.